Gazteak. Autoktonoak eta atzerrian jaio eta hona bizi izatera etorritakoak. Kuadrillak. Bakardadea. Arrazakeria. Aurreiritziak. Genero berdintasuna. Ala desberdintasuna? Hainbat jatorritako gazteek euren bizipenak kontatu dituzte eta etorkizuneko bide berriei ateak zabaldu dizkiete Bizimodua berreraikiz dokumentalean.
Konturatu dira, bai atzerritik etorritakoak eta baita bertan jaiotakoak direnak ere, bizimodua berreraiki beharra dutela; gaur egungo egoera onartu eta etorkizunerako, egun existitzen diren trabekin apurtzeko. Gizarte patriarkal baten ondorioei buruz ere jardun dira eta zein egoera matxista bizi izan dituzten ere kontatu dute, besteak beste.
Elkarlana
Goiena Komunikazio Taldeak, emakume musulmandarren IMME elkartearekin elkarlanean ekoiztu du ikus-entzunezkoa. Elkarteko sortzaile Djamila Zereibyren ideian oinarrituta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun sailaren dirulaguntzari esker eraman ahal izan da aurrera proiektua.
Estreinaldia
Dokumental hori bihar, martxoak 6, estreinatuko da 18:30ean Kulturateko areto nagusian.
Dokumentala aurkeztu eta proiekzioaren ostean, mahai-ingurua egingo dute IMME elkaterko sortzaile Djamila Zereibyk, dokumentalean parte hartu duen MUko HUHEZI fakultateko genero eta kultur arteko hezkuntza gaietan irakasle den Amelia Barquinek eta Goienako kazetari Amaia Txintxurretak, bera ibili baita erreportajeko gidaritza lanetan. Dokumentaleko protagonistek ere hartuko dute hitza solasaldian.
Goiena telebistan
Ikus-entzunezkoak 40 minutu ditu eta Goiena telebistan martxoaren 8an, egubakoitza, eskainiko da 21:30ean eta 23:30ean.
Sarean ere ikusgai
Datorren astetik aurrera, Goiena.eus webgunean ere ikusgai izango da ikus-entzunezkoa.