Jeltzaleekiko erasoak eta mehatxuak salatu ditu Arrasateko EAJk

Mirari Altube Arrese 2019ko urt. 11a, 13:55

Atzo gauean Arrasateko batzokiaren aurrealdean egindako pintadak gogor gaitzetsi ditu EAJ-PNVk: "Eta azken hilabeteetan pankarta bidez alderdiari, alkateari zein zinegotziei egindako mehatxuak. Horrelako ekintzak demokrazia eta askatasunetik baino gehiago totalitarismotik eta faxismotik daude gertuago".

Gaineratu dute: "EAJ-PNVko gizon eta emakumeak beldurtzea helburu badute ez dute horrelakorik lortuko". Era berean, bizikidetzaren alde egindako apustua berretsi dute, eta "bizikidetza apurtzen duten ekintza horien aurrean" ez dutela atzera pausorik emango gaineratu.

Arrasateko udaleko indar politiko guztien parte hartzearekin orain dela bi urte abian jarritako Oroimenaren eta Elkarbizitzaren mahaiak egindako lanak hainbat emaitza eman dituela adierazi dute: "EAJ-PNVk argi du, beraz, hori dela bidea, elkarrizketa, elkarlana eta elkarrenganako errespetua, eta bide horretan ez daukate lekurik horrelako ekintzek. EAJ-PNVk bizikidetzaren alde lanean jarraituko du, bere bideari eutsiz, inposaketen aurrean amore eman gabe". Eta mahaia osatzen duten alderdiei ausardia eskatu diete: "Publiko ager daitezela akzio guzti hauek salatzen. Bestela, argi utziko dute elkarbizitzari ekin dioten bidea ez dela izan zintzoa". Bukatzeko, "bizikidetzan eta errespetuan oinarritutako Arrasate aske" baten alde egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak