"Ez dago zifrarik martxoaren 8an gertatutakoa jasoko duenik"

Xabi Gorostidi 2019ko mar. 14a, 16:54
Martxoaren 8ko manifestazioa Seber Altube plazan.

Arrasateko M8 plataformak era horretan definitu du pasa den ostiralekoak utzitako sentimendua. Martitzenean balorazio bilera egin zuten, eta besteak beste, "elkarrekin politizatu eta ahaldundu izana garaipen nagusitzat" jo dute. Udalak grebarekin lotutako kartelak kendu izana ere kritikatu dute.

Hona hemen M8 plataformatik greba feministaren ostean egin duten hausnarketa, bere osotasunean:

"Grebak jarraipen masiboa izan du, zenbatu ezina da Arrasateko kaleetan arnasten zen indarra, horregatik ez dago zifrarik martxoaren 8an gertatutakoa jasoko duenik. Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa eman dugu gure aldarrikapenak eta oinarri politiko feminista, antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugulako.

Zorionak modu batean edo bestean hori posible egin dugun guztioi. Greba feminista ez delako egun bat izan, greba antolatzeko asanbladak,tailerrak eta ekintzak antolatzen, boteretzeko gune bat sortu dugulako. Herriko emakume desberdinak eraiki dugu greba feminista elkarrekin ahaldundu eta politizatu gara, eta hori da gure garaipen nagusia. Greba egunean zehar ekintza ugari burutu genituen: gauak eta kaleak gureak direla aldarrikatzeko kazerolada, etxeko langileen lan eskubideak aldarrikatzeko ekintzak, kontsumo masiboa salatzeko bazkari autogestionatu feminista, Herriko Plaza okupatu genuen mikrofono irekia antolatuz eta bukatzeko sormen tailerrean sortutako aldarrikapen anitzez beteriko kartelak, manifestazioan zehar esku anitzetan ikusteko aukera izan genuen.

Ardura pribatua gaindituz, zaintza gune kolektiboak eraikitzeko deia egin zaie gizonei. Milaka emakumek* ez dugu inolako etxeko nahiz zaintza lanik egin eta aurrekari interesgarriak dira lan horien inguruan eta bidean sortu ditugun gatazkak, antolaketak nahiz akordioak.
Hala ere, jakitun gara emakume* batzuk ezin izan dituztela zaintza lan guztiak utzi, dependentzia egoeran dauden pertsonen zaintza haien ardurapean egon delako edo emakume* langile askok ezin izan genuela gure greba eskubidea gauzatu, egoera prekarioetan egoteagatik. Horregatik, bizitzak erdigunean jarriko dituen paktu sozial berri bat eskatu dugu ozen.

Bukatzeko, greba feministaren aurreko egunean Arrasateko udalak pankarta ugari kendu izana salatu nahi dugu, Arrasateko udaletxeak grebaren aurka izandako jarrera oldarkorra salatu nahi dugu. Oztopoak gaindituz aurrera goaz, geldiezinak garelako. Zorionak Arrasate Feministari, aliantzak ehunduz elkarlanean aritu garenoi eta greba feministaren oinarriak aurrera eraman ditugunoi.

Alternatiba feminista gure herrian eraikitzen jarraituko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak