'Malbe'-ri buruzkoak, zazpigarren zikloa ixteko

Xabi Gorostidi 2018ko aza. 29a, 17:39

Bedoñako artzainari buruz Maixol Iparragirrek eta Joseba Garitaonaindiak egindako hitzaldiarekin amaitu da AZEkoen 'Iragana Astintzen' zikloa. Malbe-k "ur eta larre libreak" exijitu zituen, nekaezin, eta XIX. mendeko artxiboek frogatzen dute haren eskaria legezkoa izan zela.

Alejandro Iturbe Arana, Malbe ezinenez ezaguna zena, 1888an jaio zen, Bedoñan. Txiki-txikitatik –7 urterekin– lanera joan zen Bedoñako Magalbe baserrira, morroi, eta bertatik zetorkion Malbe ezizena. Honelaxe deskribatu zuen gertutik ezagutu zuen Modesta Arangurenek: "Altua, guapoa, indartsua eta burugogorra". Azken adjektibo hori ondo merezita zuen, batez ere, lur-jabeekin izan zituen istilu eta eztabaida amaigabeengatik.

Artzain izateko hautua

XIX. mende bukaeran jaio zen, eta, orduan, Arrasate industrializazio prozesuan zegoen. Edozelan ere, argi izan zuen abeltzaintza izango zela bere bizimodua. Garai hartan, zelaiak lantegiekin aldatu zituzten baserritar askok, eta, epe laburrerako errentagarritasuna lortzeko, gaur egun gainbeheran dauden pinudiak nonahi ugaritu ziren.

Testuinguru hura ez zen aproposena artzain jarduteko, baina bazeuden zailtasun handiagoak. Frantsesteek eta Karlistaldiek eragindako gastuak estaltzeko, hainbat herri lur pribatizatu zituzten. Horren eraginez, zelai libreak burdin-hariz eta hesiz bete ziren, eta transhumantzian aritzen ziren artzainentzako oztopo itzela zen.

Malbe-k horren aurka borrokan pasa zuen bizi osoa, azken arnasara arte. Nonbait entzuna zuen herri lurrak saltzerakoan, baldintza moduan ezarri zela bertako urek eta belarrek herriarentzat izaten jarraitu behar zutela, eta horregatik aldarrikatu zituen, nekaezin, "lur eta larre libreak". Aldarrikatzen zuen araua bera jaio baino 50 urte lehenagokoa zen, eta, Joseba Garitaonaindia hizlariak esandakoaren arabera, "jauntxo askok ahaleginak egin zituzten arau hura ahaztu zedin". "Ikerketa prozesuan jakin genuen Oñatiko jauntxo aberats batzuk prest zeudela dirutza ordaintzeko arau hori jasotzen zuten agiriak erretzeko".

 

Irudia: Joseba Garitaonaindia, martitzeneko saioan; Kulturate goraino bete zen. 

Joseba Garitaonaindiak eta Maixol Iparragirrek ikerketa lan sakona egin zuten, Malbe-ren aldarrikapena legezkoa zela frogatzeko. Hala, Aretxabaletako eta Eskoriatzako artxiboan egindako ikerketan, urek eta larreek libreak izan behar zutela zioten dokumentuak aurkitu zituzten, 1839koak eta 1853koak. Parisen preso dagoen Iparragirreren hitzekin hasi zen martitzeneko hitzaldia, eta Garitaonaindiak esker hitzak izan zituen Malbe-ri buruzko testigantzak batzeko etxeko sukaldea parez-parez ireki zieten guztientzako, baita AZEko kideentzako ere

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak