Mondragon taldeak Humanity at music Sinfonia Kooperatiboa proiektua sortu du; ekimenak begirada artistiko eta berritzaile bat proposatzen du Arrasateko kooperatibari buruz, eta liburu bat eta soinu banda bat dira emaitza. Abenduan argitaratu zuten liburua eta han batutakoarekin askotariko diziplinak biltzen dituen ikuskizunari azken ukituak ematen ari dira –musika, bertsoak, dantzak, eta errezitaldiak–. Emanaldi izarra irailaren 14an Gasteizko Buesa Arenan eskainiko dutena izango da; baina, aurretik, haren lagin edo erakusgarri bat eskainiko dute hainbat herritan.
Arrasateko Amaia antzokian abiatuko dute herriz herriko ibilbidea, otsailaren 22an eta 23an 19:30ean egingo dituzten emanaldiekin. "Sinfonia Kooperatiboa proiektu potoloa da eta ilusio bereizia daukagu Arrasatekoarekin, hauxe izango delako gure estreinaldia. Bi helburu ditugu: ikuskizun artistiko ederra eskaintzea eta jendea gosez uztea irailaren 14an egingo dugun ekitaldi erraldoira joan dadin gogoa pizteko", azaldu du Mondragon Taldeko Erakunde Harremanetarako zuzendari Iñigo Albizurik.
Oinarrian, sinfonia koral bat
Izen handiko sortzaileekin elkarlanean sortu du Mondragon Taldeak ekimena, eta horien artean dago ikuskizuneko eszena zuzendari Josu Camara: "Guztiaren oinarrian pertsona jarri nahi dugu, zenbat lagun pasatu diren kooperatibatik, ze bizipen izan dituzten... Hori guztia islatuko dugu irudiekin, musikarekin, kantuarekin, bertsoekin, dantzarekin eta bestelako eszenaratzeekin".
Gasteizko ikuskizunak eta herriz herri egingo dutenak oinarrian egitura bera izango dutela dio Camarak: "Sinfonia koral bat denez, bere mugimenduak izango ditu; hortaz, obertura batekin hasiko da, eta beste zazpi izango ditu ondoren; pieza horien bitartez, kooperatibako alor eta garai ezberdinetan zehar ibiliko gara: ezagutzatik, finantzetatik, industriatik eta banaketatik, esaterako. Era berean, omenaldiaren pieza, nazioartean egotearen garrantzia adierazten duena eta etorkizunari begiratzen diona daude. Herriz herrikoa bertsio murriztuagoa denez, zortzitik lau kantu eskainiko ditugu".
Fernando Velazquez konpositore ezagunak sortutako doinuak dira, eta hark dio "guztiok ulertu, disfrutatu eta erraz abesteko moduko lana" dela, "belarritik bihotzera iristen dena". Jon Sarasua aretxabaletarrak, soinu bandaren letra egileak, horrelako egitasmo bati letra jartzea "nahiko konplexua" izan dela dio, eta "sinpletasunaren eta sakontasunaren arteko konbinazioa bilatzeko borroka izan dela". Bien arteko elkar ulertzea oso ona izan da, "guztia bion artean" egin dutela diote, "batak bestearen esparruan eraginda".
200 lagunetik gora
Askotariko diziplinak batzen dituen proiektua da Humanity at music eta halaxe izango da ikuskizuna ere: "Kantuak entzuten diren bitartean, gauzak ikusiko ditugu, emozioak ukitu nahi dizkiogu publikoari", dio eszena zuzendariak: "Gasteizko emanaldian Euskadiko Orkestra Sinfonikoa izango da eta herriz herrikoetan Arrasate Musikaleko orkestra izango dugu lagun".
200 lagun inguruko haur eta helduen abesbatza ere izango da ibiltarian eta Gasteizkoan: Arizmendi Haur Abesbatza, Goikobalu txiki eta helduena eta Bilboko Iubilo abesbatza. Ibiltarian lau pieza kantatuko dituzte, guztiek elkarrekin lehenengoa eta azkena, eta helduek bakarrik beste biak: "Oso politak dira, gozokiak! Melodia oso politak dituzte, itsasten diren errepikekin. Kantuen hitzekin izan dute lan handiagoa haurrek. Hasieran, kostatu egiten zitzaien ulertzea, eta, ipuin moduan kontatuta, ulertu eta, bide batez, Arrasateko kooperatibaren hastapenei buruz ikasi dute. Goikobaluko kide moduan, grabazioan egon nintzen, baina haurrekin abenduan hasi ginen lanean. Astean birritan egin ditugu entseguak, eta azken txanpan hirutan batuko gara; gure entseguak eskolako jolas-orduetan dira. Laguntza izugarria izan da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren audioa izatea entseguetan, luxua izan da!", kontatu du Arizmendi Abesbatzako zuzendari eta Goikobaluko kide Rakel Murgiondok.
Horiez guztiez gainera, bertsolariak eta aktorea ere izango dira taularen gainean: "Amaia antzokian Julio Soto eta Amets Arzallus, Olatz Pagaldai aktorea, Maite Mutuberria ilustratzailearen irudiak ere agertuko dira, eta sorpresa gehiago ere bai; Pilar Kaltzadak gidatuko du ikuskizuna".
Sarrerak 15 eurotan
Amaia antzokiko leihatilan eta online, Arrasate.eus eta Humanityatmusic.com atarietan, eros daitezke Arrasaterako sarrerak. Bigarren atari horretan ekimeneko liburua ere eskura daiteke, 25 eurotan; eta baita Sinfonia Kooperatiboa entzun ere.
Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian zuzenean
Amaia antzokiraino hurbiltzeko aukerarik ez dutenek ikuskizunarekin gozatzeko aukera bikoitza dute Goienaren bitartez; izan ere, zapatuko emanaldia zuzenean eskainiko da Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian, 19:30ean hasita.