Booker sari prestigiotsua eta mundu osoan onespena lortu zituen eleberriak; ezagunago bilakatu zen, gero, filmarekin; eta egilearen Literaturako Nobel sariak biribildu du The remains of the day liburuaren fama. Orain, euskaraz irakurtzeko aukera dago. Amaia Apalauza Ollok eta Iñigo Roque Eguzkitzak itzuli dute –Egunaren hondarrak–, AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolatutako Jokin Zaitegi itzulpen sariketaren bitartez.
Ekimenaren bultzatzaileak "pozik daude emaitzarekin", eta itzultzaileek diote "liburu ederra geratu dela eta lortu gura zuten betetasun hori lortu dutela", gaineratu dute: "Opari bat izan da Kazuo Ishiguroren unibertsoan sartzea. Etxe handi ingelesetako giroan sartzeko aukera ematen dio irakurleari, baita Ingalaterrako hegoaldeko landa eremuan barrena bidaiatzeko ere; betiere, gutako edonori ezagunak edo gertukoak zaizkigun gatazkak, kontraesanak eta gogoetak planteatuz. Bidaia bat egitea izan da guretako oparia: bidaia Ingalaterran barrena, eta bidaia geure izatean barrena. Aurkezpenean ere aipatu genuen gaur egun, tamalez, halako sarien premia dugula literatura baldintza duinetan itzultzeko".
Maiordomo batek kontatuta
Itzultzeko gako nagusia tonu egokia harrapatzea zela zioten lanari ekin ziotenean, eta halaxe berretsi dute bukatutakoan: "Maiordomo ingeles batek kontatzen du istorioa; bera oso zorrotza da gauza guztietan, arras perfekzionista, eta oso hizkera hanpatua erabiltzen du, oro har. Batik bat, giro aristokratikoan ibiltzen da, itxurakerian erabat, nahiz eta badiren kaleko herritarrekin izandako elkarrizketak. Esan gabekoak esandakoak bezain garrantzizkoak direla asko gustatu zaigu. Pertsonaia nagusiak isilean gordetzen ditu barruan bor-bor dabilzkion nahi eta ezinak. Bestalde, Europako historiaren pusketa bat ere erakusten digu, eta, Marc Blochek zioenez, historiak, besterik ez bada ere, entretenitu egiten du. Edonorentzako modukoa da; irakurleei dei egin nahi genieke mundu zabaleko literaturetara euskaraz atera daitezen".