Udaltzainak, giza baliabide eske

Xabi Gorostidi 2019ko mar. 29a, 19:23

Eroski inguruan udaltzainek jarritako pankarta.

"Oso larritzat" jotzen dute egoera, lan-poltsak agortuta daudelako eta lantalde murriztuekin lan egiten dabiltzalako. Urritik hona "udaltzain bakarra" heldu dela diote, eta, besteak beste, bost erretiratze eta iraupen luzeko baja bi izan dira tarte horretan.

Arrasateko Udaltzaingoan giza baliabide falta dago. Halaxe jakinarazi dute Enpresa Batzordeak eta Erne sindikatuak, eta pasa den astean bertan Udal Gobernuak "gabezia" dagoela onartu zuen, azken hilabetean izandako delinkuentzia gorakadari buruz egin zuten agerraldian. Egoera horren harira, esperientzia handia duten eta udaltzainen ordezkaritza sindikalean dabiltzan bi udaltzainekin elkartu da GOIENA, bizi duten egoera ezagutzeko.

Lan-poltsak, hutsik

Udaltzain premia dagoen bakoitzean, Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren lan-poltsa bateratuetara jotzen du Udalak: bai postu finkoetarako –2017ko martxoan hala erabaki zutelako– eta, berriki, aldi baterako postuetarako ere bai. Baina bi poltsa horiek hutsik daude orain.

Edozelan ere, urtarrilaren 2an 1449/2018 errege-dekretua jarri zen martxan, udaltzainek 60 urterekin erretiroa hartzea ahalbidetzen duena, eta udaltzain premia handia eragin du EAE osoan. "Poltsak aspalditik daude agortuta, eta udaltzainak ekartzeko zailtasun handiak izan ditugu hasieratik. Poltsa bateratuaren egoera hain da larria, momentu honetan azterketa gainditu ez duten hautagaiak bidaltzen ari dira", dio elkarrizketatutako udaltzainetako batek.

Bospasei plaza bete gabe

"32 agenteko lantalde finkoa du Udaltzaingoak –30 udaltzain, udaltzainburuordea eta udaltzainburua–, baina une honetan bospasei lanpostu finko ditugu estali gabe. Urritik hona udaltzain bakarra etorri da, eta tarte horretan bost erretiratze eta iraupen luzeko bi baja izan ditugu" dio besteak.

Horrek esan nahi du, asko jota, 26-27 agente ari direla lanean une honetan, eta horri unean uneko baja tenporalak gehitu behar zaizkio: aitatasunak –azken asteetan lau izan dituzte–, zaintzarako lanaldi murriztuak –bi dira une honetan–, gaixotasunak, oporraldiak eta epaitegira lekuko gisa joan behar duten agenteak.

Gaueko txandan arazo gehien

"2017 bukaeran berregituraketa bat egin zuen Udal Gobernuak, goizeko eta arratsaldeko lantaldeetan udaltzain bat gehiago egoteko eta garabi zerbitzua emateko. Horren eraginez, gaueko lantaldeak seikoak izatetik bostekoak izatera pasa ziren: bostekoak, asko jota; eta hirukoak, gutxienez. Baina bajak estaltzeko ditugun zailtasunekin, askotan aritu izan gara hiruko taldeekin eta baita bikoekin ere. Udaltzain bakar bat izatera ere heldu gara behin; ez txanda oso batean, baina ia-ia".

"Gaueko lantaldea bostekoa, berez; baina azkenaldian hirukoa edo bikoa izaten ari da"

Egoera horretan lan egiteak hainbat zailtasun eta arrisku eragiten dituela aipatzen dute: "Hiru bagaude, patruila bakarra daukagu. Bi gauza aldi berean gertatuz gero, aukeratu egin behar dugu. Horrez gain, patruila bakarrarekin lapurrek une oro kontrolatzen dute non gauden. Eta bi bagaude, ezin dezakegu telefonoa hartu. Deiak mugikorretara desbidera daitezke, baina norbaitek eraso matxista baten berri emateko deitzen badu, eta Olandixoko tunelean bagaude, deia gal dezakegu".

Kriminalitateak gora egin du

Udaltzainek pertsonal gabezia duten une honetan, delitu gorakada izan da azken hilabetean. Baina bi agenteak bat datoz, eta gorakada azken urteetako kontua dela diote.

Bi udaltzainen ustez, Arrasatek, 40 agenteko lantaldea behar du

"Lehen, bi atxiloketa izaten genituen urteko, eta orain, aldiz, bost astean atxiloketa eta erdi izatera pasa gara. Azkenaldian, birritan mehatxatu naute; labana batekin eta botila apurtu batekin. Lehen, ez ziren horrelakoak gertatzen", dio udaltzainetako batek.

 

"Ez da Gobernuak saltzen duen oasia, baina ez da Bronx ere; ez gaitezen psikosian jausi", dio beste udaltzainak.

Eredu propioa eta suzko armak

Suzko armak erabiltzeko eskaera ofiziala egin zuen Iñaki Arriaga udaltzainburuak 2018ko otsailean. "Hau ez da eskari orokor bat; %50etik beherakoa da duen babes maila", dio batek. Bi udaltzainek, ordea, garbi dute konponbidea ez dagoela suzko armen erabileran, herriak behar duen "udaltzain eredua propioa" definitzean baizik. "Lehenik eta behin, Udaltzaingoaren funtzioak ondo finkatu behar dira, eta, behin hori eginda, dimentsionatu. Hau da: zenbat agente behar diren zehaztu".

"Suzko armen erabileraren kontua ez da eskari orokor bat; %50etik beherakoa da duen babes maila"

Kopuruari dagokionez, biek beharrezko ikusten dute, gutxienez, 40 agente izatea. Eredua zehazteko, ordea, alderdi politikoek arduraz eta eskuzabaltasunez jokatu behar dutela uste dute. "Ereduaz ari garenean, ez gara kopuruaz bakarrik ari: hautaketa prozesua –udal lan-poltsak edo bateratuak–, antolatzeko modua, suzko armen erabilera eta politika komunikatiboa ere hartzen ditu barne". Azken aspektu horrekin lotuta, biek diote Udal Gobernuak gertaerak "ez komunikatzearen" alde egiten duela, "herritarrak seguru sentitu daitezen". "Uste dute gertaerak ez badira prentsan azaltzen, ez direla existitzen. Baina gure ekintzen berri ematen ez badute, udaltzainok gara kaltetuak, herritarrengan ezer egiten ez dugun sentsazioa zabaltzen delako. Estereotipatu egiten gaituzte. Eskumen komunikatiboa nahiko genuke; Arrasateko Udaltzaingoaren Twitter kontu bat, adibidez". 

Neurri sindikal "potoloak", laster

Enpresa Batzordeak "legeak ahalbidetzen dizkien neurri guztiak" hartuko ditu Gobernuaren bi neurriren kontra: 2019ko lan deialdi publikoaren aurka –bost plazakoa da, eta euren ustez ez da nahikoa– eta LPZn udaltzainburu berria aukeratzeko egindako aldaketaren kontra."Egin berri duten aldaketa ertzain ofizialen mesederako da. Merituei dagokienez, 10 eta 0eko abantailarekin hasten dira, edozein udaltzainen aurrean. Hori gutxi ez, eta %5eko soldata igoera jarri diote udaltzainburuari –150 euro–, inori ezer kontsultatu gabe" dio udaltzainetako batek.

"2017an igo zieten azken aldiz soldata goi karguei; eta orain, berriz ere. Udaltzainok aspalditik gabiltza igoera bat eskatzen, kasu askotan brigadako langileen arrisku plus bera dugulako" dio besteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak