Udaleko enpresa batzordeak neurri legalak hartuko ditu baliabide faltagatik udaltzainen bat kaltetuz gero

Xabi Gorostidi 2019ko ots. 4a, 12:08

"Kezkaz" bizi dute Udaltzaingoan dagoen "giza baliabideen falta", eta ondorengo egoerak salatu dituzte besteak beste: urte hasieran egondako lau erretiratze betetzeko neurririk ez hartzea, gaueko txandatan gutxieneko udaltzain kopuru ez dela errespetatzen, eta Udal Gobernuak lau udaltzain posturen izaera aldatzeko asmoa duela.

Berriki indarrean sartu den 1449/2018 errege dekretuak, udaltzainek 60 urterekin erretiroa hartzea ahalbidetzen du, –beste baldintza batzuk ere bete behar dira– eta horrek eragin du Arrasateko kasuan lau udaltzainek –lan taldearen %10 baino gehiago– erretiroa hartzea urtarrilean.

[Abenduaren 15ean argitaratutako errege dekretua irakurtzeko egin klik hemen. Gaztelerazko bertsioa ageri da bertan, ez baitugu euskarazkorik aurkitu]

"Besteak beste, momentu honetan, lau erretiratze, eta bi iraupen luzeko gaixotasun ditugu. Lau erretiratzeetatik bi estalita daude, baina beste biak, eta bi gaixotasun bajak, estali gabe daude une honetan EUDELeko lan poltsa agortuta dagoelako. Jakin dugunez, EUDELen poltsa hori ez da uztailera arte handituko, eta gaur gaurkoz ez dute lan-poltsa hori handitzeko deialdirik egin" azaldu dute enpresa batzordetik. 

Hona hemen udaltzainen ordezkaritza sindikala daraman Udaleko enpresa batzordeak igorritako oharra, bere osotasunean:

"Azken urteetan gobernuari behin eta berriro eskatu diogu definitzeko udaltzain eredu propio bat, herritarrei zerbitzu egokia emango diona eta langileen segurtasuna bermatuko duena. Baina gobernuak erabakiak beste norabide batean hartu ditu; horren ondorioak ikusten ari gara, eta kezkatuta gaude udaltzaingoaren egoerarekin. Gaur egun lantaldean dauden hutsuneak ez dira betetzen ari. 2017an udalak erabaki zuen udaltzainak ordezkatzeko Erkidegoko lan poltsa eta lan eskaintza bateratuan parte hartzea, sindikatuen desadostasunarekin. Azken urte honetan hainbatetan arazoak egon dira hutsuneak betetzeko. Momentu honetan lan poltsa hori guztiz agortuta dago, beraz, ezinezkoa da egun dauden hutsuneak betetzea. Hilabete batzuk lehenago egoera aurreikusi zitekeen arren, udalak ez du inongo neurririk hartu urte hasieran egon diren lau jubilazio denboraz bete ahal

izateko. Honez gain, gaixotasunagatik luze joko duten beste bi postu bete Gabe daude, eta baita hainbat aitatasun eta lan jardun murrizketa ere.

Gainera, 2018ko urte hasieran udal gobernuak erabaki zuen 6. lantalde bat sortzea garabi zerbitzua eskaini ahal izateko; honek ekarri zuen talde horretara bideratzea udaltzain bana gainontzeko taldeetatik, eta gaueko txandan udaltzain bat gutxiago izatea. Ondorioz, lan txanda batzuk udalak berak zehaztutako kopuru minimoaren azpitik daude (momento batzuetan 2 udaltzain soilik). Honegatik guztiagatik, esan dezakegu udaltzaingoak ez duela nahikoa baliabide herritarrei erantzun egoki bat emateko, eta lankideen segurtasuna ez dagoela bermatuta. Hau dela eta, Enpresa Komiteak adierazi nahi du pertsonal faltagatik udaltzainen bat kaltetua suertatzen

bada, legezko neurriak hartuko dituela. Aste honetan bertan jakin dugu udal gobernuaren asmoa dela hainbat lanposturen izaera aldatzea (udaltzain buruarena, koordinatzailearena eta udaltzain lehen batena), aurrerantzean

lanpostu horiek bete ahal izateko Erkidegoko Administrazioaren edozein poliziarekin. Erabakia oso larria iruditzen zaigu, batez ere neurri honek urratzen duelako egun lanean dauden udaltzainen eskubidea lanpostuan promozionatzeko.

Egoera honen aurrean eskatzen dugu:

  • Lanpostuen izaera aldatzeko proposamena alde batera uztea, eta aztertzea lanean dauden udaltzainekin lanpostu horiek betetzeko aukera.
  • Udaltzainen lan poltsa osatzeko deialdia egitea urgentziaz, hutsuneak ahalik eta bizkorren betetzeko.
  • Garabi zerbitzua ematen duen lantaldea desegitea eta udaltzain horiek bideratzea beste lantaldeak osatu eta indartzera.
  • Behingoz hausnarketa serio bat egitea udaltzain ereduaren inguruan, aztertuta zer behar dituen herriak, zelako bilakaera izan duen azken urteetan eta zer udaltzain eredu bultzatu nahi duen, eta egokitzea horretarako behar diren baliabide material eta pertsonalak".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak