AGAKOk 28 urte bete ditu, eta apirilean ospatuko dute

Xabi Gorostidi 2019ko mar. 27a, 18:18
Haur eta Gurasoen asanbladak gaztetxean antolatutako sormen tailerreko irudia.

Osagai ugari dituen egitaraua prest dute, eta esku artean dituzten proiektu berri batzuk ere eman dituzte aditzera urteurrenaren harira. 

Azken urtea berezia izan da AGAKOko kideentzako. Jende berria gehitu da barikutako batzarretara, eta proiektu berriak dituzte esku artean: batzarrak birpentsatzea, edo sexu erasoen aurkako protokoloa, kasu.

Baina euren haserrea ere helarazi dute: "herriari hainbeste alternatiba eskaintzen dizkion proiektu eta gune hau erasotua izan da. Horren adibide dira urte osoan zehar izan ditugun lapurretak, eraikinean egin diren pintadak eta bertan modu boluntario eta militante batean ari diren pertsonen aurkako erasoak. Argi eta garbi esan nahi dugu: Ez gara inoren zerbitzariak, militanteak gara eta honek guztion errespetua merezi du!"

Urteurrenera itzuliz, norbanakotik hasi eta kolektiboa eraldatzen jarraitzeko egitarau mardula prestatu dute apirilerako, askotariko kontzertuekin, hitzaldiekin eta jaialdiekin. Ostegunetako ohiko kontzertuez gain, nabarmentzekoa da apirilaren 13ko kontzertua. Korrikarekin bat eginez, Never Surrender taldea bere agertoki kuttunenera itzuliko baita, bost urteko geldialdiaren ostean.  

Hona hemen urteurrenaren berri emateko, AGAKOk komunikabideetara igorritako oharra, eta egitaraua:

"Zer da AGAKO?
Aurten Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatuak, hau da, AGAKO-k –ez dakizuenontzat– 28 urte betetzen ditu. Asanblada anitz hau, berez herriarena den Gaztetxea gestionatzeaz arduratzen da eta ostiralero 18:30etan Gaztetxean bertan batzen da. Hilabeteko azken ostiraletan ordea, 17:30etan elkartzen gara; 19:30etan Herriko Plazan preso eta iheslarien eskubideen aldeko kontzentrazioa dela eta. Eguraldi ona eginez gero, kanpoan eguzkia hartzen pentsatu eta eraldatzen dugu gure mundu txiki bezain handia.

Asanbladan bertan Gaztetxean dauden behar ezberdinak identifikatzen ditugu, hala nola, eraikinaren antolamendua, serigrafia, barraren antolakuntza, gaztetxeko espazio ezberdinen kudeaketa, kanpotik etortzen zaizkigun proposamen ezberdinen gestioa eta abar. Azken finean, autogestioz
kudeatzen dugun espazio honetan, kapitalismo kontsumista, basati eta heteropatriarkalaren aurrean, bizitzeko eredu alternatiboak eskaintzen saiatzen gara. Hala, kultura, politika, ekonomia eta arlo sozialeko norbanako, talde zein eragile txikiei eskainitako espazioa da gurea. Edozein bertara gerturatzean, ahalik eta erosoen egon eta modu eraldatzaile batean harremantzeko aukera eskaini nahi diogu. Hau burutu ahal izateko, gune aske, feminista, antikapitalista eta autogestionatua izatearen bermea lantzen dugu.

Bukatzeko, gestioaz arduratzen den asanbladatik aparte, herria eraldatu eta alternatiba ezberdinak emateko asmoarekin lanean ari diren eragile eta kolektibo ezberdinak batzen dira gurean. Hala nola, Haur eta Guraso asanblada, Pottogorriak, Ikasle Abertzaleak, Kooltur eta Jaiki. Eragile guzti hauen indar eta botere guztia elkartuz kolektiboki sortzen dugu gure izaera.

Azken urtea AGAKO-n
Urte hau indartsua izan da guretzat. Asanbladara jende berria batu zaigu, indar eta aire freskoa ekarri dutenak. Lehendik egon diren ideia eta pentsamoldeak eraldatzera eraman gaituena eta guztion arteko baturaz, asanblada indarberritu bat sortu da. Bestalde, esan beharra daukagu aurten haserre gaudela. Izan ere, herriari hainbeste alternatiba eskaintzen dizkion proiektu eta gune hau erasotua izan da. Horren adibide dira urte osoan zehar izan ditugun lapurretak, eraikinean egin diren pintadak eta bertan modu boluntario eta militante batean ari diren pertsonen aurkako erasoak.

ARGI ETA GARBI ESAN NAHI DUGU: EZ GARA INOREN ZERBITZARIAK, MILITANTEAK GARA ETA HONEK GUZTION ERRESPETUA MEREZI DU!.

Gainera, honekin batera, bertan lanean, parrandan zein dantzan egon diren pertsonak ere erasotuak izan dira. Publiko egin ez izan arren, guk identifikatu ahal izan ditugun 5 eraso sexista eman dira gurean. Pertsona horrekiko erasoa izateaz gain, eraikitzen ari garen espazio seguru honekiko erasoak dira eta honen aurrean, eraso hauek bisibilizatu eta salatzen hasiko gara. Honetarako, eraso sexisten aurkako protokolo bat jarri dugu martxan eta erasotua sentitzen bazara, jakin kolektibo oso bat izango duzula atzean.

Guzti honek, gure arteko harremanak sendotu eta berauek eraldatzera eraman gaitu. Honen adibide dira, barrura begira martxan jarri ditugun hausnarketa prozesu, aldaketa eta ekimen anitzak. Izan ere, bizi garen jendarteak azaleko harremanak bultzatzen ditu eta gu honen parte garen heinean, hortaz kontziente izan eta norberak bere burua aldatzearekin batera, kolektiboa eraldatzeko apustua egin dugu. Honen adibide dira, asanbladan erabakiak hartzeko moduen aldaketak, Garaionera joan eta asanbladaren antolaketaz hausnartzea, eskaini ditugun hitzaldi, tertulia, dokumental, antzerki, tailer,
egun osoko jardunaldiak, elkartasun jaialdiak zein ekintza puntual ezberdinak.

Amaitzeko, eta aurreko puntuarekin elkarlotuz, asanblada formatua birpentsatzeko beharra sentitu dugu eta hemendik aurrera, asanbladarekin elkarlana egingo duen pertsona, eragile zein kolektibok asanbladaren funtzionamendu eta beharrak errespetatu eta konpartitu beharko ditu.

Badator urteurrena!...ENTERAU ZARA SATELITE? AGAKO-k 28 URTE!

Oraingoan 28 urte ospatzen ditugu. Hurrengoan 29. Eta bi urte barru 30. Hau ikusita gure indarrak ondo neurtzeagatik egin dugu apustu eta urteurren anitz zein oparoa eraiki dugu. Gure mundu ttipian sateliteak maite ditugu eta zuen burua arrarotzat daukazuenon babesa eta indarra beharrezkoak ditugu. Jendarte uniforme honen aurrean, normaren barruan sartu nahi ez dugunon unibertsoa eraikitzera goaz: HORTAZ, SATELITE GONBIDATUTA ZAUDE(TE)!. Hala, ondoren egitaraua aurkeztuko dizuegu:

  • Kontzertuak: IRA (Vallekas-etik), CRIM eta Batec (Herrialde Katalanetatik), Never Surrender (harrizko herri txiki zahar honetatik), Apalatxe (Astigarraga + Donostialdea).
  • Dokumental emanaldiak: “Pasaiako Badia” bere egileekin batera, “Ongi Etorri Errefuxiatuak”- en aurkezpena eta “Erraiak”-en aurkezpena.
  • Korrika-ren aldeko jaialdia: Egin “Klik”-a. Jasotako dirua AEK elkarteari emango zaio.
  • Azken ostirala: Aurten berrikuntza bezala, kontzentrazioa amaitzean “Preso eta Iheslarien aldeko” Bertso-poteoa hasiko da Herriko Plazatik: “Kartzelak apurtu!” lemapean.
  • AGAKO eguna: Satelite indartsuak garenez, aurten maiatza ere barne hartuko dugu eta Maiatzaren 4ean egingo dugu. Egun osoko ospakizuna izango da eta kartela aurrerago zabalduko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak