Ibai-arte, "harrituta", Ibon Arrupe zinegotziaren adierazpenekin

Xabi Gorostidi 2019ko mar. 6a, 09:08
Ibai-arteko kideak, 2018ko azaroan aterako talde argazkian.

Astelehenean, PER-aren aldaketaren berri emateko agerraldian, Arrupek esan zuen merkatarien "arazo nagusia Internet bidezko salmentak direla", eta ez erakusleiho txikiagoak edo handiagoak izatea. PER-aren aldaketa Ibai-arteren "eskari historikoa" izanik, "harridura" azaldu dute ere ekimena eurekin landu aurretik, prentsa bidez aurkeztu izanagatik.

Hona hemen merkatarien elkarteak komunikabideetara helarazitako oharra, bere osotasunean:

"Ibon Arrupek (Hirigintza zinegotziak) eta Juan Antonio Urdangarinek (Udaletxeko Hirigintza Saileko Teknikariak) atzo, 2019ko martxoaren 4an emandako prentsaurrekoaren aurrean, Ibai-Artek, Arrasateko merkataritza eta zerbitzuen elkarteak, bere ezinegona adierazi nahi du lehen-lehenik gai honi buruz zuzeneko informazioa helarazi ez zaiolako eta prentsa bidez jabetu delako, kontuan hartuta PER-aren aldaketa Ibai-Artek urteetan zehar egindako eskaria dela, txostenak eta benetako kasuak aurkeztuz, eta sektoreari zuzenean eragiten dion gaia izanik.

Bigarrenik, harridura adierazten dugu zinegotziaren esanetan Arrasateko merkataritzako arazorik handienak belaunaldi erreleboa eta Internet direla irakurtzean, eta Ibai-Artek beti eskatu izan duen PERaren aldaketak edo onargarritasunak askoz lokal gehiago zabaltzea erraztuko lukeela onartu ez izatean. Elkarteak beti azpimarratu duen bezala, egun indarrean dagoen PERarekin sekula ere ateak ireki ezingo dituzten lokalak daude, eskakizunak betetzeko egin beharreko inbertsio altua dela kausa, eta gainera, eskakizun hauek ez direlako bezeroek espero duten lokal motetarako aproposak (handiak, argitsuak, erakusleiho handiak, etab.). Halaber, irekita dauden lokalek desiratutako erreformak alde batera utzi behar izan dituzte, izan ere horrek egungo PERa aplikatzea dakar eta, beraz, erakusleihoak murriztea, barruko espazioa murriztea, ... Guzti honek are zailago egiten du Udaletxeak irrikatzen duen belaunaldi erreleboa.

Urte hauetan elkartetik Udaletxeari hainbatetan helarazi zaio sektorearen arazoa PER-arekin eta ez dugu irtenbiderik jaso. Orain, alde zaharreko araudia aldatzeko prozesua planteatzen denean, harritu egin gaitu elkarteari zuzenean berri eman ez izana".

Atzo bertan batzarra

Ibai-Artek atzo goizean plazaratu zuen oharra, eta atzo bertan, Udal Gobernuak batzarra egin zuen eurekin. "Adierazpenekin gertatutakoa gaizki ulertu bat izan da, eta euren zalantza guztiak aurrez aurre erantzuteko batzarra egin dugu" azaldu dute Udal Gobernutik. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak