Egungo egoera "guztiz berria" dela dio Udal gobernuak, eta horren harira, "konpromiso berriak" sortu direla nabarmendu du. Hona hemen adierazi duena:
"Orain, Udalak ematen duen zerbitzuaren langileak, Aurrerantz kooperatibakoak dira. Horrez gain, Aurrerantz Kooperatibak negoziaketarako duen borondatea berretsi du.
Lehiaketa publikorako pleguak elkarlanean jorratzeko aukera eskaini die Udal gobernuak etxez-etxeko zerbitzua eskaintzen duten langileei. Horretarako, gehienez hiru pertsonako talde bat osatuko dute langileek eta talde ordezkari hori izango da, ondoren, Udalarekin elkarlanean zerbitzuaren plegu berriak landuko dituena.
Langileek hala eskatuta, talde ordezkari hori langileen hiru sentsibilitate ezberdinek osatuko dute: ELAko ordezkari bat, LABeko beste bat eta independenteen langileetako bat. Helburua da akordio zabala lortzea, langile guztiak ordezkatuak sentitu daitezen.
Udal gobernuak etxez etxeko langileei mahai gainean jarri die kooperatiba bat sortzeko aukera. Horretarako, Enplegu Saileko erabateko laguntza eskaini die (aholkularitza zein laguntza ekonomikoa) eta horrez gain, bere konpromisoa azaldu die prozesu guztian zehar bidelagun izateko.
Arrasatek, mundu mailan kooperatibismoan erreferente izanik, eskarmentu handia du kooperatibak sortzeko garaian eta Udal gobernuak aukera paregabea ikusten du etxez etxeko laguntza kooperatiba baten bitartez eskaini ahal izateko.
Gainera, kooperatibaren bitartez ordu pribatu eta partikularren merkatuan lan egiteko aukera izango lukete langileek, ez bakarrik zerbitzu publikoan".