Aurpegi berrien premian, herrian mendizaletasuna zabaltzen jarraitzeko

Xabi Gorostidi 2019ko urt. 14a, 15:09

Besaide Mendizale Elkarteak sei hamarkada pasatxo daramatza Arrasaten mendizaletasuna hedatzen, horren zentzu zabalenean. Oraingo zuzendaritzak ibilbide oparoa egin du, eta, hura berritzeko, herritar guztiei ireki nahi dizkie elkarteko ateak

Miguel Unamuno pentsalariak zioen: Nork bere burua berritzeko gaitasunak eragiten du aurrerapena. Eta Besaide Mendizale Elkarteko zuzendaritzako kideek bat egiten dute ideia horrekin; izan ere, egindako ibilbide emankorraren ostean, aurpegi eta ideia berriz hornitu nahi dute elkartearen zuzendaritza.

Elkarte erreferentea

Mendizaletasunarekin lotutako askotariko irteerak egin izan ditu Besaidek bere sorreratik –1957an sortu zen–, eta horietako asko erabat errotuta daude gaur egun, elkartearen klasikoak izateraino. Honela definitu ditu egungo presidente Aitor Zubiagak zeintzuk izan diren Besaide Elkartearen ekintzen artean ikur izatera heldu direnak:

ESKI IRTEERAK, 'AIBA' MENDI MARTXA ETA 'MONDRANBIKE' DIRA ELKARTEAREN IKUR NAGUSIETAKO BATZUK

"Historikoki, pisu handia izan dute elkartean eski alpinoaren baitan antolatu izan diren irteerek. Negu partean, astebururo bi autobus eraman izan ditugu Pirinio aldera, eta gaur egun mantentzen den zerbait da. Beste ikur bat, nire ustez, Mondranbike lasterketa da. Arrakastatsua da, herrian zehar egiten den ibilbide paregabea du, eta Arrasateren izena Euskal Herriko mendiko bizikleta-zaleen artean zabaltzeko balio izan du. Eta beste ikurretako bat, zalantzarik gabe, Aiba mendi martxa da. Elortondo anaiek hasi zuten, eta gure ingurutik urrundu gabe mendi buelta ikusgarriak egin daitezkeela erakusteko balio izan du".

Aipatu behar da Aiba bi urtetik behin antolatzen dela orain, eta aurtengo ekainean beste edizio bat egingo dutela.

Modernizatzea eta ahalduntzea

Elkarteko zuzendaritzak betidanik izan dituen helburuak dira, eta horren erakusle garbia da duela bi urtetik Sergio Serranok gidatu dituen GPS ikastaroak. "Hasieran, Federazioko kide batek gidatu zuen ikastaroa, baina teknikoegia zen. Sergiok sekulako lana egin du, bakoitzaren jakintza mailara eta bakoitzaren baliabide teknologikoetara egokitzen. Teknologia berriekiko mesfidatia zen jende asko ahalduntzea lortu du, eta mendizaleen segurtasunerako eta autonomiarako aurrerapausoa izan da". 

Etxezarreta proiektua

83 hektareako lursail hau publiko bihurtu da agintaldi honetan, eta horretan zeresan handia izan du mendi elkarteak. "Energia eta indar asko xurgatu digun proiektua izan da. Honen genesitik, Besaide atzean egon da. Pinuak botatzen ari zirela ohartu ginen eta Udalari abisatu genion. Gero, joko politikoaren erdian sartu ginen, eta ez zen erraza izan akordioa lortzea, nahiz eta herriarentzako onura oso agerikoa izan, gure ustez. Baina adostasuna lortu genuen, eta sentsazioa daukat urte batzuk pasatu ostean jabetuko garela proiektu honek duen garrantziaz: Debagoieneko erdigune geografikoan dago, sekulako lorategi botanikoa du, Vasco-Navarro trenbidearen ibilbidea...".

Lursaila guztiz ordainduta dago momentu honetan –ordainketa bi zatitan egin ostean–, eta laster lan txiki batzuk egingo dituzte. "Ostean, auzolan batzuk antolatuko ditugu; ingurua ezagutarazteko eta norberarena dela sentitzeko".

Herriarentzat bideak irabazten

Aspektu hau izan da gaur egungo zuzendaritzaren helburu nagusietakoa, eta, horren harira, mugarritzat jo du Zubiagak herri-bideen inbentario publikoaren onarpena. "Oso pauso garrantzitsua da, arrazoi askorengatik. Lehenik eta behin, estatus jakin bat ematen die bide horiei, eta herriaren ondare izatera pasatzen dira. Hori onartu aurretik zeuden hainbat arazo saihesteko balioko du: lehen, bide batzuen jabetzarekin zalantzak egoten ziren, arazoak zeuden ere bideen mantentze lanekin lotuta –narra gehiegi edukitzea edo lur-jausien eraginak, kasu–. Baina, behin herri ondare izaera edukita, Udalak izango du mantentzearen ardura, eta jabetzekin lotutako eztabaidak saihestuko dira". Zubiagak dio "dokumentu bizi bat" izango dela, aldaketak izan ditzakeena, eta seinaletika arloan hobekuntzak egin daitezkeela uste du. Bide sare horrekin lotuta, ordea, hainbat lan eta hainbat erosketa hauspotu ditu Besaidek.

Kurtzetxiki

"Hau da, nire ustez, herriarentzat berreskuratu dugun eremuen adibiderik emankorrena. Lehen, pinudi bat zegoen tontorrean, eta, hori soildu ostean, sekulako bistak eskaintzen dituen tontor bat lortu dugu, Anbotoren, Udalatxen, Atxorrotxen eta Aloñaren ikuspegi ederrak dituena. Kanpoko bisitarien eskutitzak jaso ditugu bertako postontzian, egindako lanagatik eskerrak emanez. Betidanik bertan eduki dugun leku hori azken urte hauetan ezagutu dute arrasatear askok. Guk ez dugu asmatu, bertan egon da beti, baina, gerizpetik atera eta duindu ostean, asko irabazi du". Esan behar da, besteak beste, Kurtzetxikin egindako lanagatik jaso zuela Besaidek 2018ko Maritxu Komisiñuaren inbutua.

San Baleixo

Meatzerreka inguruko eremu horretan egindako lanak herriaren historia hobeto ezagutzeko balio izan duela uste du Zubiagak. "Elizarenak ziren lurrak erosi zituen Udalak, eta, auzolan batzuk egin ostean, Arrasateren aberastasun iturri izan den meatzaritza-barrutia balioan jartzeko balio izan du. Bertako zazpi kobazuloak Arrasateren historiaren parte dira. Horrez gain, errege-bidea ere berreskuratu dugu".

 

Iturritxipi gaina

Udalak lursail hori erostearen alde egin zuen Besaidek, eta akordioa 2016ko uztailean heldu zen. "Gure hasierako asmoa zen San Baleixoko bide beretik bertara joateko bide bat egitea, Monterrondik abiatuko zena. Baina ez gara lursail bateko jabeekin akordiora heldu, eta Mojategitik joango da".

Besaide balioan jartzeko beharra

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko mugen erdian dagoen eremua duindu nahian ere aritu dira; duen edertasunagatik eta sinbolismoagatik, eta baita bertan ikusi dituzten jokabide desegokiengatik.

 

Irudia: Iñaki Zenitagoia.

"Mendian hildako lagunen oroimenezko monumentua dago bertan, eta, hori dela eta, errespetua merezi beharko luke. Baina alderantzizkoa ari da gertatzen. Monumentu batetik bestera dauden eskaileretan trabes batzuk jarri genituen, eta desagertu egin dira. Horrez gain, auto bat erreta agertu zen bertan, eta, ostean, hori goiko monumentura atoian eramaten ere ahalegindu dira. Horrelako jokabideak ikusita, eremua hesitzearen aldekoak gara, nahiz eta gu ez garen oso hesizaleak. Horretarako, txosten bat prestatu dugu Naturtzaindia elkartearekin batera, eta panel informatibo batzuk ere jarriko genituzke". 

Elkarlanerako borondatea

Azken urte hauetan, sinergiak bilatzeko ahaleginak egin ditu zuzendaritzak. Besaide egunari dagokionez, hura hauspotzeko kontaktu ugari izan dituzte Elorrioko, Aramaioko edo Atxondoko mendi elkarteekin. Herri mailan, adibidez, Ingurumen Mahaiaren bultzatzaileetako bat izan zen, non, besteak beste, SUDC, Arrasate Zientzia Elkartea, Naturtzaindia eta ordezkari politikoak dauden. Mahai horren fruitua izan da, adibidez, Antoñako hezegunea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak