Federico Moreno Torroba: "Berezia da aitaren lana taula gainean ikustea"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko aza. 16a, 11:27
Federico Moreno Torroba Larregla -semea-.

Bihar, zapatua, estreinatuko dute Luisa Fernanda zarzuela; eta, publikoan, ikusle berezia izango dute: obraren egilearen semea. Federico Moreno Torroba Larregla "pozik" dago Arrasatera etortzeko jaso duen gonbidapenarekin.

Ilusio berezia egiten du aitaren lana taula gainean ikusteak?
Bai, noski! Beti izaten da gustukoa norberaren familiaren lanak ikustea. Arrasaten, gainera, lehenengo aldiz egingo dute. Interesgarria da horrelako herri baten zarzuelarekiko duten interesa; eta nabarmentzekoa da Gipuzkoan lirikarekiko dagoen zaletasuna. Zarzuelarekiko gustua estimulatuko du horrek.

Zure ustez, nolakoa da Luisa Fernanda zarzuela?
Obra liriko-dramatikoa da, umorezko ukituekin zipriztindua. Liburua oso ondo idatzia dago eta musika, aldiz, zarzuelen historian gehien ipini dena da. Uste dut 20.000 bat aldiz antzeztu dela estreinatu zenetik; mundu mailan ezaguna da.

Beharbada, ez dago ondo neuk esatea, baina musikari aparta zen

Nola definituko zenuke zure aita musikari moduan?
Beharbada, ez dago ondo neuk esatea, baina musikari aparta zen. Lan asko egin zuen zarzuelan, eta, batez ere, horregatik da ezaguna; baina sinfonia mailan ere hainbat lan egin zituen; batez ere, gitarra klasikoarendako. Gainera, jende askok ez dakien arren, aditua zen musika gregoriarrean. Izan ere, bere aita, gure aitaita, organo-jotzaile profesionala zen; Madrilgo hainbat elizatako organo-jotzaile titularra zen. Horregatik, txikitatik dokumentatu zen musika gregoriarrean, nahiz eta zarzueletan eta musika sinfonikoan ez den erabiltzen. Eskola handiko musikaria zen: irakasle izan zuen Conrado del Campo.

Nik ere tradizioa jarraitzen dut eta esan daiteke ez dakidala besterik egiten. Musika da nire ogi-bidea

Musikarekiko pasioa familiatik datorkizue?
Bai, amaren aldeko aitaita Joaquin Larregla zen, konpositore eta piano-jotzaile handia. Nik ere tradizioa jarraitzen dut eta esan daiteke ez dakidala besterik egiten. Musika da nire ogi-bidea: zuzendu egin dut, konposatu egin dut... Gaur egun, zarzuela batzuk egokitzen nabil bertsio sinfonikoetarako.

Gainera, aitaren lanak ere zuzendu izan dituzu.
Bai, askotan. Batez ere, AEBetan; 60ko hamarkadatik, urtero joaten naiz hara musikarekin zerikusia duen zerbait egitera. Zarzuela Corporation elkarte lirikoa sortu nuen han. AEBetan Luisa Fernanda lehenengo aldiz estreinatu genuen, San Diegon, hain zuzen. Ondoren, Placido Domingok Washingtongo Operan eskaini zuen, arrakasta handiarekin; baina lehenengoa ni izan nintzen.

Arrasate moduko herrietan, nolako lana egiten dute elkarte lirikoek?
Handia, handia... asko laguntzen dute zarzuelak ezagun egitera. Horrelako herrietan zarzuela asko egiten dira, profesionalak ez diren konpainiekin. Batzuetan, gainera, orkestrarako dirurik ez dute izaten eta pianoaz lagunduta bakarrik egiten dute. Garrantzi izugarria du horrek.

Oso ona, osasun ona du. Gertatzen dena da, askotan, konparaketak egiten ditugula, eta adituek esaten dute operaren anaia txikia garela


Gaur egun, zer-nolako osasuna du zarzuelak?
Oso ona, osasun ona du. Gertatzen dena da, askotan, konparaketak egiten ditugula, eta adituek esaten dute operaren anaia txikia garela. Ez da horrela, bi gauza ezberdin dira: opera gauza bat da eta zarzuela, berriz, beste bat. Denok dakigu askoz ere transzendentzia handiagoa duela musikalki Parsifal operak Luisa Fernanda-k baino. Gertatzen dena da zarzueletako grabazioak oso zaharkituta daudela, 50eko hamarkadakoak. Grabazio berriak egin beharko lirateke.

Zer egingo duzu Arrasaten?
Gaur, egubakoitza, iritsiko naiz. Bihar herria ezagutuko dut eta arratsaldean zarzuela ikustera joango naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak