Duela 40 urte pasatakoa memorian iltzatu dadin

Xabi Gorostidi 2018ko aza. 23a, 15:39

1978ko azaroaren 15ean, Komando Antikapitalistetako bi kide eta herritar bat hil zituen Guardia Zibilak, tiroz. Komandoko hirugarren kide zen Kike Zurutuza bizirik atera zen eta 40. urteurrenean bere bizipenak kontatu zituen arrasatearren aurrean.

Biolentziak Arrasate zipriztindu zuen 1978ko azaroaren 15ean. Komando Antikapitalistetako hiru kidek –Roberto Aranburu arrasatearra, Jose Maria Iturriotz Zapa legorretarra eta Kike Zurutuza azpeitiarra– Guardia Zibilak Aretxabaletan zuen kuartela metrailatu zuten arratsalde hartan.

Kuarteleko agenteek ere tiroz erantzun zieten, eta hiru kideek ihesaldia hasi zuten. Arrasaterantz jo zuten auto batean, eta, herrian zirela, Udala plaza inguruan, auto-ilara bat harrapatu zuten. Momentu hartan, euren aurkako tiroketa hasi zuten kalez jantzita zihoazen guardia zibil batzuek, eta, ondorioz, Roberto Aranburu eta Jose Maria Iturriotz hil ziren.

Kike Zurutuzak lau tiro jaso zituen, baina bizia salbatzea lortu zuen. Honela gogoratzen du tiroketa hura: "Armarik eduki gabe, eta aurrez abisatu gabe egin ziguten tiro. Roberto autotik kanpo zegoen, etxerako bidean, eta Zapa eta ni, berriz, auto barruan: hura gidatzen eta ni atzealdean. Ez zen inongo enfrentamendurik izan, eta atzetik egin ziguten tiro. Atzealdean nengoenez, nik jaso nituen lehen tiroak. Lau jaso nituen, guztira, horietako bat bizkarrean, eta horrek garbi uzten du ez zela inongo enfrentamendurik gertatu. Bestela, eurei begira egongo nintzen, eta tiroak ez zidan bizkarrean emango".

Bigarren tiroketa

Baina, tamalez, tiroak ez ziren hor amaitu. Arrasateko kuarteleko Guardia Zibilak tiroketatik gertu zeuden, eta, handik minutu gutxira, beste tiroketa bat hasi zuten. Aretxabaletako agenteak komando bateko kideekin nahastu zituzten –kalez jantzita zeudelako eta armak zituztelako–, eta, tiroketaren ondorioz, hiru zauritu eta hildako bat izan ziren.

Bizia galdu zuena Emili Larrea Arrasateko baserritarra izan zen. Gaur egun etxeak dauden inguru horretan zegoen baserrian bizi zen, eta lepo aldean jaso zuen bala baten eraginez hil zen. Hiru seme-alabaren ama zen.

"Bigarren tiroketa hasi zenean, ni lurrean nengoen, guardia zibil batek armaz apuntatzen ninduela. Zapa hilda zegoen, eta autoaren beste aldean Roberto ere bai. Arrasateko guardia zibilak tiroka hasi ziren jende multzo handi bat zegoen eremuan. Herritar asko zeuden gure inguruan, tiroketaren ondorioz zer gertatu zen jakitera hurbildu zirenak. Emili hil zuten; beraz, ez nuke zorte ona espresioa erabili nahi. Baina oso garbi daukat triskantza handiagoa egiteko aukera handiak izan zirela bigarren tiroketa hartan. Ez zen luzea izan, baina tiro bolada hartan jende kopuru handiagoa kaltetu ahal izan zuten".

Zurutuza preso hartu eta larri zaurituta eraman zuten Gasteizko Santiago Apostol ospitalera. "Tiro baten eraginez, birika heren kendu behar izan zidaten. 72 egun pasa nituen bertan. Ostean, Madrilgo espetxe-ospitalera lekualdatu ninduten, eta ia beste bi hilabete igaro nituen bertan. Gertakarien unean, ihes eginda nengoen, langile borrokarekin lotutako ekintza batengatik. Kausa horregatik zortzi urteko espetxealdia bete nuen, baina Arrasateko aferagatik ez zidaten kargurik ere hartu. Zerbaitegatik izango zen".

Aitortza falta Arrasaten

Pasa den eguenerako, oroimen ekitaldia antolatu zuen EH Bilduk Arrasaten. Zurutuza bertan izan zen, eta eskerrak eman zizkion Arrasateko herriari. "Batzuen sufrimendua amaitu gabe" dagoela ere nabarmendu zuen; komandoan lau kide zirelako, eta horietako batek –arrasatearra dena– ihes eginda jarraitzen duelako.

Iturriotzen eta Aranbururen gertukoak ere bertan izan ziren. Iturriotzen gertukoek GOIENAri azaldu diote hamarkada hauetan zehar euren hildakoek ez dutela beste batzuek besteko aitortzarik izan; ez Udalaren partetik, ezta herriko ordezkari politikoen partetik. "Duela gutxira arte, ez da apenas aitortzarik izan, bazen garaia memoria lantzen hasteko; hau ere Arrasateko historiaren parte delako".

[Gaurko GOIENA Aldizkariko 12. orrian errata bat dago. Azken hausnarketa hau Aranbururen gertukoek egin dutela jartzen du, baina Iturriotzen gertukoek egindakoa da]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak