Dantza tradizionalak eta neoklasikoa, eskutik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko ots. 4a, 12:04
'Üda batez ' ikuskizunean parte hartzen duen lantaldea. Argazkia: Kompany Beritza.

Maitasun istorio garratza kontatzen du Zuberoako Kompany Beritza elkarteak Üda batez ikuskizunean, dantza neoklasikoaren eta Zuberoako dantzen nahasketaren bitartez; otsailaren 9an, zapatuan, 19:30ean, Amaia antzokian eskainiko dute.

Aspaldikoa da Zuberoako eta Arrasateko euskalgintzaren arteko harremana. Orain dela 16 urte, Gabonetan Zuberoako ikastolen aldeko otarreak saltzen hasi ziren, eta harrezkero harremanak sendotzen joan direla kontatu du Arrasaten bizi den Renee Harbustan zuberotarrak: "Ikastolak eta, orokorrean, euskalgintzan jarduten dutenak oso eskertuta daude jasotzen duten laguntzagatik, eta, esker ona adierazteko, Arrasaten Üda batez dantza ikuskizuna eskaintzeko proposamena egin ziguten. Lehenengo ekimena izango da hori, baina udazkenean hego eta ipar Euskal Herriko dantzak eta bestelako kultura adierazpenak batuko dituen topaketa antolatzeko asmoa dago".

Zuberoko ikastolak eta Kompany Beritzak elkarlanean ekoiztu dute, eta euskal dantzak eta dantza neoklasikoa uztartzen ditu. AED, Portaloia, Geike, Lore Gazteak eta Arrostaitz taldeen ekimenez, eta Udalaren laguntzarekin, otsailaren 9an eskainiko dute, Amaia antzokian, 19:30ean. Sarrerak Arrasate.eus atarian eros daitezke, 10 eurotan. Batutako diruaren zati bat Zuberoko ikastolei laguntzeko izango da.

"Bertakoekin, guztiendako"

Zuberoko kantariak, dantzariak eta artistak bultzatzen ditu Kompany Beritza elkarteak; honelaxe azaldu du elkarteko kide Johañe Etchebestek: "Helburu bikoitz bat lortzea irrikatzen dugu hastapenetatik gure elkartean: Zuberoako euskal dantza eskolen lana baloratzea, errepertorio berrietara irekita egonda, batzuetan klasikoak, eta baita sarritan garaikideak ere; eta bestetik, Zuberoaren eta, oro har, Euskal Herriaren ezagutzan eta sustapenean parte hartzea".

Hogei urteko ibilbidean sei ikuskizun sortu dituzte. "Üda batez gure bigarren dantza ikuskizuna da. Martxoan egingo dugu azkeneko emanaldia, Maulen; 2018ko urtarrilean hasi ginen entseguekin eta urrian egin genuen lehen emanaldia; hasieratik adosten genuen amaiera-data, ikuskizunak bete-betean eragiten die-eta euren taldeen dinamiketan", dio Etchebestek.

Ohi duen moduan, ikuskizunaren prozesu guztia egin du Kompany Beritzak. "Joana Etxart bertako idazleari eskatu genion gidoia idazteko, pastoralak idatzi izan ditu. Pabio Lopez neoklasiko estiloko dantzari eta koreografoari eman genion gidoia, gero. Eta aurrekoan moduan, herrietako dantza taldeen artean aukeraketa egin, eta hemeretzi hartu genituen; 18 eta 30 urte bitarteko dantzariak dira, oso onak, profesionalen maila dute".

Kantuan inspiratuta

Zuberoako Goizean goizik abesti zaharretik abiatuta idatzitako istorioa dela dio Etchebestek: "Protagonista nagusia emazte bat da, eta horrek badu lagun mina, baina jai batean banandu egingo da, beste batekin joango da, eta ezkondu gero. Lagun min ohiak ez du ondo hartuko eta pozoitu egingo du emaztearen senarra… Asmatutako ipuin bat da, baina mitologiako eta maskaradako pertsonaiak ere sartu ditugu. Bakarrik dantzen bitartez kontatutako istorioa da, bukaeran aipatutako kantuari erreferentzia egiten badiote ere. Lopez Miarritzeko dantza eskolakoa da, neoklasikoa, erromantikoa, argiekin asko jolasten dute giro berezia eta bizia sortuz. Eta guk egin duguna da mundu hori nahasi egiten dakigunarekin, hau da, gure dantzekin. Ordu bat eta hamar minutuko emanaldia da".

Elkar ezagutzeko

Iparraldeko bira arrakastaz ari dira egiten, sei emanaldi egin dituzte, eta, amaitu aurretik, Arrasaten –hegoaldean egingo duten bakarra– eta, azkena, martxoaren 18an, Maulen. "Oso pozik gaude, aretoak bete egin ditugu. Publiko guztientzako modukoa da. Arrasateko emanaldia gure dantzariak bertakoekin egon eta elkar ezagutzeko baliatuko dugu, irailean egin gura dugun topaketarako hariak lotzen joateko".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak