Azken meza emanda, erabilpen berrien zain

Xabi Gorostidi 2019ko urt. 3a, 10:37

Seber Altube plazako San Frantzisko elizan ez da meza gehiagorik egingo aurrerantzean. Azken hiru urteetan Arrasateko Parrokiako kideak aritu dira zeregin horretan, eta Gabon zahar egunean egin zuten azken elizkizuna. Arantzazuko Frantziskotarrak dira elizaren jabeak, baina oraindik ez dute inongo lanketarik egin eraikinaren etorkizuneko erabilpena argitzeko.   

San Frantzisko elizan ez da elizkizun gehiago izango aurrerantzean, eta desakralizazioa dirudi aurrerantzean har dezakeen bide bakarra. Hiru irtenbide posible ditu: eraikinaren jabe diren frantziskotarrek eraikina ustiatzeko apaizak aurkitzea, Arrasateko Parrokiak apaizak aurkitzea –ez daukate horretarako asmorik– edo desakralizazioa.

Arantzazuko frantziskotarren buru den Juan Inazio Larreak, GOIENAri adierazi dionez, eraikinaren etorkizunari buruz "momentu honetan ez dago ezer berririk esateko".

"Eraikinaren etorkizunari buruz momentu honetan ez dago ezer berririk esateko"

 

Azken urteetan, elizkizunak egiteaz aparte, kontzertuak ere egin izan dira bertan –Goikobaluk eta Arrasateko Musikaleko Bandak egin izan dutena, adibidez–. Aurrerantzean horrelako kontzertuak egiteko aukeraz galdetuta, zera adierazi du: "Kontzertuena ikusi egin beharko litzateke: zer eratako kontzertuak diren, nork antolatzen dituen, zein izaera duten... baina, printzipioz, gure aldetik ez legoke horretarako trabarik". 

Azken hiru urteetan Horazio Argarate apaiza eta bere taldea arduratu dira San Frantziskon mezak egiteaz. Eraikinari erabilpen publikoa ematearen alde agertu izan da Argarate, eta azken meza egin ostean, iritzi bera mantentzen du: "Kulturate alboan izanda, aukera ederra eskaintzen du elizak kultur gune publiko hori indartzeko. Baina, hori ahalbidetuko lukeen salmenta ez da erreza izango. Instituzioen eta frantziskotarren arteko akordio bat beharko litzateke lehenik eta behin, ostean, Donostiako gotzainak desakralizazio dekretua eman beharko luke, eta azkenik, eraikina eraldatzeko diru inbertsio garrantzitsu bat ere". 

Elizak, erabilpenik gabe

Arrasateko San Frantziskorena ez da kasu solte bat. Elizak erabilpenik gabe geratzearena Euskal Herriko leku askotan gertatzen ari den fenomenoa da, eta Eusko Jaurlaritza lanketa bat egiten ari da horri buruz. "Elizan aspaldi eman zen gazteekiko eten bat, eta horri ez diogu buelta ematen jakin. Gero eta gutxiago gara eliza gerturatzen garenak, eta gero eta zaharragoak ere bai. Arazoa orokorra da, eta dakidanagatik Eusko Jaurlaritzatik hasiak dira horrekin lotutako lanketa bat egiten: elizek erabilpen publiko bat izan dezaketelako, eta bertan patrimonio historiko eta artistiko handia dagoelako" adierazi du Arrasate apaiz Horazio Argaratek.

"Gero eta gutxiago gara eliza gerturatzen garenak, eta gero eta zaharragoak ere bai"

 

"Jaurlaritzatik emakume bat etorri zen Arantzazura patrimonioari buruzko lanketa bat egitera, baina ez zigun ezer zehatzik proposatu San Frantziskoren inguruan" azaldu du Arantzazuko frantziskotarren buru den Juan Inazio Larreak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak