Maialen Axpe: "Inoizko momenturik onenean nago"

Eneko Azurmendi 2019ko ots. 7a, 15:15
Maialen Axpe.

Pista estalian daukan markarik onena berdindu zuen arrasatearrak Donostian –aire librean 4,45eko marka egin zuen iaz–. Bihar, egubakoitza, Madrilen hitzordu garrantzitsua dauka, eta otsailaren 16an eta 17an Espainiako Txapelketa absolutua jokatuko du Antequeran (Malaga).

Taldekako kopa izan arren, zuk egin zenuen markarik onena.

Bai. Erreginaren Kopa urtero egiten da, eta Espainia mailako talderik onenak elkartzen dira. Horretarako, aurrez, sailkatu egin behar da taldea [Atletico San Sebastian da bere taldea]. Pertsonalki, nire markarik onenetik oso gertu ibili nintzen. Europako Txapelketarako sailkatzeko 4,50 metroko marka eskatzen dute, eta horren bila ibili nintzen. Ez nuen lortu, baina pozik geratu nintzen egindako lanarekin.

Zer moduz doa denboraldia?

Sorbaldako lesio batetik irten berri naiz, eta fisikoki oso ondo sentitzen naiz orain. Pista estaliko hiruzpalau txapelketa geratzen zaizkigu eta denbora laburrean, gainera. Hala ere, momentu onean nago.

Bihar, egubakoitza, Madrilgo Nazioarteko Meeting-ean ariko zara, pista estalian. Ze helbururekin zoaz?

Hala da. Mundu mailako pertika jauzilaririk onenak izango dira eta Estatu mailako bi jauzilari egongo gara, Monica Clemente eta biok [19:30ean hasiko da lehiatzen]. Oso interesgarria eta aberasgarria izango da guretzat. 4,90 metroko marka daukan jauzilari bat egongo da, baita 4,70 edota 4,65ko marka duten batzuk ere. Beraz, disfrutatzera joango naiz, eta ea maila txukuna emateko gai naizen.

Eta, bide batez, Espainiako Txapelketa prestatzeko balioko dizu.

Bai, hori da. Hor jauzilari guztiak egongo gara eta lehia estua egongo da. Kopan, adibidez, Monika ez zen egon, eta hori nabaritzen da.

Azken urtean gorakada nabarmena egin duzu, hainbat marka hautsita. Hala sentitzen duzu zuk ere?

Egia esan, bai. Teknika aldetik gauza batzuk hobetzea lortu dut eta alde psikologikoa ere landu dut. Azken batean, guztia batera doa eta pauso bat aurrera eman dut, egonkortasun bat lortu dut lehen iristea kostatzen zitzaidan marka horietan. Hori pauso garrantzitsua izan da, marka altuagoak egiteko aukera izan dezadan.

Esan daiteke inoizko momenturik onenean zaudela gaur egun?

Baietz esango nuke, bai fisikoki eta baita emaitzei dagokienez ere. Esan moduan, egonkortasun hori lortu dut eta fisikoki ere inoiz baino hobeto sentitzen naiz. Halako momentuak aprobetxatu egin behar dira, eta horretan saiatzen ari naiz.

Hori kontuan izanda, marka berririk jarri duzu helburu moduan?

Orain erronka nagusia da Glasgown (Eskozia) martxoan jokatuko den pista estaliko Europako Txapelketarako sailkatzea, eta horretarako 4,50 metroko marka eskatzen dute, lehen esan moduan. Ondoren, aire libreko Munduko Txapelketa Dohan (Qatar) izango da, azaroan, eta harako sailkatzeko 4,55 metro gainditu beharko ditut. Baina ezin naiz marka horiekin obsesionatu, horrek ez didalako lagunduko nire errendimenduan.

Aire librea ala pista estalia?

Egia esan, biak gustatzen zaizkit, eta bietan sentitzen naiz eroso. Pista estaliko denboraldia laburragoa da eta denbora gutxiago izaten dugu entrenamenduak egiteko. Beraz, normalean, aire libreko markak hobeak izaten dira. Izan ere, hobeto entrenatuta iristen gara. Eguraldiari dagokionez, pista estalian ez daukazu haizerik, eta baldintza onak izaten dira. Kanpoan, haizea kontra baduzu, kalte egiten dizu, baina alde badaukazu, lagundu egin zaitzake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak