'Artean 3' erakusketan, emakumeek sortutakoak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko ots. 23a, 10:05
Lexuri Doyaguek eta Amaia Albesek elkarrekin egin duten kapa. Argazkia: Artean.

Martxoaren 1etik 29ra bitartean, Arrasateko hamar emakume artistaren lanak izango dira Kulturateko klaustroetan ikusgai; bisita gidatuak, zinema foruma eta kontzertuak ere prestatu dituzte askotariko diziplinetako artelanak batuko dituen erakusketan.

Behar bikoitz bati erantzuteko helburuarekin –herriko emakume sortzaileen lanak erakustea eta sortzaileen artean sarea osatzea– abiatu zuten 2015ean Ekin Emakumeak elkartearekin elkarlanean Artean ekimena.

Kulturateko klaustroan erakutsi zuten Arrasateko askotariko sortzaileek egindako lehen arte-bilduma, handik bi urtera prestatu zuten bigarrena, eta martxoaren 1ean inauguratuko dute hirugarren sorta biltzen duen erakusketa.

Bide beretik, lan berriekin

Ekin Emakumeak Elkartearen babesa badute ere, taldeak izaera propioa hartu du eta eurak dira guztiaren sortzaile eta arduradun. "Askotariko profiletako hamar artista gara: goi mailako joskintza diseinatzaile bat; hemengo unibertsitateetan gain atzerrian ikasi eta lan egin duten estilo ezberdinetako margolariak, marrazkilariak, grafitilaria, bitxigilea... Aurrekoan egon ginen berak gara; hala ere, taldea zabalik dago hurrengoetan parte hartzeko", dio Miren Barrenetxea kideak.

Pintura, eskultura, marrazkiak, instalazioak, grafitiak... horiek guztiak izango dira Kulturateko pareta, balkoi eta lurrean erakusgai. "Hogei bat lan dira: bakoitzak gutxienez bat egin du, baina badira hiruzpalau egin dituztenak ere. Bakarka egindakoak dira, bat izan ezik".

Gai bateratua: prozesua

Lan ezberdinak dira, baina hari bat dute. "Bakoitzak lan bat egiteko orduan duen prozesua ikusleari azaldu eta hori hurbildu nahi diogu. Prozesua modu askotan ulertzen dugu, bakoitzak bere erara: elkarlan bat sortzea; bidean jasotakoekin forma edo norabidea ematea; bidea; aztarna... horiek guztiak daude gure lanetan".

Ekintza gehiago Kulturaten

Erakusketak iraun bitartean, bestelako arte diziplinei tokia egingo diete: zabalduko duten egunean, Flamenskin taldearen ikuskizuna izango da, 19:45ean. Bisita gidatuak ere egingo dituzte: martxoaren 21 eta 28an, 17:30ean. "Horiez gainera, katalogoaren aurkezpena egingo dugu martxoaren 28an; zinema foruma eta kontzertua prestatu dugu".

Artelanak, artisten ahotik

  • Amaia Albes Garitano eta Lexuri Doyague Loiti:  "Super Bigger Splash lana egin dugu bion artean; sei metro oihal eta Lexuriren interbentzio artistikoa duen jantzia da; kapa horrekin perfomance bat egin dugu eta ekintza horren lekuko den argazkia izango da erakusketan".
  • Helena Azkarragaurizar Jauregi: "Marrazki ezberdinekin sortutako instalazio bat erakutsiko dut. Aukeratutako marrazki multzo bati eskainitako erakusteko modu bat da klaustroan eskainiko dudana".
  • Miren Barrenetxea Iñarra:  "Pintura eta instalazioak bateratzen dituzten bi lan, Sexgender eta Remedios Zafra Miren Barrenetxeak irakurrita izenekoak, egin ditut; egungo artista askoren egoerari buruz hitz egiten du –diru eta denbora falta, proiektuetara heldu ezina...–".
  • Euri Bruña Iturbe:  "Pinturen multzo bat da: pastelarekin margotuta daude batzuk eta pastela eta olioa nahastuta beste batzuk. Elkarren artean espazio, denbora eta sentimendu aldetik gertuko testuinguru baten sortu dira pintura horiek; paisaia izan da motor nagusia.
  • Joana Mancisidor Akizu: "Gorputzen gaixotasunak eta anormaltasunak irudikatzen ditut, eta espraiekin margotzen dut beti. Azaleratzen lanak hainbat osagai ditu: zintzilik dagoen PVC lona zuri handia, berrerabilitako koloretako lona zatiak lurrean eta bozetoak horman itsatsita".
  • Sara Miguelez Garitano:  "Margolaria eta bitxigilea naiz, eta metalezko hari ezberdinekin lantzen ditut bitxiak: zilarra, alpaka, letoia... Estrukturak sortzea da nire helburua, eta espazioko formekin jolasten dut".
  • Agurtzane Telleria Larrañaga: "Pasio ditudan dantza eta margoa uztartu ditut Dantzan lanean; gorputzarekin lurrean egindako ikatz-marrazkia da. Hetaher Hansen artista eta dantzari profesionalean inspiratu naiz".
  • Alazne Zubizarreta Montero : "Nire imajinarioan elkar-bizi diren erreferentzietatik elikatzen dira lantzen ditudan irudiak, eta horiek gauzatzeko erreprodukzio metodoak interesatzen zaizkit".
  • Jone Zubizarreta Unzueta: "Arte Eder ikasketak egin nituenetik, nire lanen arnasa musikaren eta irudiaren arteko ezkontzan datza; oraingoan, gezurretako zinema ziklo batentzat posterrak egin ditut".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak