Ukendua egiteko tailerrari dagokionez, 11:00etatik 12:00etara izango da, eta aurrez izena eman beharko da, Arrasate.eus webgunean. Dagoeneko 15 pertsonek eman dute izena, eta egubakoitza izango da horretarako azken eguna. Tailerra bukatzean, egindako ukendua etxera eramango dute saioan parte hartu dutenek.
Azoka 08:00etan zabalduko dute, eta 14:00ak bitartean 11 postu egongo dira, sasoiko barazkiekin: azak, porrua, txikoriak, borrajak, letxugak, espinakak eta abar. Horrez gain, urte guztiko produktuak ere egongo dira: kipula, patatak, intxaurrak ogia, gazta, pastelak, marmelada, eztia eta abar.
Amezketako Argaia Goena baserriko ekoizleak datoz, lehenengoz, eta basoan hazitako txerrien produktuak jarriko dituzte salgai: txuletak, saiheskiak, xerrak, saltxitxak, hanburgesak eta azpizunak.