100 jokalari inguru izango ditu aurten ARTk

Eneko Azurmendi 2018ko urr. 4a, 19:55

Arrasate Errugbi Taldeak pasa den eguenean aurkeztu zuen 2018-2019 denboraldian izango duen kirol egitura. "Aspaldiko partez", klubak ia-ia kategoria guztietan talde propioa izango du aurten –16 urtez azpikoena izango da salbuespen bakarra–. Kanpanzar ART-k, lehen jardunaldian galdu ostean, partidu garrantzitsua du, Gernikaren aurka. Mojategin izango da hori, 13:00etan.

"Gogotsu eta ilusioz" ekin dio Arrasate Errugbi Taldeak denboraldi berriari. Pasa den eguenean egin zuten aurkezpena, Seber Altube plazan.

Jokalari kopuruari dagokionez, "azken urteetako ekitaldirik onena" izango da aurtengoa Arrasate Errugbi Taldearentzat, "aspaldiko partez" klubak ia-ia kategoria guztietan talde propioa izango du eta –16 urtez azpikoena izango da salbuespen bakarra–.

Gainontzeko kategorietan, eta aurreko urteetan ez bezala, arrasatearrek ez dute beste klub batzuekin taldea partekatzeko beharrik izango. Hala, ia 100 jokalarik jantziko dute denboraldi honetan elastiko zuri-morea. Senior mailako taldeak Euskal Ligako Lehen Mailan lehiatuko du eta Igor Isasik 25 jokalari izango ditu; 18 urtez azpikoetan ere 25 jokalari izango dira; 16 urtez azpikoetan, lau jokalari besterik ez; infantil mailan, 20 jokalari eta Errugbi Eskolan 25 neska-mutiko: 12 urtez azpikoetan hamabost eta 10 urtez azpikoetan hamar.

 

"Azken denboraldia izango dut hau, buruak atsedena eskatzen dit"

Kanpanzar ARTko entrenatzaileak aitortu du "gutxienez urtebeteko" atsedena behar duela eta, ondorioz, bere azken denboraldia izango dela aurtengoa. Kirol arloan, lehen jardunaldian galdu ostean, partidu garrantzitsua dute domekan arrasatearrek, Gernikaren aurka. Mojategin izango da, 13:00etan.

Zein izango da taldearen helburua aurten?

Orain arte moduan, partiduz partidu joango gara, aurreko partiduetatik gauzak ikasi eta datorrenari aurre eginez. Gura duguna da lehiakorrak izan eta ahalik eta ondoen pasatu.

Mailari eutsi gurako diozue, ezta?

Hori da. Begiz jota ditugu talde batzuk, gutxi gorabehera, gure maila berekoak direnak, eta horien kontrako partiduak izango dira garrantzitsuenak. Ahal bada, irabazi, eta, bestela, puntuak lortu. Gernika aurkari horietako bat da. Guk gure lana ondo egiten badugu eta astean landutakoa zelaian erakusten badugu, aukera asko izango ditugu irabazteko.

Etxeko partiduak garrantzitsuak izango dira.

Bai, eta, gure kasuan, are garrantzitsuagoak, belar artifiziala daukagu eta. Puntu gehienak etxean lortzea izango da normalena.

Diferentzia handia dago belar naturaletik artifizialera?

Bai. Jokoa askoz ere geldoagoa da belar naturalean, eta, gure taldeak dituen ezaugarriak kontuan hartuta, joko azkarragoa hobeto datorkigu, jokalari arinagoak ditugulako.

Ordiziaren eskaintzari ezetz esan diozu uda honetan. Asko pentsatu behar izan duzu?

Bi aukerak mahai gainean jarri eta guztia hartu behar izan dut kontuan, baldintza ekonomikoak zein kirol arlokoak. Bestalde, orain arteko hamar urteetan oso gustura egon naiz Arrasaten, eta Eibartik ere Arrasate gertuago daukat Ordizia baino. Gainera, azken urtea izango da hau; beraz, ondo bukatu gura dut hemen.

Hamaikagarren urtea duzu hemen. Azkena, zergatik?

Buruak atseden pixka bat eskatzen dit. Errugbian jokatzen hasi nintzenetik, ez dut atsedenik hartu eta errugbiari denbora luzea eskaini diot. Beste gauza batzuei ere eskaini nahiko nieke denbora; beraz, urtebeteko atsedena hartuko dut eta gero ikusiko dut hau faltan igartzen dudan edo ez. Baina lehenik, ea mailari eusten diogun aurten. Datorren urtean, gainera, 18 urtez azpikoen taldetik igoko dira jokalariak eta jende gehiago egongo da taldean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak