Josu Chueca: "1939koa erbesteratuen exodo handiena izan zen"

Xabi Gorostidi 2019ko ots. 7a, 17:42

'Etorkizuna alanbre artean' izeneko argazki erakusketan, azalpenak emango ditu gaur –18:30ean, Kulturateko klaustroan– 36ko gerraren erruz Kataluniatik Frantziara joan behar izan zuten errefuxiatuez. 

Intxorta 1937 Elkarteak La retirada izenarekin gogoratzen den ihesaldiari buruzko argazki erakusketa eta dokumentala eskaini zituen atzo Kulturaten, eta horri buruzko xehetasunak emateko gonbidatu zuten Josu Chueca historialari nafarra.

La retirada Kataluniatik Frantziara egin zen. Baina, lehenik eta behin, nola heldu ziren euskaldun haiek guztiak Kataluniara?

Euskaldunak une ezberdinetan heldu ziren Kataluniara. Bertara iristen lehenak gerraren lehen konpasetan Irun aldetik Frantziara joan zirenak izan ziren. Ostean, mugimendu handi bat gertatu zen 1937an Bizkaitik, ipar frontea frankistek hartu zutenean. Batez ere, milizianoak eta gudariak ziren. Erbesteratuen mugimendu handiena izan zen 39an gertatutako hura. Batutako dokumentu historikoen arabera, 500.000 pertsona inguru izan ziren. Eta ez ziren soilik milizianoak izan: herritarrak, haurrak... denetarik zegoen.

Nondik datorkio La retirada izenburua?

Frantziarrek jarri zioten. Aurten 80 urte betetzen direnez, hainbat ekitaldi egiten ari dira hura gogoratzeko: Frantzian, Euskal Herrian, Espainian... baina, bereziki, Frantzian eta Euskal Herrian, esango nuke.

Zenbat euskaldun zeuden exodo haren barruan?

Garaiko dokumentuek jasotzen dutenez, Gurseko kontzentrazio esparruan 6.000tik gora gizonezko euskaldun zeuden hasieran. Ostean, gehiago batu zitzaizkien. Eta haiei gehitu behar dizkiegu gainontzeko kontzentrazio eremuetan zeuden euskaldunak. Bram-en, adibidez, 1.000 euskaldun zeuden, eta haiei gehitu behar zaizkie aterpetxeetan eta etxeetan zeuden emakume eta haur euskaldun guztiak. Hala, aise esan dezakegu 12.000-15.000 euskaldun inguru joan zirela Frantziara La retirada-n. Haiek guztiak, 36an eta 37an Frantziara joan zirenak kontuan izan gabe.

Behin Kataluniatik Frantziara joanda, erbesteratuta zegoen Eusko Jaurlaritzak euskaldun guztiak batzeko ahalegina egin zuen, ezta?

Eusko Jaurlaritzak abantaila potolo bat zuen 39an Frantziara joan zen Gobernu errepublikanoarekiko; 1937tik, jada, erbestean zegoela. Horrek askoz errazago egiten zituen antolaketa lanak. Horren adibide da, esaterako, 1937a ezkero euskal eskolak zeudela Ipar Euskal Herrian; Donibane Garazin, adibidez. Han 500 haur euskaldun egon ziren. Hala, Telesforo Monzon, Ander Bereziartua eta konpainia Perpinya-ra joan ziren (Perpignan), eta bertatik euskaldun guztiei leku berean batzeko agindua eman zieten, laguntza errazago eman ahal izateko. Hala, kolektibo handiena Gurs-en pilatzea lortu zuten.

Arrasateko komunista bat izan zen bertako arduradun, ezta?

Gurseko euskaldunen zelaiko lehen arduraduna Martin Solerzangitu altsasuarra izan zen, eta honen ostean, aldiz, Celestino Uriarte arrasatearra. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak