Batzokiko pintaketekin, askotariko irakurketak

Xabi Gorostidi 2019ko urt. 18a, 13:29
Batzokian agertu ziren pintaketen argazkia.

Urtarrilaren 11n Maravillas gaztetxearen alde herrian jarritako pankartak kendu ostean, ezezagunek pintaketak egin zituzten batzokian. EAJk "bizikidetza apurtzeko ekintza gisa" irakurri zuen gertatukoa, baina EH Bilduk eta Baleikek ez dute hala ikusi.

Iruñeko gaztetxea itxi zen egun berean Maravillas aurrera izenburua zuten pankartak agertu ziren herrian. Jaiki taldeak sinatzen zituen, eta, horietako batzuetan, Gero Bai, EAJ, ordainduko duzue mezua agertzen zen bigarren mailan. 

Irudia: Iturbide egoitza alboan Jaikik jarritako pankarta. (Irudi jabea: Jaiki).

Udalak horiek kendu zituen, jarri eta gutxira, eta, urtarrilaren 11n, batzokian ezezagunek egindako pintaketa batzuk azaldu ziren, honako mezu hauekin: Kijera eta Maravillas aurreraLotu txakurrak eta Geroa Bai=PNV.

Horren aurrean, "erasoa eta mehatxuak salatzeko" oharra plazaratu zuen Arrasateko EAJK. "Pankarta bidez alderdiari, alkateari, zein zinegotziei egindako mehatxuak, demokrazia eta askatasunetik baino gehiago, totalitarismotik eta faxismotik daude gertuago. Bizikidetza apurtzen duten ekintza horien aurrean ez dugu atzerapausorik emango".

Bizikidetzaren alde lan egiten jarraitzeko prest daudela esan zuten, eta Udaleko alderdiei dei egin zieten, "publikoki akzio horiek salatzeko ausardia edukitzeko".

[EAJren oharrari buruzko albistea irakurtzeko, egin klik hemen]

EH Bilduren irakurketa

"Kezkaz harriduraz bizi dugu EAJren agiria. Kezkaz, Arrasaten bizikidetza eta gatazka politikoaren konponbidea eraikitzen gaudenean honelako kritika politiko batetik biktimismoari heldu, eta beste indar politiko batzuk zalantzan jartzeko baliatzea abagunea. Batzokian egindako pintaketetan ez dago mehatxurik, gure ustez, ez eta irainik ere. Kritika politikoaren barruan kokatzen dira eta naturaltasun handiagoz hartu beharko lituzke, biktimismo oportunista gabe. Bizikidetza ez da disidentzia ororen isiltzea, urratsak eman ahal izateko helmuga baizik. Jarraitu dezagun lanean". 

[EH Bilduren oharra bere osotasunean irakurtzeko, egin klik hemen]

Baleikeren kritikak

Alderdi moreko kideak izan ziren EAJren oharrari publikoki erantzuten lehenak. "EAJk era interesatu batean nahasten ditu aldarrikapen sozial legitimoak, eraso pertsonal edo partidistekin. Memoriaren Mahaian eginiko lana Iruñeko Maravillas Gaztetxea defendatzen duten pintadekin nahasteak argi islatzen du bere lerro politikoekin ados ez dauden protesta sozial guztien kriminalizazioa bilatzen dutela. Bizikidetza hitza hipokrisia osoz erabiltzen dute". 

[Baleikek plazaratutako oharra bere osotasunean irakurtzeko, egin klik hemen]

Arrasateko PSE-EEri iritzia eskatu dio GOIENAk, baina ez du erantzunik jaso. Irabazik, aldiz, otsaileko osoko bilkuran emango du gaiari buruzko bere iritzia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak