Beñat Arnaiz eta Miren Apraiz izan dira garaile Santamas krosean

Mirari Altube Arrese 2018ko abe. 16a, 14:11

Giro freskoa baina korrikan egiteko apartekoa izan dute Santamas krosa egitera gerturatu diren 220 lagunek. Eta kale bazterretan zeuden herritarren animoek airean eraman dituzte korrikalariak. Helmugan, lehen gizonezkoa Beñat Arnaiz izan da eta Miren Apraiz lehen emakumea. Kuadrillen artean, ostera, denbora onena egin dute Amandarri eta Bapatekoak taldeek.

Beste urte batez aparteko giroa Arrasateko kaleetan Santamas krosari esker. 220 lagunek eman dute izena eta nork bere helburuak eta erronkatxoak jarrita egin du lasterketa, batzuk kuadrillan ondo pasatuz eta beste batzuk denborari begira. Kaleak bustita zeuden eta errebuelta batzuk kontu handiarekin hartu behar izan badituzte ere, ez dute inolako arazorik izan. Krosa hasteko, gainera, Ni zara zu naiz elkartasun mezua bidali dute. Hain zuzen, koadrila horretako atletek osatu dute kroseko erretratuetako bat, lasterketa hasi baino lehenago aurre aurrean jarri dira denak, Oliver Hernandez taldekideari elkartasuna helarazteko asmoarekin.

Hasi orduko jarri da lasterketa buruan Beñat Arnaiz aretxabaletarra, baita martxa bizkorra ezarri ere. Atzetik gainerakoak, Endika Donnay arrasatearra esaterako. Horrek adierazi du ez zuela lasterketarako asmorik baina animatu egin dela azken orduan, eta gorputzaldi onarekin zegoenez, lasterketak aurrera egin ahala gora etorri dela. Hala, herriko erdigunean hiru buelta pasatxo eman ostean, helmugan lehenengoa izan da Arnaiz eta haren atzetik sartu da Donnay. 

Emakumeetan ere Miren Apraiz arrasatearrak ez du izan aurkaririk. Gustura egin du lasterketa, erritmo bizian, eta lehenengo helmugaratu da. Bigarrena, ostera, Ane Zabala izan da.

Kuadrillei dagokienez, denborarik onena Lekeitioko Amandarri triatloi taldearendako izan da gizonezkoetan; bigarren geratu da Ni naiz zu zara taldea; eta hirugarren, Babarrunak. Emakumezkoetan, ostera, Bapatekoak kuadrillarendako izan da saria, eta bigarrena izan da Oinazkarrak. 

Sailkapenak

Gizonezkoak:

  • 1. Beñat Arnaiz (Ni zara zu naiz)
  • 2. Endika Donnay (Arrasate Runners)
  • 3. Ander Okamika (Amandarri)
  • 4. Iker Lobo
  • 5. Fernando Nogalez (Babarrunak)
  • 6. Unai Ibarra (Arrasate Runners)
  • 7. Haritz Garate (Amandarri) 
  • 8. Kepa Otxoa (Babarrunak) 
  • 9. Ritxar Goñi (Ni zara zu naiz)
  • 10. Ander Zurbano (Kakalardoak)

Emakumezkoak:

  • 1. Miren Apraiz
  • 2. Ane Zabala (Oinazkarrak)
  • 3. Itsaso Gangoitia (Amandarri)
  • 4. Laura Iturbe (Aramaixo Takarraran)
  • 5. Agurtzane Lete (Oinazkarrak)
  • 6. Ihintz Bengoa (Bapatekoak)
  • 7. Nerea Otxoa (Bapatekoak)
  • 8. Miren Sagasta (Izenbakoak)
  • 9. Alexandra Salgado
  • 10. Garazi Larrea (Kruelak)

Kuadrillak

Gizonezkoak:

  • 1. Amandarri
  • 2. Zu naiz ni zara
  • 3. Babarrunak

Emakumezkoak:

  • 1. Bapatekoak
  • 2. Oinazakarrak
  • 3. Azerixek

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak