RIP taldearen ibilbidea, fanzinearen esentziarekin

Aitziber Aranburuzabala 2018ko ira. 28a, 16:03

Judith Uriach eta nando Alonso, Silencio Toxico fanzineko kideak eta 'larga vida a RIP' liburu-fanzinearen egileak. Argazkia: Silencio Toxico

Bihar, zapatua, Arrasateko gaztetxean 19:00etan aurkeztuko dute Katalunian sortu duten 'Larga vida a RiP' fanzine-liburua eta diskoa. Testigantzekin osatutako liburua da, eta taldearen 24 bertsio eta berreskuratutako hiru abesti biltzen ditu diskoak.

Urtean Silencio Toxico fanzinearen zenbaki bat argitaratzen dute, orain dela hamar urtetik hona, Judit Uriachek eta Nando Alonsok. RIP "euren talde gustukoenetako bat" delako, Arrasatekoei buruzko monografiko bat egitea pentsatu zuten orain dela bi urte. "Gertatu zirenek [Julen heriotza, haren omenezko kontzertu itzela...] eragin ziguten, eta aurretik Txerra ezagutzeak ere asko laguntzen zuen", dio Judit Uriachek, eta zera gaineratu du Nando Alonsok: "Taldeari buruzko ikus-entzunezkoak badaude, baina gutxi dago idatzizko formatuan. Txerrak ere hasieratik argi zuen fanzinea izan behar zela, garaiko esentzia mantendu behar zela. Hori zen asmoa, baina eskuetatik joan zaigu pixka bat eta 376 orri bete ditugu [Barre]".

50 testigantza inguru

Ez da musika liburu soil bat, taldearen ibilbidea narratzen badu ere, "garaian bizi zen egoera zuri-beltzarekin kontestualizatu" nahi izan dutela diote. Hasieran zailena lana antolatzea izan zela gaineratu dute: "Gazteagoak gara eta ez gara hor bizi... Bertigo itzela sentitzen genuen. Segituan, baina, jende asko batu zitzaigun, eta Txerra hasieratik izan da gurekin. Gehien gustatu zaigun gauzetako bat da lan kolektiboa izan dela. Guk hari bat josi dugu, baina eskura jasotako piezekin. Edozertarako ateak zabalik, interes itzela eta sekulako umiltasuna jaso dugu bidean aurkitu ditugun guztien partetik". Txerrak proposatu zizkien izen batzuetatik hasi ziren elkarrizketak egiten, eta geroago, horien bitartez beste batzuk ezagututa, 50 testigantza inguru batu dituzte: Jabi Destruye–hitzaurrea ere egin duena– Niko (MCD), Jou, Nekane, Kepa Altube Kopi, Mamen (Vulpes), Poti (Cicatriz en la Matriz), Claus (Vomito), Txus, Iker Barandiaran, Evaristo (La Polla), Okene (BAP), Dieguillo (Quemando Ruedas), Mikel (BAP), Txabi Abrego, Kaki Arkarazo, Sala Strummer, Igor (The Potes).... Testigantzez gainera, agerkarietako albisteak, elkarrizketak, diskografia eta Julen omenezko kontzertuaren kronika daude.

Berreskuratuta, kantuak ere bai

Fanzine-liburua, hasieratik, diskoarekin batera ikusi zutela diote: "RIPen bertsioak egiten dituzten horrenbeste talde daudenez, aproposa iruditu zitzaigun bilduma osatzea, eta 24 batu ditugu; horien artean daude: Arkada Social, Piztupunk, Never Surrender, Rat-Zinger, The Potes, Des-kontrol, Habeas Corpus, Dirty Brothers, Emboskada... Kopi-k azal polita egin dio". Bertsioez gainera, hiru kantu "bitxi" ere badaude: "Kasete batean grabatutako bi kantu dira, Txerrak Never Surrender & Lagunak taldearekin berreskuratu dituenak orain, batetik, eta Gasteizko gaztetxearendako grabatu zuten beste bat, bestetik".

Debagoienean ere, eskuragarri

2.000 ale atera dituzte, eta honako toki hauetan eros daiteke 12 eurotan fanzine-liburua eta diskoa: Arrasaten, Dat, Iluntz eta Osorik tabernetan; Aretxabaletan, Kixkorren; Eskoriatzan, Inkernun; Oñatin, Bogan; eta Bergaran, Pol-Pol tabernan.

 

Txerra Bolinaga: "Maitasunez egindako lana"

Orain dela urte batzuetatik ezagutzen genuen elkar; hortaz, RIP taldeari buruz  fanzinea egitea proposatu zidatenean, gustura hartu nuen euren asmoa, banekielako egiten zutena maitasunez egiten zutela, eta ez zutela inondik ere etekin ekonomikorik ateratzeko helbururik.

Sekulako lana egin dute, une oro joan dira kontatzen zer egiten ari ziren; gure artean harreman oso ona izan dugu, jatorrak dira oso. Asko gustatu zait emaitza, fanzinearen zirriborroa gustura irakurri nuen, eta deseatzen nago fanzinea eskuetan hartzeko eta, nola ez, harekin batera datorren diskoa entzuteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak