Arrasateko "eremurik degradatuena" berriro urbanizatzeko konpromisoa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko urt. 10a, 18:23

Zalduspe berriro urbanizatzeko proiektua onartu berri du Arrasateko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak. Ospitalearen eta Argatek enpresaren –lehengo Asmobi– arteko eremua urbanizatuko dute eta, besteak beste, biribilgune bat, 75 aparkaleku berri eta atseden gune bat egokituko dituzte.

Hori bai, Kulturolarekin estuki lotuta doan proiektua denez, 2024rako gauzatzea aurreikusten du gobernuak. Esku-hartze garestia izango da, faseka egin beharrekoa, lau milioi euro eta erdiko aurrekontua dauka-eta; Udalak urte oso baten inbertsioetara bideratu ohi duen kopurua, hain zuzen.

Hirigintza zinegotzi Ibon Arruperen arabera, Arrasateko "eremurik degradatuena" da Zalduspekoa eta berriro urbanizatu beharra dago: "2016an Aprendices udal jabekoa egiteko permuta bat egin zuen Udalak SPRI erakundearekin. Kontratu horretan jarri zen baldintzetako bat izan zen Arrasateko Udala konprometitzen zela zortzi urtetan Zalduspeko eremua berriro urbanizatzeko".

Asmatu enpresak idatzi du proiektua 45.000 euro inguruko aurrekontuarekin; exekuziorako aurrekontua da lau milioi euro eta erdi ingurukoa. Udalak aurreikusten du faseka gauzatzea. Biribilguneaz, aparkaleku berriez, atseden gunean eta bidegorriaren luzatzeaz gain, hutsik geratuko den eremua mantala zuriko jardueretara bideratzea dago aurreikusita; esate baterako, teknologia, medikuntza edo berrikuntza arloko jarduera baterako.

Lehenago Kulturola bukatu behar

Urbanazazio lanak 2024rako amaituta egotea adostu zuten Udalak eta SPRIk, eta 2021ean, behin Kulturola eraikina amaituta dagoenean, asko azkartuko da urbanizazio prozesua. Izan ere, Kulturolarekin estuki lotuta doan proiektua da, Zalduspeko eremuan badirelako Kulturolara lekualdatuko diren zenbait elkarte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak