Eskubaloiarekin gozatuz, ikastea dute helburu

Jokin Etxebarria 2018ko urr. 31a, 20:00
Kadete mailako Arrasate Eskubaloi nesken talde berria.

10 urteren buruan, berriz ere nesken taldea atera du aurten Arrasate Eskubaloi klubak. Hutsetik hasi dira 14 neska, baina, ilusioarekin eta ondo pasatzeko gogoarekin, kirol honetan pausoak ematen jarraitu nahi dute

Ikerketa batzuen arabera, 13-14 urterekin, behin eskola kirola amaituta, kirola egiteari uzten dioten nesken kopurua gora do nabarmen. Ez da erraza, gaur egun, edade horretako neska talde bat kirola praktikatzen ikustea, eta, are gutxiago, taldekirola baldin bada.

Arrasate Eskubaloi klubeko familia pozik dago, aurten, 10 urteren buruan, berriz ere, nesken talde bat ateratzeko gauza izan da eta.

UDA ALDEAN ESKUBALOIKOEK EGITEN DITUZTEN ATE IREKIETAN SORTU ZEN NESKEN TALDEA

 

Dena uda garaian hasi zela azaldu du Jon Urrutiak, taldeko entrenatzaileak: "Ekain-uztail aldera ate ireki saio batzuk egiten ditugu neska-mutilek gure kirola ezagutu dezaten, baina sekula ez ditugu bereizten neskak eta mutilak, denak batera ibiltzen dira". Klubekoen sorpresarako, 14 neskak talde bat egiteko borondatea azaldu zuten. Esan eta egin. Gaur egun, Partaidetzako Gipuzkoako Kadete mailan ari da lehiatzen udan eskubaloian lehen pausoa eman zuen talde hau.

Fisikorik ez

Lehen pausoak ematen ari den talde batekin nolako portaera izan ez da beti erraza izaten. Ate irekietatik harago, beste hiru saio berezi izan zituzten neskokin, benetan eskubaloian aritu nahi izango zuten jakiteko.

Gerora, zuzendaritzak Jon Urrutiari eskatu zion taldea zuzentzeko ardura har zezan. "Nik esperientzia baneukan neskekin, orain dela 10 urteko taldea ere nik entrenatu nuelako. Orain, garai hartan jokalari ziren bi neskak laguntzen didate, Nerea Hernandezek eta Eneritz Urrutiak". Garaiak ere aldatu egin dira. "Orain, sare sozialei eta argazkietan ondo ateratzeari garrantzi handiagoa ematen zaie". Baina orduko esperientziatik ere ikasi du Jon Urrutiak: "Lehen egiten nituen akatsetatik ikasi dudalakoan nago. Orain, garbi daukat neskek dibertitu egin behar dutela, horrek jarraitzera eramango baititu, eta, fisikoa gehiegi lantzen bada, erraz erre daitezke. Eskubaloia teknika eta taktika ere bada, eta horiek ikasi behar dituzte aurrena."

Helburuak, beraiek ezarrita

Talde gehienekin 2 urteko atzerapena dutela jakinda, partidu gehienetan galtzaile irtengo direla barneratuta daukate neskek. "Niri, euren jokoan garapen bat ikustea gustatuko litzaidake eta hori da beraiek ere ezarri duten helburua, gozatuz ikastea", dio Urrutiak. Garapena, bidea bezala, pausoz pauso egiten da, eta, jakina denez, gutxika-gutxika, urrun heltzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak