Maria Zubimendi: "Arrasatekoa erronka handienetarikoa da"

Josu Bilbao Atxutegi 2018ko abe. 5a, 09:51
Maria Zubimendi Arrasateko plazan. Argazkia: Txomin Madina

Akordeoi-jole zumaiarrak iazko Arrasate Hiria nazioarteko akordeoi lehiaketa irabazi zuen Torkar esloveniarrarekin batera. Aurtengo txapelketa bihartik domekara arte izango da

Maria Zubimendik Neza Torkar esloveniarrarekin batera 2017ko Arrasate Hiria lehiaketa irabazi zuen. Hori dela eta, bi emanaldi eskainiko dituzte biek aste honetan. Bihar, Aretxabaletako Arkupe aretoan –20:00etan–, eta egubakoitzean Arrasateko Kulturaten –20:00etan–. Bi kontzertuak doan izango dira.

Urtebete pasa ostean, nola gogoratzen duzu Arrasaten bizi izandako erronka hura?

Egia esan, prozesu gogorra izan zen; azken batean, minutu askoko programa bat prestatzea lan handia da. Gainera, lehiaketa baterako prestatzen duzun presioarekin... Jakinda gero epaitua izango zarela... Hala ere, lehiaketa iritsi denean, oso polita izan da beti. Hainbeste denbora eskatzen duen lan bat saritzea ere gustura hartzen da.

Sentsazio onekin etorri zinen, ezta? Horregatik parte hartu zenuen.

Nik gaztetatik daramat lehiaketetan parte hartzen. Arrasatekoa erronka handienetariko bat da, mundu mailan garrantzitsuenetarikoa delako. Etxe ondoan edukita, gainera, zentzu berezi bat hartzen du lehiaketa honek. Denbora nuen, eta niretzako momentu ona izan zen prestakuntza lan horretan sartzeko. Egia da lehiaketek, batzuetan, zorte puntua ere izaten dutela. Zure maila duten beste askorekin elkartzen zara, azkenean.

Horrelako lehiaketetan piezak aukeratzeko orduan askatasuna izaten duzue?

Lehiaketaren arabera izaten da. Arrasateko kasuan, adibidez, lehen fasea bai izaten da derrigorrezko obra bat, eta gero, bigarren fasean ere zerrenda bat jartzen dute. Besteak, berriz, libre izaten dira. Hala ere, Arrasatekoak zerbait berezia badu: epaimahaiak ez du estetika jakin bateko musika bilatzen, baizik eta oso plurala dena. Mundu osoko tokietatik etortzen da jendea, eta oso errepertorio ezberdinekin. Alde horretatik, oso lehiaketa irekia da. Iazkoa adibidea garbia da. Neza Torkarrek eta nik berdinketa teknikoa egin genuen iaz, eta oso profil ezberdina dugu.

Biharko eta egubakoitzeko emanaldietan lehiaketan erabilitako errepertorioa joko duzu?

Ez, errepertorio berria prestatu dut. Lehiaketara aurkezten zaren errepertorioarekin eroso sentitu behar duzu, baina luzimendua ere bilatu behar duzu. Emanaldira eramango dudan errepertorioa ere oso anitza izango da. Luciano Berio-ren Sequenza joko dut eta guztiz ezberdina den Bach-en obra bat ere joko dut. Bukatzeko, Francisco Dominguezen obra bat joko dut, akordeoi elektronikokoa. Lehiaketa baten ez duzu elektronika jartzeko askatasunik, adibidez.

Zuk non bilatzen duzu luzimendua?

Errepertorio garaikidea asko gustatzen zait. Hori da nire berezitasuna. Iñaki Alberdirekin ikasi nuen, Musikenen, eta estetika hori asko lantzen du. Gauza gehiago egitea ere gustatzen zait, klasikoa ere bai, baina ni garaikidean sentitzen naiz eroso.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak