12.500 euroko bi txeke, radarreko isunetatik

Xabi Gorostidi 2018ko abe. 12a, 17:25
Maider Makatzaga –DYA–, Jon Cencillo –DYA–, Maria Ubarretxena –alkatea–, Amaia Aspiazu –Ongizate zinegotzia–, Alba Casares –Gurutze Gorria–, Miguel Angel Guridi –Gurutze Gorria–.

2017ko abenduan hasi ziren martxan Arrasateko hiru radarrak. Ordutik hona 1.447 isun jarri dira, harrapaketek eta kexek behera egin dute orokorrean, eta batutako diru kopurutik 12.500 euroko txeke bana eman dizkiete DYA eta Gurutze Gorria elkarteei. 

Urtebete igaro da abiadura neurtzeko radarrak martxan jarri zirenetik, eta jasotako datuen berri eman zuten Maria Ubarretxena alkateak eta Amaia Aspiazu Ongizate zinegotziak, asteazkenean. Ez ziren bakarrik egon, ordea, alboan izan zituztelako DYA elkarteko Jon Cencillo eta Maider Makatzaga eta Gurutze Gorriko Miguel Angel Guridi eta Alba Casares..

Radarrak martxan jartzerakoan argi esan zuten hauen helburua harrapaketak gutxitzea zela, eta ez, ordea, dirua batzea. Batutako dirua errepideko istripuak saihesteko lanean ari diren elkarteei emango zietela iragarri zuten, eta hala egin zuten asteazkenean, 12.500 euroko txeke bana eman baitzieten DYAri eta Gurutze Gorriari.

1.447 isun urtebetean 

Funtzionamenduan hasi zirenetik 1.447 isun jarri dituzte, eta horietako 905 ordainduta daude. Abendutik azarora 122.300 euro batu dira, baina bertatik 97.300 gastuak ordaintzera bideratu dituzte: neurgailua jartzeko kabinak –18.130 euro–, zinemometroaren alokairua –73.607 euro– eta brigadako langileen gastak –5.000 euro inguru– eta argindarra –550 euro–. Batutako diruari gastuak kenduta 25.000 euroko mozkinak geratu dira Udalaren esku, eta horiek bi elkarteei bideratu dizkiete. 

Isunak eta kexak 

Hiru radarren artean Araba Etorbidekoa izan da eraginkorrena harrapaketak gutxitzeko orduan. 2017an sei harrapaketa izan ziren, eta 2018an, aldiz, bi. Uribarri harrapaketa kopurua   mantendu egin da –iaz bi, eta aurten bi–, eta Garibaien, aldiz igo egin da – iaz bat, aurten bi–. "Harrapaketei dagokienez, argi dago eraginkorrena Araba Etorbidekoa izan dela. Besteetan ez dugu harrapaketa kopurua gutxitzerik lortu, baina kexa kopurua asko jaitsi. Gurasoen partez jasotako kexak izan ziren radarrak jartzek arrazoietako bat, eta aurten, adibidez, ez dugu kexarik jaso" azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. 

Araba Etorbidekoa, finko

Behin datuak esku artean, eta  datorren urtera begira jarrita, bi radar lekuz aldatzeko aukera Udaltzainekin batera aztertzen ari direla esan zuen Ubarretxenak. Araba Etorbidekoa ez dute aldatuko, eraginkorrena izan delako, eta ez dute baztertu ere hiru radarreko kopurua handitzea.

DYA eta Gurutze Gorria 

Bi elkarte hauetako ordezkariak erabat eskertuta agertu ziren Udalaren partez jasotako bultzada ekonomikoak asko lagunduko dielako. 

DYAko lagunek Arrasateko lehen hezkuntzako ikasleekin formazio saioak egiteko baliatuko dute dirua: "6, 7, eta 8 urteko haurrekin ikurrak eta seinaleak identifikatzen hasteko  lanketak egingo ditugu. 8, 9 eta 10 urtekoekin bizikletan edo oinez mugitzeko arauak landuko ditugu, eta 10, 11 eta 12 urte artekoekin, drogen efektuekin gidatzearen arriskuei buruz jardungo dugu" adierazi du Maider Makatzagak.

Gurutze Gorrikoek momentu honetan dituzten hainbat behar finantzatzeko erabiliko dute. "Egoera kaxkarrean ditugun ibilgailuak konpontzeko, jostailu kanpainarako, edo muletak eta gurpildun aulkiak doan alokatzeko dugun ekimenerako erabiliko dugu dirua" azaldu du Guridik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak