Ponferradan egindako lanarekin gustura Saioa Karate Taldekoak

Jokin Etxebarria 2018ko aza. 30a, 17:40
Madinabeitia eta Garcia pozik daude bizi izandako esperientziarekin

Euskadiko Txapelketan garaile irten ziren Ane Garcia eta Iosu Madinabeitia, junior mailan, eta horrek Euskal Selekzioarekin Espainiako Txapelketan aritzeko aukera eman die

Euskadiko Txapelketan garaile irten eta gero, Saioa Karate Taldeko Ane Garcia eta Iosu Madinabeitia Ponferradan (Leon) izan dira Espainiako Txapelketan parte hartzen pasa den asteburuan. Kumite (borroka) modalitatean, junior mailan, parte hartu dute biek. Anek, 59 kilo gorakoetan; Iosuk, berriz, 55 kilo azpikoetan. Euskal Selekzioak bost domina eskuratu ditu, arrasatearrek ez, baina egindako lanarekin eta bizi izandako esperientziarekin oso gustura bueltatu dira.

Zer sentitzen da Espainiako Txapelketa batean parte hartzen?

Ane: Esperientzia ikaragarria da. Denetik bizi izaten da. Batetik, urte osoan zehar egin duzun lana saritzen da, eta, ikustea entrenamenduetan egindako esfortzu guztiek zerbaiterako balio dutela, itzela da. Bestetik, nolako maila dagoen ikusi, jendea zenbat entrenatzen den ezagutu... asko ikasten da.

Iosu: Niretzat, ez da lehen aldia izan Espainiako Txapelketa batean, bigarrena baizik. Infantil mailan ere parte hartu nuen bere momentuan. Orduan ere, lehenengo txandan kanporatu ninduten, baina aurtengoan oso gustura gelditu naiz egindako lanarekin. Iazko txapelduna eta hirugarren gelditu zena zeuden nire taldean eta aurrera egitea oso zaila zen. Baina, era berean, onenen aurka lehiatzeak gehiago ikasteko aukera ematen dizu.

Dominak eskuratzea beti da polita, baina parte hartze-soilak bete egin zaituzte?

Ane: Baietz esango nuke. Askotan, galtzen duzunean, irabazten duzunean baino gehiago ikasten duzu. Polita eta denon gustagarria da irabazi eta dominak eskuratzea, baina, lortzerik ez dagoenean, ikasi duzunarekin gelditu beharra daukazu. Guztiak dauka alde positiboren bat. Horrek hazten laguntzen du, eta barrutik betetzen zaitu.

Ponferradako Toralin kiroldegiko harmailetatik 4.000 pertsona pasa ziren. Guztiak, karateaz disfrutatzen.

Iosu: Karatea ez da horren ezaguna, eta berezia da horrenbeste jende ikustea guk maite dugun kirolarekin disfrutatzen.

Bi modalitate nagusi daude karatean: kata eta kumitea. Zein da horien arteko diferentzia?

Ane: Diferentzia handia dago. Katarekin, teknika ezberdinak eta posizioek nolakoak behar duten izan erakusten da; horrekin, aurkariarekin batera nolabaiteko jolas antzeko bat sortzen da, baina ez dago kontakturik. Bietako nork posizioak eta teknikak hobeto egin puntuatzen da. Kumitean, berriz, bai, borroka egiten da, eta estrategiak garrantzi handia hartzen du. Erasoa defentsaren aurka eta alderantziz, puntuak nola batu bilatu behar baituzu.

Iosu: Kumitea filmetan eta ikusten denaren antzekoa da. Nik kumitean aritzea nahiago dut. Buruari momentu oro eragiten ari zara ikusteko non egin diezaiokezun min aurkariari.

Espainiako Txapelketa pasa da. Eta orain?

Ane: Bilbon jokatuko dugu Presidentes txapelketa bi aste barru eta bertan, Euskadi, Nafarroa, Errioxa eta Kantabriako karatekak egongo dira presente. Podiumean egotea gustatuko litzaidake.

Iosu: Azken finean, Euskadiko Txapelketan lehen postuan amaitu genuen eta bertakoen aurka badakigu nola jokatu. Horrek nolabaiteko abantaila ematen digu. Hala ere, Euskal Herrian lehen postuetan ibiltzen direnek maila handia dute; batez ere, zenbait pisu kategoriatan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak