Javier 'Txisko' Eraña: "Alkideba Ointxe!-k zubi lanak egitea du helburu"

Jokin Etxebarria 2019ko ots. 1a, 10:06
Taldea, entrenamendu baten atarian

Igo berria da Ointxe!-ko bigarren taldea Euskadiko Bigarren Mailara, eta, hala ere, denboraldi itzela egiten ari da: lider, puntu gehien sartzen duen taldea eta lehen itzulian bi partidu bakarrik galduta; biak Bizkaian, eta biak hiru puntuko aldearekin

Azken urteetan, Arrasateko Ointxe! Saskibaloi Taldea harrobiarekin lan handia egiten ari da. Horren erakusgarri da urtero-urtero klubeko talde kopuruak gora egiten duela eta geroz eta neska-mutil gehiago direla saskibaloian jokatzen dutenak herrian. Izebergaren puntan EBAko taldea dago, baina azpian lan handia egiten da.

Alkideba Ointxe! da klubeko bigarren taldea. Jokalari gazte eta beteranoek osatzen dute, saskibaloian jokatzeko ilusioak batzen duen familia handi baten gisa. Ilusioak gozamena ekarri ohi du, eta, gozatuta, emaitza onak iristea errazagoa da.

Mailaz igo berri

Iaz, Gipuzkoako Lehen Maila Erregionalean ari zen taldea. Denboraldi bikaina egin eta gero, igoera jokatzeko lauko finalera iritsi zen, baina finalean, Donosti Dolphinsen aurka galdu egin zuen. Donostiarrek maila bat gorago aritzeko nahikoa azpiegitura ez zutela ikusita, baina, libre geldituko zen plaza hori betetzea eskatu zuen klubak. "Zuzendaritzak nahi du Alkideba Ointxe! juniorren eta lehen taldearen arteko zubi lanak egingo dituen taldea izatea, eta horretarako egoki ikusi zuen maila bat gorago jokatu ahal izatea", dio Javier Txisko Eraña entrenatzaileak.

"OSO TALDE GOGORREN AURKA JOKATZEA EGOKITU ZAIGU; BATEZ ERE, BIZKAIAN"

Junior mailatik EBAra dagoen jauzia oso handia da eta Gipuzkoako kantxa eta jokalarien aurka jokatzera ohituta zeuden jokalariei ondo etorri zaie kantxa eta jokalari ezezagunen aurka jokatzea: "Entrenatzaileentzat ere gauza berria zen eta ez genekien zer aurkituko genuen. Egia esan, oso talde gogorren aurka jokatzea egokitu zaigu, batez ere, Bizkaian, baina, oraingoz, gauzak oso ondo doaz". Eraña eta Urtubi entrenatzaileak ezin dira kexatu, taldeak lider amaitu baitu lehen itzulia, bi partidu bakarrik galduta eta puntu gehien sartzen duen taldea izanda.

"Galdu ditugun bi partiduak hiru puntuko aldearekin bakarrik galdu ditugu, biak Bizkaian. Ikusiko dugu bigarren itzuliak zer ematen duen, oso talde gogorren etxean jokatuko dugulako, baina polita litzateke igoera fasea jokatzea", dio Erañak.

Gazte eta beteranoak

Iazko taldeko muinak jokatzen jarraitzen du. Beheko mailetatik gutxika-gutxika gora joan diren jokalariak dira. Multzo horri, baina, hiru beterano batu zaizkie, EBA ligako taldeak eskatzen duen esfortzuari ezin ziotenak erantzun baina saskibaloiarekin disfrutatzen jarraitzeko gogoa zeukatenak: "Zeziagak, Atxak eta Aranzabalek asko eman diote taldeari, taldea hazi egin da beraiekin, eta, talde bat hazten den heinean, taldea osatzen duten jokalari guztiak hazten dira". Erañaren eta Urtubiren filosofia denok disfrutatzea da: "Adibidez, azken partiduan jokalari guztiek sartu zuten punturen bat, eta, guretzako, hori oso garrantzitsua da, guztiak taldearen parte sentitzen baitira".

Bestetik, talde nagusiarekin duten harremana handia da, Alkideba Ointxe!-ko hiru jokalari entrenatzen baitira EBAkoekin batera. "Ahalegintzen gara baita ere lehen taldeak jokatzen duen eran jokatzen, azkar eta ikuslearentzat modu ikusgarrian, nahiz eta astean bi entrenamendurekin soilik, normalean, libre antzean jokatzen dugun eta ez ditugun sistema gehiegi erabiltzen". Gainera, junior mailatik bi edo hiru jokalari igo ohi dituzte, bai entrenatzera zein jokatzera, eta argi dute dinamika horretan sartu nahi dituztela jokalariak, egunen batean lesioren bat baldin badago askorik ez igartzeko.

Zubiek, batzeko balio duten heinean, gozatzeko aukera ere ematen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak