Amelia Tiganus: "Prostituzio-etxeetan abusurako objektu bat zara"

Amaia Zabala 2019ko mar. 29a, 14:00

Amelia Tiganusek (Galati, Errumania,1984) hitzaldia egingo du apirilaren 1ean, 19:00etan, Arrasateko Kulturateko areto nagusian, Ezker anitzak antolatuta.

Talde bortxaketa bat jasan zuen 13 urte zituela, eta, geroztik, hainbatetan errepikatu da ames-gaiztoa. Nerabe zela, Espainiara prostituitzera joatea proposatu zioten, bizitza konponduko ziotela esanez. Bost urte ibili zen prostituta, eta, gaur egun, prostituzioaren eta emakumezkoen salerosketaren aurkako ekintzailea da.

Prostituzio-etxeak kontzentrazio-esparruekin konparatu ohi dituzu; zergatik?

Prostituzio-etxeek gizatasuna kentzen dizute eta emakumeok erabilera eta abusurako objektu bihurtzen gaituzte. Besteek nahi duten modukoak izan eta jardun behar dugu. Horretaz gain, kontzentrazio-esparruetan bezala, hainbat diziplina daude dutxatzeko, jateko edo penetrazioaren tortura orduetan jasan dugun logela berean lo egiteko, esaterako. Humanitate guztia kentzen digute eta identitatea galtzeraino iristen gara; ondorioz, zail egiten zaigu geure burua izaki bezala ikustea.

Prostituziotik ateratzean, gizartearen babesik izan zenuen?

Erabateko isiltasunean eta diskrezio handiz atera nintzen; izan ere, hasiera batean, sekulako lotsa, kulpa eta kanpoko munduarekiko beldurra nituen. Ni jasotzeko prest ez zegoen eta gaia arinkeriaz tratatzen zuen gizarte bat topatu nuen. Prostituta izateagatik emakume txarra naizela zioen gizarte batekin hain zuzen. Baina, denborarekin, inguru lagungarri bat topatzeko zortea izan nuen, eta, lanketa baten ondoren, bizitzarekin berriro konektatzen hasi nintzen. Behin aktibista eginda, berriz, Feminicidio.net-eko kideen babes osoa izan nuen, eta haiei esker nago gaur nagoen lekuan.

Zergatik egin zinen aktibista?

Feminismoaren berri izan eta neure buruarekin adiskidetu ostean izan zen. Beldurraz, lotsaz eta errudun sentsazioaz liberatzean bihurtu nintzen aktibista. Ezin nintzen bakean bizi, jakinda nire istorioa mundu osoko milioika emakumeren eguneroko istorioa zela gizarteak beste aldera begiratzen zuen bitartean.

Zein dira prostituzioak eta salerosketak utzi dizkizun ondorio fisiko eta psikologikoak?

Fisikoki duela 12 urte atera nintzen, baina nik uste dut oraindik ere egunero irteten naizela pixka bat prostituziotik. Izan ere, bizitzarekiko eta emozioekiko deskonexioa osoa bizi izaten dugu eta pixkanaka ari naiz berreskuratzen. Bestalde, oraindik ere gauetan argia piztuta egiten dut lo, amesgaiztoekin esnatzen bainaiz, eta kosta egiten zait errealitatera bueltatzea; beraz, argia piztuta izanik, esnatu eta etxean nagoela ikusita eta ez putetxe batean edo beste edonon bortxatua izaten, bada, berehala lasaitzen nau.

Ze iritzi duzu prostituzioa legeztatzearen inguruan?

Gizarteak diskurtso proxeneta du orokorrean, eta, asmo onekin bada ere, ezjakintasunetik hitz egiten dute. Ondorioz, beste herrialde batzuetan frogatu diren eta funtzionatu ez duten irtenbideak proposatzen dituzte. Prostituzioaren legeztatzea, esaterako, beste herrialde batzuetan frogatu dute dagoeneko eta argi ikusi da ez dituela emakumeen bizi baldintzak hobetu; proxenetak enpresa-gizon bihurtu ditu eta herrialde horietako putazaleek jaso duten mezua izan da guztiz legitimoa dela eurekiko inongo desiorik ez duten emakumeei baginatik, ahotik eta uzkitik zakila sartzea. Gizartean mezu hau zabaltzen den bitartean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea ezinezkoa da.

Zer esango zenioke putazale bati?

Putetxeetara joateari berehala uzteko. Giza erreboluzio erraldoi bat sortzen ari gara eta putazaleek ikusezin eta legitimo izateari utziko diote berehala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak