Kiroldegia musika areto izango da, aspaldiko partez

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko abe. 23a, 10:07
Des-kontrol taldeko Pepin, Muguruzarekin kantuan, 2015ean, Monterronen.

Urtarrilaren 5ean, 19:00etan, Shot! estudioaren aldeko elkartasun kontzertua egingo dute Musakolan. Taularen gainean izango dira: Itziarren Semeak, La Furia, Soziedad Alkoholika, Glaukoma eta Pikete Lerroa; sarrerak salgai daude, 15 eurotan.

Irailean egin zuten maiatzean erre zen Arrasateko estudioaren aldeko kontzertua Amaia antzokian, eta orduan iragarri zuten bigarren emanaldi bat egiteko asmoa zutela: urtarrilaren 5ean 19:00etan izango da, Musakolako kiroldegian. Sarrerak 18 eurotan salduko dituzte, eta, aurrez erosiz gero, 15 eurotan, Irati, Osorik, Taupa eta Dat tabernetan eta Musikaze.net/bidean atarian.

Bogan dauden taldeak 

Nahasketa bitxia izan zen lehenengo IShot!U kontzertua, bereziki, espresuki egun horretarako sortutako formazioak eta errepertorioak izan zirelako. Oraingoan, doinuei eta hitzei begiratuta, musika gogorragoa izango da oinarrian; gaur egun bogan dauden taldeekin osatu du Shot!-en Lagunarteak ia kartel osoa, baina izango da formazio berri bat ere: Fermin Muguruzak eta Arrasateko Des-kontrol taldea elkarrekin, Pikete Lerroa sinadurarekin. "Ferminek deitu zigun kantu batzuk batera jotzeko proposatzen, eta pozik hartu genuen. Shot!, gainera, oso gertukoa dugu, han grabatu dugu beti. Hasiera batean, kontzertu bakarra izango da, baina ikusiko dugu...", dio Des-kontrol taldeko Oier Beitia Magu-k.

"Garai baten moduan"

Musakolako kiroldegia toki estimatua izan da musikazaleentzako. Hamaika kontzertu egin dira, askotariko aldarrikapenen alde eta bestelakoak ere bai. 2004an egin zuten azkena –Joe Satriani eta Steve Vai–; hortaz, ilusioa piztu du 80ko eta 90eko hamarkadan kontzertu haietara joaten zen jendearen artean, eta jakin-mina garai hura bizi ez zuten gazteen artean.

"Denetik egin nuen: kontzertuak antolatu, sarrerak saldu, oholtzak muntatu, eta hiru alditan jo nuen", kontatu du Andoni Zubiagak, garai bateko SS-77 taldeko kideak. "Lehenengoa, 1989ko azaroaren 25ean Stiff Little Fingers-ekin 3.000 ikusleren aurrean. Erreferentziazko kontzertua, aditu askoren ustez. Bukaeran, arazoak izan ziren; adostutako denbora jo ondoren, eta horrenbeste jende zegoela argudiatuta, berriz taula gainera igotzearen truke diru gehiago eskatu zuten, eta lortu ere bai. Gitarra-laguntzaile moduan egon nintzen eurekin. Bigarren aldian, Aramaioko Xementerio eta Su Ta Gar taldeekin, eta azkena, Pitxones-ekin igo nintzen, gonbidatu moduan. Jul ezagutu nuen orduan". Egun hartako kartelean, Hertzainak eta Arrasateko Malaña taldeak ere bazeuden. Magu-k ere behin kiroldegian jotzeko aukera izan zuela ekarri du gogora: "Txapelpunk taldearekin jo nuen, Pedrotxo preso politikoaren aldeko ekitaldian". 

Atzerritik ere, talde ezagunak

Udalaz eta herriko elkarteez gainera, Javi Mondragon Partos zenak kontzertu asko antolatzen zituen kiroldegian, eta haren eta gertukoen eskutik izan ziren: Gwendal, Fischer Z, Lords of The New Church, Helloween, Gamma Ray, Suaves... "1992an, Obus-ek jo zuen, eta punk pila agertu zen kontzertua errebentatzera, eta, bota zioten txistuarekin nazkatuta, abeslariak alde egin zuen bukatu aurretik". 

Erreferente ziren euskal talde asko ere izan zirela gaineratu du Zubiagak: "Itoiz taldeak estreinatu zuen kiroldegia, 1979an, eta Errobi taldea ere handik gutxira etorri zen. Politikak indar handia zuen, eta nork antolatzen zuen araberako arrakasta izaten zuten kontzertuek. "Adibide garbia Itoiz-ekin ikusi zen. Hiru aldiz etorri ziren: lehenengoan eta bigarrenean, bete egin zen, baina hirugarrenean, Ambulance diskoarekin, 50 pertsona bakarrik batu ginen; EGIk antolatu zuen hura. Kontzertuez gainera, Amaia antzokia obratan zegoen garaian, playback jaialdia ere egin zen, eta arrakasta zuen Urtezahar kotilioia ere bai, hainbat urtetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak