Drogekiko eta jokoarekiko adikzioan jarri nahi du fokua Jaikik

Xabi Gorostidi 2019ko urt. 24a, 17:46

Gazteria eta adikzioak: apurtu dezagun isiltasuna izenburupean oharra plazaratu dute Arrasaten ikusten duten egoeraren aurrean arreta jartzeko asmoz. "Arazo bat dago, eta arazo hori seinalatu egin behar da". Gaiaren inguruan eragiten hasteko jokoari buruzko hitzaldi bat antolatu dute otsailaren 8an, gaztetxean.

 "Arazo bat dago, eta arazo hori seinalatu egin behar da. Ez da posible hainbat eta hainbat tabernatan, zenbait lokaletan eta joko aretoetan droga saltzaileak egotea egunero drogak saltzen, zuzenean edo mugikorrari lotuta hara eta hona mugitzen. Ez da posible eta ez da zilegi beste alde batera begiratzen jarraitzea. Bada garaia honi erantzuna ematen hasteko. Ez da informazio edo heziketa arazo soila, arazo politikoa da, nagusiki".

Esan bezala, bi gai horiei buruz eragiten hasteko, jokoaren adikzioari buruzko hitzaldi bat antolatu dute otsailaren 8rako. Gaztetxean izango da, 18:30ean, eta Jokoa eta menpekotasuna gurean izenburupean.

Hona hemen Jaikiren oharra bere osotasunean:

"Bada garaia Euskal Herri osoan eta Arrasaten indar bereziki handiz gazteria kolpatzen duten adikzio biren inguruan berba egin dezagun: drogak eta apustuak.

Denok ikusten dugu, gehiago ala gutxiago: gau giroko taberna batzuetan eta hainbat lokaletan gure herrian dagoen droga mugimendua kezkagarria da. Kontsumitzaileen perfil gazteena, gainera, gero eta lotuago dago internet bidezko (edo makina eta lokal fisikoetako) apustuen munduari, eta zirkulu maltzur bat eratzen da, zerikusi zuzena duena geroko delinkuentzia arruntaren (adibidez, lapurreten) gorakadarekin, begi bistakoa den bezala.

 Arazo bat dago, eta arazo hori seinalatu egin behar da. Ez da posible hainbat eta hainbat tabernatan, zenbait lokaletan eta joko aretoetan kamelloak egotea egunero drogak saltzen, zuzenean edo mobilari lotuta hara eta hona mugitzen. Ez da posible eta ez da zilegi beste alde batera begiratzen jarraitzea.

Ezin dugu jarraitu itsu plantak egiten. Lapurretak, jokoarekin lotutako adikzioak eta droga menpekotasunaren aurpegi desberdinak, guztiak lotuta daude eta

HERRITARRON ERANTZUKIZUNA DA AHALDUNTZEA, ANTOLATZEN HASTEA ETA MUGAK IPINTZEA.

Denok dauzkagu inguruan drogen ondorioz edota apustuen ondorioz lur jota edo betiko gaixo geratu diren senide, ikaskide eta lagunak, baita kontsumoari loturiko bestelako arazo batzuk dauzkatenak ere, maila batean edo bestean. Eta bada garaia hau publikoki salatzeko. Bada garaia honi erantzuna ematen hasteko. Ez da informazio edo heziketa arazo soila, ARAZO POLITIKOA DA NAGUSIKI.

Droga menpekotasuna nahiz trafikoa, internet bidezko edo aretoetako apustuen gorakada... desindustrializazio bidean dauden gurea bezalako herrialdeetako langile klasea lokartzeko modu bat gehiago da, Europako eremu ugaritan geratzen ari dena, bereziki Euskal Herria bezalako eremu borrokalarietan. Estatuko aparatuen aktuazioak alor honetan kosmetika hutsa dira, izan ere, Estatuaren jabe den burgesiak gazteak astean zehar lan prekarioetan eta asteburuetan drogatuta nahi ditu, ez borroka politikoan. Gainera, ezagunak dira droga trafikoaren eta polizia espainiarraren arteko lotura historikoak gure herrian bertan.

Hau guztia dela eta, Jaiki-k salaketa eta kontzientziazio kanpaina bat abiaraziko du. Gazteriaren alienazio estrategiak politikoki irakurri behar direlako; salatu, gure artean antolatu eta konpontzen hasi. Borroka egin beharra dago, herri eta klase ikuspegitik.

 ARRASATEN MUGITZEN HASTEKO GARAIA DA!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak