Segurtasunaren egoera gaur egun
Arrasateko EH Bilduk dio lau urte hauetan Udal Gobernuak ez duela herriko segurtasuna zaindu eta horren adibide direla urte hauetan gai honen harira hartutako erabakiak, besteak beste, Udaltzainak gaueko zerbitzutik kentzea eta laister lantaldea Udaltzainburu gabe gelditzea. Gainera, hilabeteko batez bestekoaren datuak honakoak direla adierazi du Morrasek: "Bost lapurreta eta lau eraso". Era horretan, Morrasek honakoa adierazi du: "Delitua egitea itxaron gabe, prebentzioan oinarritutako erabakiak hartu behar ditugu".
EH Bilduren hiru proposamenak
Udaltzain komunitarioaren ideia litzateke auzo bakoitzak bere udaltzaina izatea, auzoaren egoera eta bertako bizilagunak ezagutuko dituena. Horrez gain, Morrasek udaltzaingoaren lantaldea handitzeko beharra ikusten du. Gainera, udaltzainen taldeak Arrasate ezagutu beharko du eta asmoa lan poltsa bat zabaltzea da eta kasu horretan, bailarakoei emango zaie lehentasuna.
Bitartekaritza zerbitzua martxan jartzeko beharra ere ikusten du Arrasateko EH Bilduk. Morrasek adierazi du, zerbitzu honen helburua, gatazkak, liskarrak eta delituak ekiditea dela. Horretarako, Udal langileei bitartekaritza sistemaren inguruko formakuntza ematea da asmoa.
Azkenik, eskuhartze komunitarioaren inguruko hausnarketa egin behar dela aipatu du Morrasek. Horretarako ezinbestekoa izango da Udala eta herriko eragileak elkartzea eta prebentzioaren inguruko azterketa bat egitea.