Txatxilipurdik urtero eskaintzen duen euskarazko mahai jolas berriak probatzeko eta horiekin gozatzeko aukera izan dute Arrasateko hiru ludoteka hauetako umeek; Santa Marinakoek, herri erdigunekoek eta Usaetxekoek.
Adin tarteka banatuta
Kulturateko Jokin Zaitegi aretoa hiru gunetan banatu dute, adinari dagokionez: 3-5 urte, 6-8 urte eta 9tik gorako umeendako eskaintza jarri dute. Horietako gune bakoitzean katalogo bana jarri dute, umeek bertan ikus zezaten zein jolas aukera daukaten, eta ondoren, katalogoan zetozen jokoak hainbat kaxatan zituzten, bertatik umeek nahi zituzten jokoak hartzeko eta horiek probatzeko.
Euskarazko jostailuak
Aurten atera berri dituzten hainbat mahai-jokotan ibiltzeko aukera izan dute neska-mutikoek, hezitzaileen laguntzarekin. Eta bertan zegoen Txatxilipurdiko dinamizatzaile Arantza Osorok adierazi du "euskarazko jostailuak indartzeko eta euskaraz jolasteko" aukera paregabea izan dutela umeek. Gogora ekarri nahi izan du baita ere, Gabonak gerturatu ahala, jostailuen geroz eta publizitate gehiago kontsumituko dutela herritarrek, baina kontuan hartzeko euskarazko jolasen eskaintza "oso zabala" dagoela eta "denetariko" euskarazko jokoak daudela.