Osakidetzako oposizioetan iruzurra gertatu zela salatu zuten Debagoieneko ospitaleko Manoel Martinez, Marta Macho eta Roberto Sanchez anestesistek ekainean, eta, orain, bederatzi hilabete geroago, Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburuak dimisioa aurkeztu du. Oposizioen iruzurragatik kargua utzi duen hirugarren arduraduna da Darpon, orain artekoetatik arduradun nagusiena.
Roberto Sanchez medikuen oposizioan iruzurra salatu zuen hiru anestesistetako bat da eta adierazi du Osasun sailburuaren dimisioarekin "ados" dagoela baina "berandu" datorrela. Gaineratu du ez daudela ados, ordea, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak dimisio horrekin lotuta eginiko adierazpenekin: "Darponek ez duela ezer gaizki egin eta egoera baretzeko eta gu isilarazteko hartutako erabakia izan dela esan dute, eta hori ez da egia, Darponek hasieratik, betidanik, izan baitu iruzurraren berri, eta, arazoa konpontzen saiatu beharrean, sistema hau onartu eta lotsak tapatzen saiatu da". Azaroan, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak eman zuen dimisioa eta handik gutxira, berriz, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariak. Sanchezen esanetan, hura babestearren egin diren "dimisio txikiak" izan dira horiek, baina, azkenean, Darponek ere dimisioa aurkeztu duela: "Ezin izan du jasan".
"Dedocracia" bidezko sistema
Eusko Jaurlaritzak kasu "isolatua" izan dela esan izana ere salatu du Sanchezek: "Ospitaleko medikuen postuak emateko sistema dedocracia da eta horrela funtzionatzen du, ez da inolaz ere kasu puntual bat izan, Eusko Jaurlaritzak aditzera eman nahi izan duen moduan". Sanchezek gaineratu du iruzurra salatu zuten hiru anestesistek ez dutela inoiz esan Darponek oposizioetan iruzur hori nahita egin duenik, baina bai sistema injustu horri "aurre egin beharrean onartu" egin duela.
Konponbide eske
"Darponen dimisioarekin ez da nahikoa; Eusko Jaurlaritzak egia aitortzea eta barkamena eskatzea nahi dugu, eta, behin hori eginda, mahai batean eseri eta konponbideak bilatzen saiatzea ere bai, ez baita justua diru publikoa modu honetara erabiltzea. Hurrengo Osakidetzako oposizioak justuagoak izan daitezen zer eta nola egin aztertu beharra daukate. Zerk ziurtatzen digu, bestela, ez dela berriro gertatuko?", esan du Sanchezek.
Epaitegien esku
Epaitegietan iruzurra ikertzen ari dira eta fiskal nagusiaren kereila tramiterako onartu zuen Gasteizko bigarren instrukzio epaitegiak joan den astean; ondorioz, fiskalak akusatutako Anestesiologiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko hiru epaimahaikideak ikertuak izaten ari dira. Bi delitu aipatu zituen epaileak: agirien zaintzan desleialtasuna egitea, batetik, eta sekretuak aurkitzea eta agertzea, bestetik.
Hiru epaimahaikide horiez gain, dagoeneko dimititu duen Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendaria, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariordea eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria ere aipatu zituen fiskalak. Epailea hiru lagun hauek ikerketapean ezarri edo ez erabakitzen ari da, eta, momentuz, lekuko gisa deklaratuko dute maiatzean.
Darponen ordezkoa
Horiek horrela, Nekane Murgak hartu du Darponen kargua aste honetan. Jaurlaritzako Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria da egun, eta, medikuntza eta kirurgia ikasketak izateaz gain, kardiologian doktorea da. Horrez gain, EHUko irakasle elkartua da 2013a ezkero eta, besteak beste, Basurtuko ospitalean Kardiologia Klinikoko atalburua izan zen. Era berean, Emakumeak kardiologian izeneko Espainiako lantaldeko arduradun izana ere bada.