Ikasitakoak berrikasita, estreinaldirako prest

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko aza. 13a, 14:18
Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideak 'Luisa Fernanda' zarzuela prestatzen.

Luisa Fernanda zarzuela eskainiko du, bigarrenez, Arrasateko Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak azaroaren 17an, 18an, 23an eta 24an; sarrerak 19 eurotan eros daitezke Amaia antzokiko leihatilan eta, online, Arrasateko Udalaren Arrasate.eus atarian.

2003an egin zuten Izaskun Murgia Elkarteko Lirikoko kideek Luisa Fernanda zarzuela (Federico Moreno Torroba, 1932), eta hemeretzigarrena eskaintzeko horixe aukeratu dute; edozelan ere, kideak buru-belarri ari dira asteburuan estreinatzeko prestaketa lanetan, hastapenetako ilusio eta ardura berarekin.

Martxoan ekin zieten entseguei eta bestelako prestaketei; aurreko asteko astelehenean egin zuen zuzendariak Arrasate Musikaleko orkestrarekin lehenengoa; eta atzo, astelehena ezkero, Amaia Udal Antzokiko taularen gainean ari dira entseatzen.

Berria balitz bezala

Tere Gonzalez zuzendariak dio, "obra konplikatua eta luzea" dela –bi ordu eta erdiko iraupena du–, baina, aldi berean, "publikoarentzako dibertigarria" den komedia dela; eta gaineratu du abesbatzak kantatzeko une asko dituelako aukeratu duela berriz ere; ez daude ezaugarri hori duten obra asko.

Genero horretako istorioetan, amodio eta desamodio kontuak izaten dira nagusi, baina honako honek oinarri politikoa ere badu, Gonzalezen hitzetan: "Zarzuela honetan, bi jende mota dago: batetik, herritarrak daude; eta bestetik, aristokrazia. Luisa Fernanda herriko neska bat da eta herriko Javier Morenorekin maiteminduta dago, baina Javierrek anbizio handia dauka eta, Luisa Fernandaren kalterako, Carolina dukesarekin elkartuko da. Extremadurako lur-jabe bat agertuko da halako batean, eta Luisa Fernandarekin maiteminduko da... Hortik aurrera korapilatzen joango da dena. 1868ko iraultzaren aurreko garaian kokatuta dago".

Bigarrenez eskainiko duten arren, dekoratuak berreraiki egin dituztela gaineratu du Gonzalezek: "Madrilgo plazatxo batean abiatuko da istorioa, hango paseo baten ikusiko ditugu bigarren ekinaldian, eta hirugarrenean, berriz, Extremaduran".

Protagonista batzuk, berriak

Cristina Cubillo (Carolina Dukesa), Enrike Altuna (Javier Moreno) eta Mikel Izurrategi (Anibal) dira protagonista-papera errepikatzen dutenak; gainontzeko pertsonaietan honako hauek izango dira: Ruth Osinaga (Luisa Fernanda), Igor Ganboa (Vidal Etxemadurako lurjabea) eta Mari Karmen Gomez (ostalaria). "Abesbatzan ere denetik dago, badaude aurrekoan egon zirenak, baina badira lehenengo aldiz daudenak ere. Obra berri bat bezala planteatu behar dugu horregatik. Protagonisten kantu-zatiak, bereziki, konplikatuak dira, egia da, baina hemeretzigarrena izateak laguntzen duela. Mari Karmen Gomez lehenengo aldiz sartu da protagonistaren paperean; aurreko aldian Mertxe Salaberrik antzeztu zuen ostalaria izango da. Salaberri, eszena-zuzendari lanetan ari da. Abesbatzak ere pisua du, publikoarentzako ezagunak diren kantuak abestuko dituzte: Mazurca de las sombrillas, horien artean, baina badituzte bi kantu oso iraultzaile ere...".

Autorearen semea, publikoan

Horrenbeste urteren ostean, behin baino gehiagotan uztekotan egon direla dio, baina publiko fidela dutela ikusita jarraitu egiten dutela. Oraingoan, gainera, gonbidatu berezia izango dutela gaineratu du Gonzalezek: "Obraren egilearen semea –Federico Moreno Torroba– eta haren emaztea asteburuan etorriko dira gu ikustera. Orain dela urtebete, Sasibill konpainiak bere aitaren Sor Navarra lana estreinatu zuen eta Donostiakoen bitartez harremanetan jarri eta pozarren onartu zuen gonbidapena"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak