Gazteek ez dute erreleboa hartzen, eta gastronomia elkarteek neurriak hartu dituzte

Xabi Gorostidi 2018ko aza. 9a, 18:10

Arrasateko gastronomia elkarteak zahartzen ari dira aspalditik hona; bazkideen batez besteko adina 54,75ekoa urtekoa da, eta gazteei kosta egiten zaie testigua hartzea. Arazoaz jakitun, belaunaldi berriak erakartzeko neurriak hartu dituzte elkarte gehienek.

Duela 83 urte zabaldu zituen ateak Arrasateko elkarte gastronomiko zaharrenak –DanokBat–, eta, gaur egun, 24 elkarte daude, guztira, herrian.

Gaur egun, 24 elkarte daude Arrasaten, eta horietan 2.285 bazkide

1970eko hamarkadan bizi izan zen hazkunde nagusia, tarte hartan hamaika elkarte berri sortu ziren eta; gaur egungoen erdia ia. 1977an, adibidez, bost elkarte berri sortu ziren Arrasaten. Baina erritmo bizi horrek behera egin du urteekin, eta, XXI. mendean, adibidez, elkarte berri bakarra sortu da: Ziar-Ola, hain zuzen.

Zahartzeko arriskua, errealitate

Aspalditik ez da elkarte berririk sortu, eta kopurua 24ren bueltan egonkortu da. Hala ere, sozietateek gaur egun duten arazo nagusia ez da gehiago edo gutxiago izatea, bazkideen zahartzea eta belaunaldi berrien errelebo falta baizik. Elkarteetako orlak ikustea nahikoa da 20tik 40 urtera bitarteko bazkide gutxi daudela ikusteko.

GOIENAk herriko 24 elkarteen datuak jaso ditu bazkideen batez besteko adina jakiteko, eta 50 urtetik gorakoa da, kasu gehienetan. Zehazki, Arrasateko elkarteetako bazkideen batez besteko adina 54,75 urtekoa da. 50 urteko langatik behera dauden bakarrak Garagartzako Lezetxiki –45 urte– eta Ignazio Zuloaga kaleko Alkartu –48 urte– dira. Txanponaren beste aldean daude, ordea, Pablo Urangako Karkabal –66 urterekin–, eta San Andres auzokoko Irantsube –60,5 urterekin–.

Arrasateko elkarteetako bazkideen batez besteko adina 54,75 urtekoa da

Adin altuko bazkideak izateak kolokan jartzen du elkarteek orain arte izan duten funtzionamendua, eta baita horien bideragarritasun ekonomikoa ere. Elkarteetan, nahiko ohitura hedatua izan da bazkideek erretiro adina gainditzerakoan ohorezko bazkide bihurtzea, edo pribilegio batzuk izatea. Orokorrean, euren familiako kide bat bazkide sartzen zen; kuota ordainduz eta aurrekoaren bazkide kapitala herentzian hartuz. Aldiz, ohorezko bazkideak elkartea erabiltzen jarraitzen zuen; kuotarik ordaindu gabe –edo gutxiago ordainduz– eta botorik gabe. Esan beharra dago aspektu horretan kasuistika oso zabala dela elkarteen artean, eta leku batzuetan ohorezko bazkide figura ez dela existitu ere egiten.

Bazkideen batez besteko adinak gora egiteak talde pribilegiatu horretan dagoen bazkide kopurua gero eta handiagoa izatea eragiten du, eta hori ez da ona elkarteen bideragarritasun ekonomikoarentzat. Batetik, kuotetako diru sarrerek behera egiten dutelako, eta, bestetik, adinean aurrera egiterakoan gutxiago kontsumitzen baita.

Gaztetzeko neurriak

Egoera horren aurrean, asko izan dira arazoa konpontzeko neurriak hartu dituztenak. Batzuen kasuan, bazkide izateko jarri beharreko kapitala murriztearen alde egin dute, jende gaztea erakartzeko. Makatzena elkartean, adibidez, hasierako kapital hori 600 eurotik 300 euro pasatxora murriztu zuten eta Kasinokoen kasuan, 3.000tik 1.500era. Beste batzuek, aldiz, semealabek edo ilobek bazkide gisa ordezkatzeko aukera jarri dute. Hori da Alkartu elkartekoen kasua. Kontsumoen beherakada ikusita hartu zuten neurria, eta kontsumoa handitzea eta batez besteko adina jaistea lortu dute.

Herri-gainen kasuan, 2015ean ohorezko bazkide izateko adina bost urte jaitsi zuten: 70etik 65era. Era horretan, bost urte lehenago har zezaketen testigua semealabek, eta hiru urteren kabuan batez besteko adina 5 urte murriztu dute: 60tik 55era.

Danok-Bat elkartean, esaterako, ohorezko bazkide izateko adina bost urte atzeratu zuten: 70etik 75era. Urte gutxiren buruan bazkide asko adin tarte horretan sartuko zirela ikusita hartu zuten erabakia. Baina, era berean, seme-alabek testigua hartzea errazteko, 65 urtetik gorako bazkideek seme-alabak sartu ahal izatea onartu zuten; seme-alabak kuota osorik ordaintzen eta gurasoak, aldiz, kuotaren %75.

Zahartzearen arrazoiak

Agerikoa da elkarteek ez dituztela gaur egungo gazteak lehen bezala erakartzen. Danok-Bat elkarteko Anton Sagastaren ustez, ohitura eta diru kontuek eragiten dute hori. "Nire aita San Isidroko bazkidea zen. Orduan, ez zegoen apenas dirurik, baina lagunekin elkartu eta ardo batzuk edateko modurik onena elkarteak ziren. Lanetik irten, etxean ogi zati bat hartu, eta elkartera. Orain, gaitasun ekonomikoa handiagoa da, eta tabernak bihurtu dira lagunekin egoteko erdigune. Elkarteak, orokorrean, bazkari eta afari handiak egiteko erabiltzen dira, eta ez dute lehengo taberna funtzio hori. Eta gaur egungo gazteak ez daude elkarte batean afariak egiteko 2.000 euro inbertitzeko prest".

 Gaur egungo gazteak ez daude elkarte batean afariak egiteko 2.000 euro inbertitzeko prest

Gaur egun modan dagoen bizimodu osasuntsua ere aipatzen du arrazoi moduan. "Gaur egun, kirola egitea eta osasuntsu jatea bogan daude. Nire aitari ez zitzaion burutik pasatu ere egingo lan jardunaldi gogor horien ostean korrika egitera joatea. Baina, gaur egun, gazteak gimnasiora doaz lan egin ostean".

 

Emakumeen presentzia

Gastronomia elkarteak gizonezkoen esparru izan dira urte luzez, baina nabarmentzekoa da Arrasateko kasuan emakumezkoek duten presentzia. Ez dago elkarterik emakume bazkiderik ez duenik. Kasinon daude emakume gehien –28–, eta, proportzioan, Iturripen –%19–. 

Emakumeak gero eta gehiago dira; gaur egun, 195 daude, bazkide guztien  %8,53

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak