Martxoaren 15ean, ia 100 herrialdetako ikasleak mobilizatu ziren klima aldaketarekiko kontzientzia hartzeko helburu duen dinamikaren baitan.
Greta Thunberg, 16 urteko ikasle suediar bat, da dinamika horren bultzatzaile nagusia. Helduei klima aldaketa geratzeko neurriak eskatzen dizkie, euren etxea –munduari erreferentzia eginez– su hartzen arituko balitz egingo luketen bezala.
Hala, pasa den barikuan Arrasateko DBHko eta batxilergoko ikasleek –Arrasate Institutukoak eta Arizmendikoak– greba egin zuten, eta horietako batzuk hitzetatik ekintzetara pasatu ziren. Herriko bazterrak garbitzen aritu ziren, hainbat gunetan zehar, eta "harrituta" geratu ziren aurkitutako hondakinekin; bai kopuruagatik, eta baita zabor motagatik ere.
Arizmendiko ikasleen kasuan, batxilergoko lehen mailakoak aritu ziren zeregin horretan eta baita DBHko 4. mailako batzuk ere bai. Hiru gunetan aritu ziren: errekako askotariko puntuetan, Monterronen eta Santa Barbaran. Ohikoak izaten diren zigarrokinez eta kristalez gain, gauza deigarriak ere aurkitu zituzten.
Monterrongo agertoki azpian, adibidez, xiringak aurkitu zituzten, eta baita supermerkatuko karrotxoak ere. Baina lur azpian ere batu zituzten espero ez zituzten hondakinak: "80ko eta 90eko hamarkadetako gozokien plastikoak aurkitu ditugu. Hondakin zahar horiek lur azpian hondoratuta aurkitu genituen, plastikozko geruza moduko batzuetan bezala", azaldu du Urko Ulliak.
Arrasate Institutukoak ikasleak ere zaborra batzen aritu ziren: eskola barruan, eskola azpiko aparkalekuan, Eroski inguruan, Lidl eta BM supermerkatuen kanpoaldean. "Kondoiez, zigarrokinez eta halako hondakinez gain, gauza arraroak ere batu genituen: erabilitako komun zahar bat eta txankletak", azaldu du Garazi Urrutiak.
HERRIA GARBITZEKO AUZOLAN HANDI BAT EGIN NAHI DUTE: GARBITZEKO ETA KONTZIENTZIATZEKO
Bilketak eta kontzientzia
Zaborra batzera irten ziren ikasleek bazeukaten aldez aurretik ingurumenarekiko ardura, baina aitortu dute bilketa egin ostean hau areagotu egin zaiela. "Jabetu gara bilketa bat egiteak ez duela arazoa konponduko. Herritarrek kontzientzia hartu behar dute, eta, horretarako, ikus-entzunezko bat egin dugu. Gustatuko litzaiguke auzolan erraldoia bat egitea; garbitzeko, eta kontzientzia hartzeko", azaldu du Ulliak. "Auzolana antolatuz gero, lehena izango nintzateke bertara joaten", dio Urrutiak.