"Herri mugimenduko hutsunea" betetzeko jaioa

Xabi Gorostidi 2018ko urr. 19a, 13:18

Jaiki talde politikoa sortu berri dute herriko gazte batzuek, eta "hutsune" hori aipatzen dute taldea sortzeko arrazoi nagusi moduan. Azpimarratu dute ez direla ezker abertzalearen "aurka" sortu, herrian eragiteko jarrera "eraikitzailearekin" baizik.

Gazteria inoiz baino despolitizatuagoa dagoela dirudienean, Arrasaten talde politiko berri bat sortu dute herriko gazte batzuek. Urriaren 2an modu ez publikoan jakinarazi zuten euren sorrera; aurpegia eman gabe eta komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez. Hala egin izanak jakin-mina eta zalantzak sortu ditu herritarren artean, eta, horiek argitu nahian, GOIENA eurekin batzartu da.

Hutsune batek eraginda

"Herri mugimenduak ulertzeko zentzu tradizionalean espazio falta bat ikusten genuen. Hau da, instituzioetatik kanpo sortzen den herritar talde aktibo baten beharra sumatzen genuen. Instituzioek euren tokia dute politikagintzan, baina eremu formal horretan politikariek eskuak lotuta dituzte. Hauteskundeen dinamikak baldintzatu egiten ditu askatasunez espresatu ahal izateko gai delikatu batzuen inguruan: sozialismoa, komunismoa, borroka armatua... Instituzioen itzalpetik kanpo bazaude, askatasuna daukazu; era eraginkorrean aprobetxatu dezakezun askatasuna, alegia", azaldu dute Jaikiko kideek, talde politiko berria sortzeko arrazoien inguruan galdetuta.

Gaur egun, dozena pasa lagun daude Jaikiren barruan, 16 eta 30 urte bitartekoak.

"Etsaitasunik" gabe

Aurreko arrazoiaz gain, onartzen dute gai konkretu batzuetan Arrasateko ezker abertzaleak hartutako erabakiek ez dituztela erabat asebete, eta horrek ere eragin duela taldearen sorrera. "Esparru jakin batzuetan ez gara erabat asebeteta sentitu ezker abertzaleak hartutako erabakiekin, eta ondorengoa pentsatzera bultzatu gaitu: hau ez da esaten; beharbada, guk esango dugu. Baina azpimarratu nahiko genuke ez dugula etsaitasun puntu batetik egiten. Arizmendiko greba izan daiteke horren adibide bat. Herri mugimenduko taldeak eta alderdi politikoak inoiz ez dira erritmo berberean joan. %100eko koordinaziorik ez da izaten, eta, gure ustez, gainera, naturala da. Azken finean, erritmo eta lehentasun ezberdinak ditugu".

 

Irudia: Jaikiko kideak pankarta bat margotzen.

Zatiketarik ez

Udal hauteskundeetarako zortzi hilabete falta dira, eta, ezker abertzalearen barruan zatiketa bat arriskutsua izan daitekeen galdetuta, zera erantzun dute: "Lehenik eta behin, gu ez gara Sorturen zatiketa bat; ez goaz euren kontra, eta ez gara bertatik banandu. Gure kabuz elkartu garen herritar talde bat gara. Ez gara hauteskundeetan zentratzen, baina garrantzitsutzat jotzen dugu EAJ eta PSE-EE gobernutik kentzea. Gure lehentasunetako bat izango da, eta gure babes osoa emango diegu Udal Gobernua kanporatzea helburu duten kanpaina guztiei. Ez gara potrozorri bat izango EH Bildurentzat. Ez gara suntsitzaile izango. Guztiz aurkakoa. Eraikitzaile izan nahi dugu, baina gure ahots propioarekin".

Langileen indar metaketa

Langile borrokari dagokionez, ondorengo irakurketa egiten dute. "Gure apaltasunetik, betiere, langileen indar metaketa bultzatu nahiko genuke. Azken finean, ez da kasualitatea sektore bat prekarizatuta egotea, zerbitzu publiko bat pribatizatzea... Etxez etxeko langileen kasua, adibidez, guretako, ez da kasu solte bat. Guztia logika global baten barruan kokatzen dugu. Baina ez gara kapitalismoa kritikatzera mugatzen. Hori egiteaz gain, komunismoa aldarrikatzen dugu konponbide bezala. Ez dugu euskal errepublika sozialista sortuko, baina komunismoa ideologikoki lantzeko eta hedatzeko ariketa egin dezakegu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak