Istar Dapena: "Aurten 5,40-5,50eko marka dut helburu"

Jokin Etxebarria 2018ko aza. 16a, 21:53
Istar Dapena entrenamendu baten aurretik

Istar Dapenak Gipuzkoako pertika jauziko errekorra hautsi du 5,31 metroko saltoarekin, eta Urrezko Ezkurra eman berri diote, baina denboraldiak gazitik gozotik baino gehiago izan duela uste du, lesioek ez diotelako utzi nahi zuen mailarik ematen

Urrezko Ezkurra jaso berri du Istar Dapenak. Gipuzkoako Atletismo Federazioak urtero egiten duen galan eman zion saria, pertika jauzian Gipuzkoako marka hautsi zuelako iaz. 1995ean Jon Karla Lizeagak errekorra jarri zuenetik, inor ez da gai izan marka hori hausteko, arrasatearra iritsi den arte. "Jon Karla gainditzea ez zen erraza eta horren erakusgarri handiena da zenbat urte pasa diren errekorra egin zenetik eta zenbat jende egon den ahalegindu dena hori lortzen eta ezin izan duena egin".

Gipuzkoako eta Euskadiko atletismoan protagonista handietako bat izan dela ez dago dudarik, eta horregatik jaso du jaso duen saria. Baina Dapenarentzat, denboraldi gazi-gozoa izan da: "Ez dut nahi nuen besteko mailarik eman. Lesioengatik, hasieran jarri nituen helburuetara gerturatzerik ez dut lortu, eta, gauza positiboak egon badira ere, gazitik denboraldiak asko izan duela esango nuke".

Lesio gehiegi

Goi mailako kirolaria denez, entrenatu eta zaindu beharra dauka Istar Dapenak. Kirol batzuetan, baina, kirol horietan egiten den lanetik bizi izatea ia ezinezkoa da. Askok ikasketekin uztartzen dituzte maila profesionaleko entrenamendu pila horiek; beste askok, lantegiko lanarekin. Hori da Dapenaren kasua. Lantegian hiru txandatan ibili eta markak uztartzea ez zaio batere erraza egin. Eta horri, izandako lesio guztiak gehitu behar zaizkio.

"Pista estaliko denboraldia justu-justu amaitu nuen. Egia da Espainiako Txapelketa Absolutuan brontzea eskuratu nuela eta Gipuzkoako errekorra hautsi nuela, baina aire libreko denboraldiari ezin izan nion ondo aurre egin. Astero arazoren batekin ibili nintzen, orkatila zela, iskioak, bikiak...", dio Istar Dapenak. Frustraziora eraman zuen egoera horrek mondragoetarra, eta, azkenerako, denboraldia amaitutzat eman zuen.

Iazkoak helburu aurten

Pista estaliko denboraldia ez da urtarrilera arte hasiko, baina atzetik lana lepo egin behar delako, buru-belarri ari da Istar Dapena, Jonathan Perez bere entrenatzailearekin lanean.

HORRENBESTE LESIO IZATEAK FRUSTRAZIORA ERAMAN ZUEN ATLETA ARRASATEARRA

"Uste dut mentalki ere egoerari eman diodala buelta. Hiru errelebotan jarraitzen dut lanean, baina dagoeneko ohitu naiz eta eguneroko errutina aurrera eramaten ez daukat horrenbesteko arazorik," dio pertika jauzilariak. Gogotsu dago, iazko denboraldi zailetik ikasi bai, baina berau lehenbailehen ahazteko gogoarekin. Hori horrela, bere ibilbidean aurrerapauso garrantzitsu bat emateko prest dagoela aitortzen du: "Aurten, 5,40-5,50eko marka dut helburu. Uste dut iaz ondo egon izan banintz, lortuko nuela, eta aurten lortu beharra daukat. Egia da 5,31koarekin marka bat apurtu nuela, baina, azken finean, nire eguneroko jauzietan lortzen dut 5,30 inguruan ibiltzea."

Montxu Mirandak, 2000. urtean, Bartzelonan, Espainiako errekorra ezarri zuen, 5,81 metroko jauzi batekin. Urteak pasatu dira ordutik, eta aurtengo urterako Dapenak daukan helburua urrun dago marka horretatik oraindik. Kontuan hartu behar da, baina, Jonathan Perezek zuzentzen duen atletak 22 urte besterik ez duela, dagoeneko Espainiako maila absolutuan podiumean amaitzeko gai izan zela eta Europako Promesen Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu zuela.

Lanarekin, esfortzuarekin eta zorte apur batekin, nazioarteko txapelketetan izango da parte hartzen Dapena denbora gutxian. Arrasaten pertika jauzilari eskola bikaina dagoela erakutsi dute azken urteetako emaitzek, eta eskola horrek sasoi onean jarraitzen duela erakutsi nahi du Istar Dapenak aurten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak