Sentimenduak gordin islatzen dituen opera

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko ots. 5a, 10:48
Pucciniren Madama Butterfly opera eskainiko dute otsailaren 18an Amaia antzokian. Argazkia: Opera 2001.

Ozenki elkartearen ekimenez, eta Udalaren laguntzarekin, 'Madama Butterfly' opera eskainiko du Opera 2001 elkarteak otsailaren 18an, 20:00etan, Arrasaten; sarrerak 'Arrasate.eus' eta 'Kutxabank.es' atarietan eta leihatilan eros daitezke, 30 eurotan.

Musika lirikoa publiko guztiarentzako eskaintzeko helburuarekin 1984an Parisen jaiotako nazioarteko konpainia da Opera 2001; gerora, Madrilen izan zuen egoitza; eta, egun, Alacanten.

Otsailaren 14an Gasteizko Principal antzokian estreinatuko dute Giacomo Pucciniren Madama Butterfly obra, eta estreinatu eta lau egunera Arrasateko Amaia antzokian eskainiko dutela azaldu du elkarteko zuzendari artistiko Luis Miguel Lainzek: "Ozenki Elkartearen bitartez, Arrasaten eskainiko dugun laugarren obra da. Oso ondo ulertzen dugu elkar, eta publikoak ere oso ondo hartu gaitu beti; antzokia bete dugu joan garen guztietan. Hiriburuetan dagoen maila kulturala du Arrasatek, lirika entzutera ohituta dagoen publikoa da, ikuskizuna adi jarraitzen duena, eta bukaeran jasotzen ditugun txaloak ere ikaragarriak dira. Oraingoan ere harrera ona espero dugu, horren erakusle, oraindik sarrerak geratzen diren arren, aretoa ia beteta dugula dagoeneko".

Malkoa samur ateratzekoa

Pucciniren obra ezagunena da, eta haren musikak gaur egungo gizartearekin lotura handiak dituela dio Lainzek: "Sentimendu guztiak modu oso gordinean eta errealean azaltzen ditu: maitasuna, gorrotoa, itxaropena... Japoniar emakume bat da protagonista, gerra ostean militar amerikar batek liluratuko duena. Herrialde indartsuen eta menperatutakoen arteko egoera eta harremana erakusten du, eta negar malkoak samur ateratzen dituen obra da".

Tamaina handiko ikuskizuna

90 lagunek baino gehiagok osatzen dute taldea. "40 laguneko orkestra dago, Japoniako Hirosaki emakume abesbatza eta nazioarteko puntako abeslariak ere bai. Eszenografia oso landua da. Ikuskizun handia eta berria eramango dugu Arrasatera".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak