Arrasateko EH Bilduk ekitaldia egin du gaur arratsaldean herritarrei kirol arloan dituzten proposamenak helarazteko. Eneko Fernandez zinegotzi ohiak eman ditu azalpen gehienak, baina lagun izan ditu Nerea Hernandez –EH Bilduko zerrendako hirugarren hautagaia– eta Fernando Okina –zerrendako laugarrena, eta kirol gaietako ordezkari izango dena–.
Eneko Fernandezek Kirol Plan Estrategikoan jasotako behar nagusiak hartu ditu hizpide. Horien artean aipatu ditu berdintasun arloko egoera "penagarria" –Arrasateko emakumeek gizonezkoek baino kirol gutxiago egiten dutela aipatu du–, Musakolako Kiroldegian oinarritutako sistema zentralizatua, kiroldegitik kanpo egiten diren kirolen arreta falta, eskaintza ez dela egokitzen joera demografikoetara –hirugarren adinekoentzat eskaintza falta– edo Kiroldegia egoera zaharkituan egotea. "Guzti hori ez du arkitekto batek konponduko. Parte hartze prozesu bat planteatzen dugu klubekin, erabiltzaileekin, gazteekin, hirugarren adinekoekin... denen artean arazo horiei buelta emateko".
Kritikatu du lanketa hori egiteko Udal Gobernuak ez duela Kirol Kontseilua erabili; kirol klubak, kirol egokitua, erretiratuak eta erabiltzaileak biltzen dituen organo kontsultiboa, hain zuzen. "Plan estrategikoko arazoak zuzenean pasatu dizkiote arkitekto bati, protagonistekin eztabaidatu gabe".
Kirol eskaintza Musakolako eraikinean ez zentralizatzeko, kirol sare baten beharra nabarmendu dute. Arrasateko auzoetako biztanleek etxetik gertu kirola egiteko aukerak izateko hainbat proposamen egin dituzte. Iturripen, adibidez, bigarren kantxa bat eta gimnasio bat egiteko prest azaldu dira, eta "akaso, baita, igerileku bat ere". "Era horretan Erguineko, Uribeko edo San Andreseko biztanleek eskurago izango dute kirola egiteko aukera. Uarkapeko adibideak erakutsi du, baliabideak hurbilduz gero, jendeak erantzun egiten duela" azaldu du Fernandezek.
Iturripekoaz gain, beste inbertsio hauek ere planteatu ditu "deszentralizazioa" lortzeko: Txaetako etxeetan dagoen Udalaren lokal batean "osasun gimnasioa bat" –batez ere adindunentzako–, Txaetan ere bizikletentzako eta skate zaleentzako pista bat, Makatzenan kalean gimnasia egiteko makina batzuk, San Andresen gimnasio bat –Polmetasako etxe berrietan–, Maiatzaren 1a Plazan boulder txiki bat eta Musakolan parkourra egiteko gune bat. "Iturripe kenduta, inbertsio hauek ez lirateke 1.500.000 eurotara iritsiko".
Kirolzaletasuna herrian hedatzeko, ekipamendu arruntez gain, naturguneak balioan jartzea, eta bidegorri sareari lehentasuna ematearen beharra ere azpimarratu dute.
Abonu sistema progresiboa
Nerea Hernandezek azaldu du kiroldegiko kuota finkoa kendu nahi dutela, diru-sarreren araberako kuota progresibo bategatik. "Errenta aitorpenean dauden tramoen antzerako sistema baten bidez, diru sarreren araberako kuotak ezarri nahi ditugu. Langabezian daudenen edo pentsio baxuak dituztenen kirola egiteko aukerak handitu nahi ditugu. Lan asko dago egiteko, baina EH Bilduko lan taldean ilusioa eta gogoa daukagu" azaldu du Hernandezek.
Eneko Fernandezek azaldu du EAEn biztanleko abonatu kopurua %39koa dela, eta Arrasaten, aldiz, %24koa. Neurri honekin abonatu kopurua handiagotzea lor daitekeela ere azaldu du.
Aurreproiektuari buruzko iritzia
Galde eta eskeen tartean, Gobernuak aurkeztu duen aurreproiektuari buruzko zein iritzi duten galdetu du entzuleetako batek. Eneko Fernandezek aitortu, "ilusionatzeko modukoa" iruditu zitzaiola hasiera baten, baina hutsune asko dituela. "Kirol arloko lau gerenterekin aztertu dut aurreproiektua, eta denek diote jasangarri bezala saldu duten horrek, mantenu gastu handiak eragingo dituela. Kristalezko eta egurrezko estruktura ugari ditu, eta horrek mantenu gastuek gora egitea eragingo dute. Sabai berdeena ere ez dute bideragarri ikusten. Lehen, Europan oso hedatua zegoen tendentzia hori, baina jada ez dira egiten, arazo iturri izaten direlako".
Tenis eta padel kantxak Antoña alboan kokatzea ere ez du begiz onez ikusi. "15 urte dituzten egitura horiek guztiz bota, eta berriz egin nahi dituzte, soilik, Antoñari itsatsita egon daitezen. Irabazten den espazioarekin 600 metroko hall bat eta kantxa bat irabazten dituzte. Guretzako ez dira beharrezkoak, eta xahutzen den diru horrekin Iturripen egin nahi dugun hobekuntza ordaindu daiteke". Aurreproeiktuaren kostuari buruz ere honakoa esan du: "24 milioi BEZ gabe kostatuko dela esan dute, baina 30-35 miloi kosta ditzake BEZarekin, ekipamenduarekin, eta Gipuzkoa kaleko 47 eta 49 atarteetako etxebizitzen desjabetzeekin".