Ivan Velasco: "Sagan ez da arduratzen bizikletako pisuagatik"

Xabier Urtzelai 2018ko aza. 16a, 18:00

Lau urte igaro dira Ivan Velascok (Arrasate, 1980) txirrindularitza profesionala alde batera utzi zuenetik. Behartutako erabakia izan zen; berez, erorikoengatik aurretik dezente zigortuta zeukan gorputzak nahikoa zela esan zion 2013ko Vueltako etapa batean lurrera joan eta gero. Caja Ruralgo mailota defendatzen hartu zuen min, eta errekuperatzen ahalegindu bazen ere amore eman behar izan zuen. Eta zerotik hasi. Bada, ibilbide berria emankorra izaten dabil.

Gertutik jarraitu ez zaituztenendako, zertan ibili zara lau urte hauetan? 

Lehenengo urte eta erdia hainbat kurtso egiteko aprobetxatu nuen, biomekanikakoak, elikadurakoak... Kontua da profesional nintzenean Specialized etxeak ematen zizkidala zapatilak, eta bertan nuen kontaktuaren bitartez nire curriculum-a bidali nien arduradunei. Nire perfila gustatu zitzaien, eta eurekin hasi nintzen lanean.  

Kirolari profesional askori kosta egiten zaie eguneroko berrira moldatzea. Zuri ere bai?

Bai, gauzak diren moduan, lehenengo urtea ez zen batere erraza izan. Gainera, txirrindularitza uztea ez zen nik hartutako erabaki bat izan, ez nuen beste aukerarik izan, eta horrek amorratzen ninduen. Zorionez hainbat lagun ondoan izan nituen; esaterako, Markel Irizarrekin bizikletan ibiltzera joaten nintzen, eta beno, ezagutzen dozu Markel, badakizu zelakoa den. Psikologo lanak egin zituen nirekin, eta oso lagungarria izan zen. Gero, denborak gauza bakoitza bere lekuan jartzen du.

Eta ze ikuspuntu duzu orain? 

Bada, seguruenik ziklista nintzenean baino zoriontsuagoa naizela orain. Lehen 24 orduz nintzen txirrindulari, eta estresatuta bizi nintzen: Lasterketen emaitzak ez ziren beti nahi modukoak, erorikoak, errekuperazio faseak... Eta ez nuke aldatuko, txirrindularitzak gauza asko eman dizkidalako: ezagutu ditudan lekuak, egin ditudan lagunak... Baina orain gauza guztietarako daukat tartetxo bat, gauza askorekin gozatzen dut. Lehen ez.

Hain zuzen, Irizar kontsolatu beharko duzu laster, profesional moduan azken lan kontratua sinatu duela esango nuke.

[Barreak] Ezberdina da. Markelek berak erabakiko du noiz utzi txirrindularitza, apenas geratzen dira bere jenerazioko txirrindulariak, aukera ezberdinak izango ditu lanean jarraitzeko, eta gainera, ez daki geldirik egoten. Azkar beteko du hutsune hori.

Hiru urtez Specialized etxean egon eta gero, Astanara egingo duzu salto. Zergatik? 

Beno, hainbat arrazoi daude. Specialized enpresa AEBtan dago, eta han daude ingeniari guztiak. Europan hiru baino ez geunden, eta gure proposamenak benetan izan behar ziren onak han kontutan hartzeko [Barreak]. Amerikarrak, orokorrean, horretarako bereziak dira. Iaz jaso nuen Astanakoen partetik lehen eskaintza, baina orduan ezetz esan nien, Specialized moduko etxe bat uzteak beldur apur bat ere ematen duelako. Baina, azken proiektuarekin ere ez nenbilen oso gustura, eta aurten saltoa ematea erabaki dut.

Eta, zein izango da Astana Pro Tourren egingo duzun lana? 

Txirrindularitzako talde handiak konturatuta daude aerodinamikak, bizikleten diseinuek, janzkeren materialak... duen garrantziaz, eta horretan inbertitzen dabiltza. Ni tekniko lanetan ibiliko naiz, ziklisten datu mordoa ditugu, baina horiek aztertu egin behar dira, eta interpretatu. Belodromora joan eurekin eta bakarkako testak egin, kronoetarako bizikletak zelakoa izan behar duen ikusi, ibilbideak aztertu... Orain momentuan erlojupekoetako kasko berria diseinatzen laguntzen nabil.

Izan ere, bizikleta batek aurrerapen gehiago izan ez ditzakeela uste duzunean, gauza berriekin datoz.  

Etengabeko berrikuntza prozesuan daude, bai. Nik uste dut materialari dagokionez oraindik badagoela zer hobetu. Trek-ek bost kilo pisatzen duen bizikleta dauka, eta oraindik badago arinagoak egiteko tartea, baina UCIk lasterketarako gutxieneko pisu-muga ezartzen du. Aerodinamikan ere lan handia dago egiteko...

Zentzu horretan mekanikari batek aspaldi esan zidan puntako ziklistak ez direla horren zorrotzak materialarekin. 

Bai, egia da [Barre]. Beno, pertsonaren araberakoa da hori. Contadorri lasterketa egunean 300 gramo gehiago dituen bizikleta ematen badiozu, urduritu egingo da, eta egun horretan ez du lasterketa ona egingo. Peter Sagani, berriz, bost axola bizikletak 500 gramo gehiago baditu. Irteera puntuan 40 pultsazioetara egongo da, eta kafe bat hartuko du lasai, badakielako lasterketa ona egiteko kapaz dela, eta seguruenik horrela izango da. Batzuek detaile guztiak zaindu behar dituzte, beste batzuek...

Omar Fraile, Pello Bilbao, Izagirre anaiak... Euskaldun koadrila polita zaudete taldean. 

Bai, taldeko entrenatzaileetako bat Aritz Arberas da... Brometan esaten dugu Lehendakariari eskatu behar diogula taldea babesteko. Gainera, txirrindulari guztiak taldekide izan ditut, bai Euskaltelen edo bai Caja Ruralen. Eta, oso jende jatorra da, plazerra izango da eurekin lan egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak