Angel Mario Fernandez: "Liburuak badu arlo pertsonaletik zerbait"

Xabier Urtzelai 2019ko mar. 11a, 10:00
Angel Mario Fernandez.

Angel Mario Fernandez (Argentina, 1964) idazlearen azken lana da Che, Aitona! Las palabras enterradas. Kulturaten aurkeztuko dute hilaren 15ean (19:00): "Aurkezpen ekitaldi berezia izango da. Liburuaren gainean berba egingo dugu, baina ez gara horretara mugatuko, euskal memoria berreskuratzeko borrokan ibili den jendea ere etorriko da eta". 

Espainiako gerra, euskaldunok Argentinara egindako emigrazioa... Eta tartean, Soraluzeko gazte baten istorio pertsonala. Badu liburu honek arlo pertsonaletik zerbait?

Bueno, ni Soraluzen bizi den argentinar bat naiz, eta nire aitona espainiarra zen, Extremadurakoa zen. Liburuko kontakizunaren une batean, bai, badu arlo pertsonaletik zerbait.

Diozu liburuan jaso duzula Argentinara joandako euskaldunen bizimodua zelakoa den, eta euskaldunok ze ekarpen egin genuen lurralde horretan.

Bai, izugarria izan delako. Argentinan euskaldunen kolonia oso garrantzitsua dago, eta ez bakarrik Argentinara joandako euskaldunen oinordeko asko dagoelako. Pentsa, euskal jatorria duten bost presidente izan ditugu Argentinan, Buenos Airesko fundatzaile Juan de Garay euskalduna zen, Argentinako Konstituzioa idatzi zuena...

Ikerketa historikoa egin duzu liburua idazteko.

Bai, arlo horretan lan handia egin dut. Liburuak bi garai nabarmentzen ditu, batez ere: Espainian Gerra bizi izan zeneko sasoia zelakoa zen, orduko Soraluze zelakoa zen, Argentinara joandako euskaldunek zerekin egin zuten topo... Eta bigarren zatia gaur egungoa da, hau da, 1936tik hasi eta 2017ra arteko nolabaiteko errepasoa egiten du liburuak. Bada, gerra hasi eta berehala Argentinarako bidea hartu behar izan zuen 16 urteko Soraluzeko gazten baten bizitza kontatzen du, eta gaur egun bere ilobari ematen dion enkargua, Argentinatik Euskal Herrira etorri eta duela 70 urte gertatu zena iker dezan.

Memoria historikoa berreskuratzearena askoren ahotan dagoen gaia da egun.

Halaxe da. Ondo dakizun moduan, argentinarrok ere borroka horretan murgilduta gaude, gurean ere diktadura gogorra izan genuelako eta 30.000 herritar desagertu zirelako. Eta hor ere badago Euskal Herriak eta Argentinak bat egiten duten puntu bat, eta ez bakarrik gerra zibilagatik, baizik eta bi herri horiek independentziara begira izan duten goseagatik. Datu kurioso bat emango dizut; liburuan dator, gainera. Ameriketako independentisten kontra egin zuten Armada Realisten armak Soraluzen eta Eibarren egindakoak ziren; kar, kar. Pentsa...

"Euskal gatazkaren gaineko ikuspuntu partziala, kanpotik ikusitakoa", erakusten du liburuak beste pasarte batean.

Ikuspuntu orokorra da, ezinezkoa da-eta 1936tik 2017ra arteko denbora tartea hartzen duen halako nobela batean lanketa sakona egitea. Gai batzuetan, ahal dudanera arte bustitzen naiz.

Liburua Mecako gasolindegian ere egongo da salgai, zeure lantokian.

Halaxe da. Ni 2006an etorri nintzen Argentinatik, kazetari moduan lan egiteko asmoz. Baina ez zen posible izan, eta liburuak idaztetik Espainian Perez Reverte eta beste pare bat idazle bizi dira; kar, kar. Hala, pozik nago Mecako gasolindegian lan egiteaz; gainera, hanketan minusbaliotasun handia daukadala kontuan hartuta. Idatzi nuen aurreko liburua – Hijos del corralito– ez nuen Mecan salgai jarri, eta jendea gasolindegira etortzen zen galdetzera. Orain bertan salgai jartzeko aukera eman didate, eta pozik nago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak