Lezo Urreiztietaren abenturak gogora ekarriz

Maialen Regueiro 2019ko urt. 25a, 11:33

Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren galan egin zen 'Jainkoak ez dit barkatzen' dokumentalaren estreinaldia eta gaur, Kulturaten egongo da ikusgai, 19:00etan hasita; Josu Martinez, ikus-entzunezkoaren egilea, bertan izango da. 

Martin Ugalderen liburua

Martin Ugalde kazetari eta idazleak Lezo Urreiztietaren abenturak jaso zituen liburu batean eta Josu Martinezek liburu horretan adierazitakoaz harago historia bat zegoela ikusi zuen. Ugaldek liburua idazteko hainbat elkarrizketa egin zituen eta Martinez horien bila hasi zen: "Zintak topatu nituen eta argi ikusi nuen istorio bat kontatu behar zela". Hala, zinemagile bilbotarrak ia hiru urte eman ditu dokumentala prestatzen. Izan ere, guztira, 35 ordu zituen topatutako zinta guztietan: "Azken emaitzan, horietatik ateratako eduki gutxi gelditu bada ere, istorio asko ikus-entzunezkotik kanpo geratu behar izan dira". 

Lezo Urreiztieta

Urreiztieta Santurtzin jaio zen, 1907an, eta, 10 urte zituela, itsas kontrabandoari ekin zion. Bere leloetako bat zen gauzak ez dira esaten, egin egiten dira, eta horren adibide dira santurtziarrak egindakoak: EAJko eta ELAko kide egin zen, fusilatzeko arriskuan zeuden 826 sozialista erreskatatu zituen eta Espainiako gerran izugarrizko lana egin zuen, besteak beste. Hala, ezagutzen zutenek akziozko gauzak egiteko karisma edo gaitasuna moduko bat zuela zioten. 

Lezoren memoria

Dokumentala aurrera eraman eta Euskal Herriko hainbat herritan ikus-entzunezkoa erakusteaz gainera, Martinez beste medio edo formatu bat eskaintzen ari da Lezoren memoria zabaltzeko. Martinezek dio "guztiari batasun bat eman nahi diogu, eta, horretarako, transmedia bidaia bat izango balitz bezala planteatu dugu". Lezok bere bizitzan ezagutu zituenak egitea da asmoa, "denbora luzez ahaztuta egon delako, baina orain, gelditzeko etorri da". 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak