Arrasateko gaiteroak: "Futbol zaleek idatzitako kaka guztiak ez ditu gure musikazaletasuna eta pentsaerak aldatuko"

Xabi Gorostidi 2019ko urt. 11a, 10:20

Gaiteroen bideo batek hautsak harrotu ditu sare sozialetan. Donostiako norian Athleticen ereserkia jotzen ageri dira bertan. Hirugarrenek igo dute bideoa Twitterrera, eta biral bilakatu da. 17.000 aldiz ikusia izan da, eta polemika eta errespetu faltak eragin ditu. Gaiteroek azaldu dute "asmo txarrik gabe" egin zutela, eta norian bertan Realeko ereserkia jotzen ageri diren bideoa jarri dute horren adierazle.

Abenduaren 29an, Arrasateko bi gaitero eta euren kuadrilla Donostiara joan ziren, egun-pasa, eta, beti bezala, musika instrumentuak aldean eraman zituzten. Beste askok bezala, hain modan dagoen Alderdi Ederko norian bueltatxoa egitera joan ziren, eta han grabatu zuten gerora biral bilakatuko zen bideoa.

"Donostiako noria baten abesti batzuk jo, grabatu eta lagun artean konpartitu genituen. Realeko ereserkia ere jo genuen, eta grabatuta dago, baina besteak –Athleticekoak–, itxura denez, grazia gehiago eragiten du, eta hori izan da biral egin dena. Gero, arratsaldean, Donostiako plazako arkupeetan euskal Gabon-kantak eta Donostiako danborradako hainbat abesti ere jo genituen; bertako jendeak ere parte hartu zuen gurekin abesten, baina horiek ere grazia gutxiago sortzen dute inguru batzuetan, eta ez dira erabilgarriak. Morbo gutxi!", azaldu dute gaiteroek.

Bideoa lagunartean zabaltzeko asmoz grabatu zuten arren, hura pixkanaka hedatzen joan zen, eurekin zerikusirik ez zuten pertsonengana iritsi zen arte.
Hala, handik sei egunera, bere burua realzaletzat definitzen duen pertsona batek Athleticeko ereserkia jotzen ageri diren bideoa igo zuen Twitterrera, ondorengo mezuarekin: Batzuek Gipuzkoa alboko probintzian bizitza inteligenterik dagoen galdetzen jarraitzen dute. Nik, behintzat, argi daukat.

Txioak 60 erantzun baino gehiago pilatu zituen, batez ere, realzaleenak  eta athleticzaleenak, futboleko klabean. Badaude ereserkiaren bideoa umorez hartzen duten erantzunak, baina, beste batzuetan, gaiteroen eta haien lagunen aurkako irain pertsonalak ageri dira. Batzuk aipatzearren: Noriatik hegan botako nituzke; Kabina desinfektatu egin beharko da; Honen aurpegiarekin ehunka 'meme' egin ditzakegu; Inozoak dira, eta harro daude, gainera...

Harridura erreakzioekin

Protagonistek larrituta bizi izan dute bideoak sare sozialetan izan duen ibilbidea. "Bideo honen zabalkuntzak bagenekiena azaleratu du; zoritxarrez, kulturaren eta futbol forofismoaren artean dagoen desoreka, eta horrela doakigu mundu honetan. Musikaren inguruan aipatutakoak aparte, gai honek eduki duen erabilera okerrak kuadrillako pertsonei ere eragiten die, eta zentzugabekeriaz betetako hainbat hitz eta interpretazio jaurti dira, intentzio txarrez, min egiteko eta testuingurua batere ezagutu gabe. Bagenekien Interneteko mundu horretan sartzen diren gaiek horrelako erabilera izaten zutela; baina inondik ere ez genuen pentsatzen batzuek duten frustrazio pertsonala eta futbol estremismoa euskal zaleen artean ere egongo zenik".

Aurrera egiteko gogoz

Egun gogorrak izan dira gaiteroentzako, eta haien lagunentzako, baina arrasatearrei benetan gertatukoa kontatzeko erantzun diote GOIENAren deiari. "40 urte daramatzagu gaita jotzen askotariko ekitaldietan, tokietan –mendi gailurretan, itsasontzietan, kobetan, edo katedraletan– eta probintzia eta herrialde desberdinetan. Gure bideo asko daude Interne- ten zehar bueltaka eta guztien artean ez dute zenbatzen bideo honek izan duen bisita kopurua. Zer den morboa! Edozein koloretako futbolzaleen foroetan idatzitako kaka guztiak ez ditu gure musikazaletasuna eta pentsaerak aldatuko, eta umorez eta alaitasunez jarraitzeko asmoa dugu, jakina: Guuu... euskaldunak garaaa... Euskal Gaiteroak".

Azalpen oharra

Hona hemen, Arrasateko gaiteroek GOIENAri igorritako oharra bere osotasunean; gertaera azaltzeko, eta erreakzioak nola bizi izan dituzten azaleratzeko.

  • "Guk ez dugu zintzilikatu bideorik interneteko foroetan, eta ez daukagu  futbolaren inguruan forofismoaren gaixotasunik.
  • Donostiako noria baten abesti batzuk jo, grabatu eta lagun artean konpartitu genituen. Errealeko ereserkia ere jo genuen bertan, eta grabatuta dago, baina besteak, itxura denez, grazia gehiago egiten du, eta hau da zabaldu eta biral egin dena. Gero, arratsaldean, Donostiako plazako arkupeetan euskal gabon-kantak eta Donostiako danborradako hainbat abesti ere jo genituen; bertako jendeak ere parte hartu zuen gurekin abesten, baina horiek ere grazia gutxiago sortzen dute inguru batzuetan eta ez dira erabilgarriak, morbo gutxi!
  • Koadrilakoen egun pasa bat izan zen (gehienak,  definizioa sinplifikatuz, Realzaleak  gainera, bideoan agertzen diren bi barne ) eta ederto pasatu genuen eguna Donostiako hirian, giro ederrean.
  • Arrasate hitza ere agertzen da hainbat komentariotan, tweet iraingarri jakin batzuetan ... eta harrotasunez eramaten dugu gure herriaren izena gure taldearen izenean eta gure aktuazioetan. Eta, horregatik,  Arrasaten (Debagoienean), gure ingurukoei azalpen batzuk ematea da idatzi honen helburua , besteei ... bost axola guri.
  • Teknikoki, bideo horretan agertzen den bertsioa  Altza Gaztiak da…Feliciano Beobide tolosarrak 1926an Himno de los Mendigoizales konposatutakoa, eta gero Bilboko Athleticen Ereserki berria (Carmelo Bernaola, Jose de Olaizola, Feliciano Beobide eta Juan Anton Zubikarai) 1983 urtean aurkeztu zen … badakigu ... musikariak gara ... ez dago behin eta berriz guri hori aipatu beharrik.
  • Arrasateko Gaiteroek 40 urte daramatzagu gaita jotzen … ez dakigu zenbat ekitaldi, toki (mendi gailurretan, itsasontzietan, kobetan, katedraletan)  eta probintzi-herrialde desberdinetan. Gure bideo asko daude interneten zehar bueltaka eta guztien artean ez dute zenbatzen bideo honek eduki duen bisita kopurua. Zer den morboa! Bideo honen zabalkuntzak  bagenekiena azaleratu du, zoritxarrez; Kultura eta futbol-forofismoaren artean dagoen desoreka; eta horrela doakigu mundu honetan.
  • Musikaren inguruan aipatutakoak aparte, gai honek eduki duen erabilera okerrak, kuadrillako pertsonei ere afektatzen die, eta despropositoz betetako hainbat hitz eta interpretazio jaurti dira, intentzio txarrez eta min egiteko, testuingurua bat ere ezagutu gabe. Bagenekien Interneteko mundu horretan sartzen diren gaiek horrelako erabilera izaten zutela; baina inondik ere ez genuen pentsatzen batzuek duten frustrazio pertsonala eta futbol extremismoa  euskal zaleen artean ere egongo zenik.
  • Inguruan bizi diren batzuk (Arrasaten), eta Gipuzkoar ADN puruarekin identifikatzen direnak, gero Realzale y Baskonista hasta la médula definitzen dira. Ez ziren izan beharko Gipuzkoa Basketekoak? Edo bakarrik futbolarekin lotuko dugu  probintzialismo kutre hau?
  • Guri buruz astakeria galantak idatzi dituzten batzuen Twitter orri pertsonaletan, adierazpen askatasunaren aldeko apostua, Altsasuakoak libre, Kataluniako presoak aske ... eta horrelakoak agertzen dira. Eta, guri, abesti batzuk jo, eta gertatzen ari dena gertatu? Biolentzia berbala (eta ahal balitz fisikoa ) topera? Koherentzia mesedez.
  • Gure bideoa moldatu eta Altza Gaztiak - Athleticen ereserkia , (abesti euskaldunak), Cara al Sol musika faszistarekin ordezkatzera ere heldu dira foro horietan, itxura denez beraien artean "azeptazio" gehiago daukalako.
  • Horrelako pertsonajeekin konplikatua izango dugu  egunen batean  beste motatako Euskal Herri bat eraikitzea, probintzia eta zaletasunen arteko desadostasun tonto hauek lehentasuna badute.
  • Edozein koloretako futbol-foro forofistetan idatzitako "kaka" guztiak ez ditu gure musikazaletsuna eta pentsaerak  aldatuko, eta umorez eta alaitasunez jarraitzeko asmoa dugu, jakina!
  • Guuuuu … euskaldunak garaaaaaa….Euskal Gaiteroak…..

Arrasateko Gaitero eta lagunak"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak