Txikito-zaleen patroi, hemen da Maritxu Kajoi

Xabi Gorostidi 2018ko urr. 5a, 08:33

2017ko mirariaren une bizi bat. Argazkia: Imanol Soriano

40 urte baino gehiago pasa dira lehen alditik, eta baliteke gaur egun marrubizko tekila gehiago edatea Errioxako ardoa baino. Baina Maritxuk ez du lagunak mahai inguruan batzeko gaitasuna galdu, ezta urteko gaurik dotoreenaren izendapena ere.

Jendartea aldatu egin den bezala, gauza bera egin du Maritxu Kajoik urteen joan-etorriarekin. Izebaren edo osabaren jantzi zaharra erabiltzetik, Internet bidez astebete lehenago eskatutako jantzia estreinatzera; miraririk ez izatetik, urtero egitera; edo arratsaldean hasten zen jaia izatetik goizetik goizeraino luzatzen den festa izatera.

"Lehen, arratsaldeko jai bat zen; lanetik irten eta txikiteo orduan hasten zena. Poteoa, miraria eta afaria egitea zen hasieran ohikoena. Baina egia da gaur egun goizeko txikiteotik hasten dela jaia", azaldu du Maritxu Kajoi jaiaren sortzaileen artean dagoen Agustin Ibarluzea Txispas-ek. Baliteke, ordea, bazkariek indarra hartzearen errua hasierako antolatzaileena izatea, jende guztiak afaria egiten zuenean eurek bazkaria egiten zuten eta. "Goizean irteten ginen, auto eleganteekin, motorrekin, zaldi gurdiekin... Arratsaldean lan ugari egin behar izaten genuenez, bazkaria egiten genuen. Batzuetan, bazkaria eta afaria egiten genuen, baina mirariagatik edo bestelako zereginengatik, askotan, afaltzeko tarterik gabe geratzen ginen".


Komisiñuak, aurten, bi keinu
Urtero legez, jai handia badatorrela iragartzeko nobenaixua egin zuten Maritxu aurreko barikuan. Aurten, Besaide Mendizale Elkarteko kideek jaso dute Komisiñuaren aitortza irudikatzen duen inbutu preziatua. "Besaidek urte mordoxka daramatza herrigintzan isilpean lanean. Komisiñoko partaideok badakigu zelako lan nekeza den hori. Oso proiektu interesgarriak egin dituzte herriarentzako. Kurtzetxiki, adibidez: lehen, narra bakarrik zen, eta orain, herritar mordoa joaten da. Berdina Anporretarekin. Etxezarretako proiektua ere hor dago... Oso lan interesgarriak egin dituzte", azaldu du Komisiñoko kide Onintze Gorospek.

Baina, Komisiñoko kideek eskapularioa ere baliatu dute herrian aktibo dagoen beste kolektibo bati keinua egiteko. Izan ere, aurtengoak 1.080 zenbakia eta pentsiodunen argazkia izango ditu atzealdean. Herriko pentsiodunek atseginez hartu dute aitortza, Musakolako jaietan jaso zutenean bezalaxe.


'Photocall'-a
Aurten ere photocall-a jarriko du Goienak Herriko Plazan. Hain zuzen, 12:00etatik 14:30eara eta 17:00etatik 19:30era egongo da udaletxe aurrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak