Profesionala, plurala, konprometitua eta herria sentitu egiten duena, herrian bizi delako eta herrirako bizi delako". Halaxe definitu du zerrenda alkategaiak.
Martxoaren 23tik 24rako asteburuan bilkideek egindako bozketarekin amaitu dute urrian hasi zuten hauteskunde prozesua. "Bide luzea eta emankorra izan da, gardentasunez eta ardura handiz egindakoa, eta komunitate gisa indartu gaituena".
Morrasek azaldu duenez, zerrenda guztiari eman diote garrantzia, lehenengotik 24.eraino. "Esfortzu eta gogo berarekin aritu gara zerrendako pertsona bakoitza aukeratzen. Herriko jende onena batzen saiatu gara, herriari ahalik eta zerbitzurik onena eskaini ahal izateko, eta lortu dugu", dio. "Arrasate, gure herria, zentzuz, konpromisoz, irekitasunez eta iniziatibaz gobernatzeko asmoa duen lantaldea da gurea. Indarra, ilusioa, gaitasuna, esperientzia eta jarrera duten pertsonez osatutako zerrenda plurala".
Askotariko profilak
Zerrendaren aniztasuna nabarmendu gura izan du alkategaiak, eta horietako batzuen gaineko informazioa ere aurreratu du. "Hezkuntza arloan, adibidez, garrantzi handia eman diogu Arrasaten dauden bi ereduetako eta unibertsitateko ordezkariak aurkitzeari, baita ingurumenari ere, Aitor Zubiagarekin –orain arte Besaideko presidente izandakoa– eta Ane Zabalarekin –mendi lasterkaria–. Gestiorako, Joseba Ezpeleta daukagu, Bergarako Udalean kontu-hartzailea dena, baita Fernando Okina ere, Laboral Kutxan, Fagorren eta Mondragon Unibertsitatean aritu izan dena administrazio eta kudeatzaile lanetan. Gazteria arloan, Nerea Hernandez kontularia da, baita eskubaloiko entrenatzailea ere. Larraitz Trojaolari dagokionez, enpresen administrazio eta kudeaketa ikasketak ditu, eta ezagutzen du Udala barrutik. Kepa Urteagak Txintxurretan egiten du lan eta trikitilaria, txirrindularia eta gure sanjuanak berpiztu zituen gizona da", azaldu du.
Guztiaren gainetik, lan egiteko moduan jarriko du arreta EH Bilduk. "Gure eredua ezberdina da. Lehentasuna ondare immaterialei ematen diegu. Gero, noski, azpiegiturak eta eraikinak egitearen alde gaude. Baina egiteko moduari eman gura diogu garrantzia".
Ostalaritzarako zinegotzia
Ostalaritzari eta merkataritzari garrantzi handia eman gura diotela aitortu du Morrasek. "Herriak, arlo horretan, gabezia handia daukala uste dugu. Herria nahiko triste dago eta ez doa onera. Horretarako, zinegotzi berezi bat jarriko dugu, irabazten badugu, noski".
Aurkezpena Kulturaten
Bihar, egubakoitza, aurkeztuko dute zerrenda, Kulturateko areto nagusian, 20:15ean. Pello Urizarrek aurkeztuko du ekitaldia. Lehenik, Eneko Barberenak lau urte hauen balorazioa egingo du. Ondoren, Maider Morrasek hartuko du hitza: "Zertara gatozen eta lehentasunak zeintzuk diren-eta azalduko dut". Azkenik, zerrenda aurkeztuko dute.
Bestalde, datorren astetik aurrera bost saio egingo dituzte, zehazki azaltzeko EH Bilduren politika zein izango den. "Lehena, segurtasuna, bitartekaritza eta aniztasunaren ingurukoa. Adituak etorriko dira. Hori ere azalduko dugu gaurko saioan".
Hala, "lanerako gogoz eta ilusio handiarekin" daudela aitortu du Morrasek, eta herritarrak biharko saiora gonbidatu ditu.
Zerrenda:
1. Maider Morras Azpiazu
2. Kepa Urteaga Garcia
3. Nerea Hernandez Heriz
4. Fernando Okina Uranga
5. Larraitz Trojaola Berezibar
6. Joseba Ezpeleta Irizar
7. Itxaro Artola Lizarralde
8. Aitor Zubiaga Barrena
9. Karmele Iparragirre Gandiaga
10. Gaizka Eraña Arana
11. Mireia Muruamendiaraz Gutierrez
12. Fernando Ipiña Ortuoste
13. Ane Zabala Bruña
14. Igor Uribesalgo Olalde
15. Jone Usobiaga Arizaga
16. Juan Nafarrate Bolinaga
17. Karmele Perez Lizarralde
18. Eneko Arrese Mondragon
19. Leire Estevez Del Palacio
20. Gotzon Uribetxebarria Leibar
21. Jasone Giraldo Menendez
22. Iñaki Telleria Larrañaga
23. Olatz Etxabe Okina
24. Beñat Zaitegi Beitia