Arrasateko Sortuk oharra plazaratu du Gudari Egunaren atarian

Xabi Gorostidi 2018ko ira. 25a, 09:45

Ostegunean, urteroko manifestazioa egingo dute –Seber Altuben, 19:00etan–, eta bertara joateko argudioak biltzen dituen testu bat egin dute, Lauxetaren, Gabriel Arestiren, edo Telesforo Monzonen hitzak baliatuz, besteak beste. 

Hona hemen Arrasateko Sortuk egindako oharra, bere osotasunean:

"Hari batek zeharkatzen du gure historia. Konpromiso izeneko urrezko hari batek, askatasuna hitza josten duen urrezko hari batek. Eta konpromiso hori dela kausa, haize iraultzaileek bultzaturik, ehunka, milaka gizon-emakumek haien bizitza utzi zuten, tiranoengandik, zapaltzaileengandik, okupatzaileengandik gure aberria askatzeko saiakeran. Azken hamarkadetan, Txabi Etxebarrietarekin hasi eta Xabier Rey 'Antxo'-renganaino, murgilduta dabilen haria, baina erroak ere badituena Gernika suntsitu zuten bonben oihartzunean, Kalamuako mendian, Sabigainen, Intxortan. Baita kronika zaharragoetan ere. Lauaxeta gure poetak hauxe idatzi zuen, aurpegia estalitako faxistek exekutatu baino bi urte lehenago: "Mendi eze, ikurrin eder azke nai zattut axian. Amar gasteren lerdena makila luzez bidian! Mendi- bitxodor berdiok, arin or duaz kantari: "Dana emon bear yako maite dan askatasunari".
 
“Otsoen kontra”, deskribatu zuen Gabriel Arestik. Aturri ibaiaren hegoaldean, Ebro ibaiaren iparraldean, bada herri bat, Euskal Herria, zaharra eta zimela, gaztea eta aktiboa, emakumezkoen eskuek eta amen besoek jasoa, lur zati bati gogoz lotua, milaka urteko hizkuntzan abesten duena. Lauaxetaren bertso-lerroei eusten zieten haiekin zorretan dagoena. Beren existentziaren zarpailak utzi zituzten haiekin guztiekin, Laudion, Durangon, Iruñean, Hernanin, Baionan, Loiun, Hendaian, Auritzen eta beste hainbat lekutan. Lubakietan, errepideetan, gainezka diren eraikinetan. Gure arteko asko hartzen dituzten leku ezagunak, azken batean, lur-ildoak, arto-ernamuinak, etorkizuneko estrofak. Azken hatsa Herrera de la
Mancha, Togo, Busot, Algeria edo La Habana bezalako urrutiko lekuetan ere eman zuten gizonezkoak eta emakumezkoak.
 
Eta egun batean herri-minera, oroitzapen eternalera, dei egin zigutenek haien bizitzen irudiak sartu zituzten geure ilusiozko motxiletan, harik eta beteta utzi arte, zapaltzen gaituztenek inoiz ulertu ez duten materia ukiezin horrekin. Haien izenak bizitzaren DNAn itsatsirik gelditu zaizkigu: Txabi, Joxi, Maddi, Eustakio, Bakartxo, Andoni, Txiki, Belén, David y Mario, Popo, Anjel, Ruso, Jon, Blanca, Igor, Patxi, Argala, Santi, Maite, Mikel, Zigor, Arkaitz, Marisol, Txomin...
 
"Ez duzu etsi ta ez duzu etsi nahi", urteak dira Txikiak idatzi zuela. Eta Telesforo Monzonek “Lepoan hartu ta segi aurrera” harekin astindu gintuen. Hauxe, bada, gure patua, gure ondarea: hainbat belaunaldiren indarrak markatu zituzten ilusio horiek betearaztea; haiek utzi baitziguten memorian iltzatuta, bidean gelditu gabe, sasi zikinak garbitu zituzten ehunka, milaka aberkideren harrotasuna. Haiekin guztiekin zor infinitua dugu.
 
Maite zaituztegu! Gora gu eta gutarrak!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak